(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

15/2005 FORU AGINDUA

15/2005 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 10EKOA, INDUSTRIA ETA TEKNOLOGIA, MERKATARITZA ETA LAN KONTSEILARIAK EMANA, GUZTIENDAKO ETA GIZARTEARENDAKO INTERESA DUTEN OBRA ETA ZERBITZUAK EGITEKO LANGABEAK KONTRATATZEKO TOKI ENTITATEENDAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA.

(2005eko 33. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 18an)

Atarikoa

Estatuak Enplegu Institutu Nazionala kudeatzeko zituen eginkizun eta zerbitzuak maiatzaren 14ko 811/1999 Errege Dekretuaren bidez transferitu zitzaizkion Nafarroako Foru Komunitateari. Horrenbestez, Komunitateak beretu egin zituen. Transferitu ziren eginkizun eta zerbitzuen artetik ordu arte Enplegu Institutu Nazionalak guztiendako eta gizartearendako interesa duten obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeko toki entitateendako ematen zituen dirulaguntzak Nafarroan kudeatu eta kontrolatzea dago. Eginkizun eta zerbitzu horiek Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Nafarroako Enplegu Zerbitzua izeneko erakunde autonomoari esleitu zitzaizkion urriaren 4ko 501/1999 Foru Dekretuaren bidez.

1998ko urriaren 26ko Aginduaren bidez Enplegu Institutu Nazionalak guztiendako eta gizartearendako interesa duten obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeko toki entitateendako dirulaguntzak emateko arauak ezarri ziren. Agindu horretako bigarren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, enplegu publikorako programa kudeatzeko zerbitzuak beretu dituzten autonomia erkidegoek arau hori egokitzen ahalko dute beren antolaketaren ondoriozko berezitasunetara.

Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak, 1998ko abenduaren 17ko Foru Aginduaren bidez, dirulaguntza horiek arautu zituen Nafarroako Foru Komunitatean. Foru agindu hori transferentzia baino lehen eman zen, baina indarrean dago, ez baita indargabetu. Haren testuan, zaharturik gelditu diren kontu batzuk ageri dira. Horregatik indargabetzea komeni da. Bestaldetik, beharrezkoa da testu arau-emaile bakar bat edukitzea, arau hartako edukia gure antolaketaren ondoriozko berezitasunetara egokitzen duena, Ministroak 1998ko urriaren 26an eman Aginduko bigarren xedapen gehigarrian aipatzen den ahalmenaz baliaturik. Beste foru agindu bat prestatu eta argitaratu beharra dago, dirulaguntza horiek arautu eta gaur egun indarra duen foru agindua indargabetzen duena.

2005-2007erako Nafarroako Enplegurako Planak enplegurako politikarekiko konpromiso zehatzak biltzen ditu, lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten zenbait talderendako bideraturik daudenak. Planean aipatzen den beste jarraibide bat enplegu-sorgune berrien jarduera indartu eta garatu beharra da.

Kohesio sozialerako ekintzetan, plana, "Gizartearendako interesa duten obrak kontratatzeko dirulaguntzak" izeneko atalean, 9.466.200 euroz hornitu da, hots, planak diraueino hiru urteetariko bakoitzean 3.155.400 euroz. Halaber, 2005erako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuetarako proiektuak kontusaila du, "Gizartearendako interesa duten obrak kontratatzeko dirulaguntzak" izenekoa, 3.155.400 euroz hornitua, arau honetan aplikatzekoa.

Hona hemen enplegu publikorako programa aldatzeko arrazoi batzuk: asetzeke dauden behar berriak dituzten tokian tokiko sektoreen jarduera sustatzeko apostua, enplegurako politikaz planeko jarraibideetan aipatzen diren langabe taldeei laguntzeko konpromisoa eta bereziki guztiendako eta gizartearendako interesa duten obra edo zerbitzuak egiteko toki entitateek kontrataturiko langabeen lan gaitasuna hobetzeko programa kudeatzeko zenbait kontu aldatu beharra.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak xedatzen duenez, beharrezkoa da dirulaguntzak arautzea, horretarako arauak emanez.

Horrenbestez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kontseiluak aldez aurretik adostasun txostena emanik, indarra duen legeriak ematen didan ahalmenaz baliaturik, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Arau honen xedea da guztiendako eta gizartearendako interesa duten obrak, toki entitateek edo toki administrazio baten menpeko edo haiei loturiko entitateek eginak, burutzeko langabeak kontratatzeko lan kostuak finantzatzeko baldintza eta betebeharrak arautzea, aurrekontuetatik horretarako hartzen den diruaren arabera.

2. artikulua. Onuradunak.

1. artikuluan aipatzen diren entitateek hartzen ahalko dituzte dirulaguntzak, guztiendako eta gizartearendako interesa duten obra edo zerbitzuak egiteko langabeak kontratatuz gero, kasuan kasuko proiektua aurrera eramateko behar den gaitasun teknikoa eta kudeaketarakoa badute.

3. artikulua. Dirulaguntzen xedea eta zenbatekoa.

1. Ematen diren dirulaguntzak arau honetan aipatzen diren langileen sariak finantzatzeko erabiliko dira, guztiendako eta gizartearendako interesa duten obra eta zerbitzuak egiteko kontratatzen badira.

2. Entitate eskatzaileek hartu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kontratatzen diren langabeen lansari guztien % 80 gehienez finantzatzeko behar dena izanen da, enpresek Gizarte Segurantzari kotizatu beharrekoa barne, indarra duen hitzarmen kolektiboaren arabera.

Obra bukatzeagatik eman beharreko ordaina ez da finantzatzekoa.

4. artikulua. Obrak eta zerbitzuak aukeratzeko betebehar eta irizpideak.

1. Entitate eskatzaileek egin beharreko obra eta zerbitzuek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Guztiendako eta gizartearendako interesa duten obra eta zerbitzuak izatea eta toki entitateen eskumenak izatea.

b) Entitate eskatzaileek zuzeneko administrazioaren bidez edo esleipena hartzen duten enpresen bidez egitea.

c) Obrak edo zerbitzuak egitean langabeen lanbiderako prestakuntza eta praktika sustatzea.

d) Obra edo zerbitzua egiteko langabeak 100eko 75a izatea.

e) Obrek eta zerbitzuek gutxienez hilabete irautea eta osorik dirulaguntza ematen deneko urte naturalaren barruan egitea. Azaroaren 30a izanen da obrak burutzeko mugaeguna.

f) Dirulaguntza eskatzen duen entitateak behar adina diru izatea kasuan kasuko obra edo zerbitzua egiteko finantzatzen ez diren kostuak bere gain hartzeko. Hori entitatearen ziurtagiri baten bidez frogatuko da.

g) Obrak edo zerbitzuak urte-sasoiko enplegu zikloak dituzten eskualde edo herrietan eginez gero, gehienbat kontratu gutxi izenpetzen direneko sasoietan egitea.

2. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko obra eta zerbitzuen artetik hauek lehenetsiko dira:

a) Guztiendako eta gizartearendako interes handiena dutenak, gehienbat jarduera hauetan egiten badira: taldeendako zerbitzuetan, hala nola, etxebizitzak hobetzen, zaintza eta segurtasunean, hirietako eremu publikoak birbaloratzen, talde-garraioetan, merkataritza hurbilean, hondakinen eta uraren kudeaketa ukitzen duten jardueretan, naturguneak babestu eta zaintzen eta zuzenean edo zeharka energia kontrolatzeko eragina duten horietan.

Aisialdiko eta kulturako zerbitzuak, hala nola, turismoaren sustapena, herrietako kultur garapena, kirolaren sustapena eta ikus-entzunezkoen sektorea.

Egunerako banakako zerbitzuak, hala nola, haurtzaintza, ezgaitu eta zaharrendako etxez etxeko zerbitzuak, zailtasunak dituzten eta gizarteak bazterturik dauzkan gazteendako laguntza.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kontseilariak ekitaldi ekonomiko bakoitzean, lan merkatuaren bilakaeraren, enplegu-tasen, langabezi-tasen eta honen ezaugarrien arabera, toki entitateei gomendatzen ahalko dizkie guztiendako edo gizartearendako interes berezia duten obra edo zerbitzuak, gero haiei dirulaguntzak eman ahal izateko.

b) Lanpostu gehien sortzen dituzten proiektuak eta lanpostu gehienen iraupenari bide ematen diotenak.

c) Lanera erakartzeko gaitasunik handiena frogatzen dutenak, proiektua bukatzean langileak entitate eskatzailean edo esleipena hartu duen enpresan sartuz edo lan munduan sartzeko beste edozein aurreikuspen formularen bidez, formula hori neurtzen ahal bada eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak askiesten badu.

d) Programaren eraginkortasuna hobetzen duten ekintza osagarriak egiteko entitate eskatzaileen finantzaketa duten proiektuak. Horretarako, kasu bakoitzean ahalegin inbestitzailea hartuko da kontuan.

3. 1. idatz-zatiko betebeharrak betetzen dituzten eta artikulu honetako 2. idatz-zatian xedaturikoaren arabera lehentasunezkotzat jotzen diren obra eta zerbitzuen artetik, eskuarki, obra edo zerbitzu bat aukeratuko da toki entitate eskatzaile bakoitzeko. Aukeratzen diren obra edo zerbitzuak gehitzen ahalko dira, toki entitateko bizilagunen, enplegu-tasen, langabezi-tasen eta honen ezaugarrien arabera, horretarako aurrekontuetan dagoen dirua agortu arte.

5. artikulua. Langileak hautatzeko betebehar eta irizpideak.

1. Obrak eta zerbitzuak egiteko kontratatzen diren langileek, dirulaguntzaren xede direnek, izena eman beharko dute lan eskatzaile gisa lan bulegoan.

2. Kontratatu beharreko langileak irizpide hauek kontuan hartuz hautatuko dira:

a) Eskainiriko lanpostura hobekien egokitzea.

b) Lan eskatzailea lan merkatutik baztertua egotea edo baztertua egoteko arriskuan egotea.

c) Litezkeen onuradunek langabeziagatik duten babes mota.

d) Familiarekiko erantzukizunak izatea, alegia, kontratatu nahi den langabearen kontu ezkontidea, hogeita sei urtetik beheitiko seme-alabak, ezgaitasunak dituzten adindunak edo etxean harturiko adingabeak bizitzea.

e) Adina eta emakumea izatea.

f) Luzaz langabezian egon izana.

6. artikulua. Prozeduraren hasiera.

Foru agindu honetan ezartzen diren dirulaguntzak hartu nahi dituzten entitate eskatzaileek halaxe eskatuko dute Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, agiri hauek aurkezturik:

a) Obra edo zerbitzuko memoria, proiektua eta planoak barne, obrak behar dituenean.

Memoriak alderdi hauek behintzat bildu beharko ditu:

-Kasuan kasuko obra edo zerbitzuaren izen zehatza.

-Obra edo zerbitzua egiteko zenbat langile behar diren guztira.

-Langabezitik zenbat langile hartuko diren eta haien zerrenda eta obra edo zerbitzua egiteko langile guztien ehunekoa.

-Obra edo zerbitzuaren kostu osoa, aurrekontuaren arabera.

-Lan eskuaren kostu osoa, aurrekontuaren arabera.

-Langabeen lan eskuaren kostu osoa, aurrekontuaren arabera.

-Obra edo zerbitzua hasi eta bukatzeko datak.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen zaion dirulaguntza.

-Obra edo zerbitzua egitean zenbat lanpostu iraunkor sortuko diren eta horren frogak.

-Langileen lanbiderako prestakuntza eta praktika noraino sustatzen den.

-Kontratu motak eta mota bakoitzaren arabera kontrataturiko langileak.

b) Entitate eskatzaileko organo eskudunaren ziurtagiria, dirulaguntzaren xede den obra edo zerbitzurako proiektua egiazki onetsi duela frogatzen duena.

c) Kasuan kasuko toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, dirulaguntzen xede ez den zatia finantzatzeko kreditua duela adierazten duena.

d) Entitate eskatzaileak lan eskurako bestelako dirulaguntzarik hartzen badu, ondoriozko zenbatekoak ezin gaindituko du, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntzarekin batera, kontratuaren kostu osoa, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak beteak dituela ziurtatzen duen agiria.

f) Debekaturiko egoera batean ere ez dagoela dioen adierazpena.

7. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

Toki entitateek Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskatuko dute dirulaguntza, agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabeteko epean. 2006. urtean eta hurrengo urteetan eskabideak urtean urteko urtarrilean aurkeztuko dira. Eskabideak zerbitzu horretan banatuko diren inprimaki ofizialetan aurkeztuko dira.

Arautegi hau noiz argitaratzen den kontuan hartu gabe, 2005ean egin nahi diren obra edo zerbitzuek hartzen ahalko dituzte bertan aipatzen diren dirulaguntzak, guztiendako edo gizartearendako interesik badute eta haien eskabidea urte horretako urtarrilaren 1az geroztik sartu bada Nafarroako Enplegu Zerbitzuan.

8. artikulua. Ebazpena eta ordainketa.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko Zerbitzuaren txostena ikusirik, bidezko den ebazpena emanen du, eskabideak aurkeztu bukatu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatuz gero, ulertuko da dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela.

2. Ebazpen administratiboak gutxienez ere kontu hauek bilduko ditu:

-Onetsiriko obra edo zerbitzuen zerrenda.

-Orotariko proiektuaren izena.

-Egiteko epea.

-Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

-Langileen kategoria, kontratatu nahi diren langileen talde edo maila eta erabili asmo den kontratu mota.

3. Laguntza honela pagatuko da:

-100eko 50 obra edo zerbitzua hasia dela frogatu ondoren eta kontrataturiko langileen zerrenda eta haien ezaugarriak aurkeztu ondoren. Horiekin batera, orotariko enplegu eskaintzari eta Gizarte Segurantzako kidetzeei buruzko agiriak eta lan kontratuen kopiak aurkeztuko dira.

-100eko 25, hasierako 100eko 50eko gastuak frogatu ondoren.

-100eko beste 25, obra edo zerbitzua bukatu dela frogatu ondoren. Horretarako azken ordainketako ziurtagiriaren eta obraren bukaerako txostenaren inprimaki ofizialak bete beharko dira. Horiekin batera, txosten horretan eskatzen diren agiriak ere aurkeztuko dira.

3 hilabete baino gutxiago dirauten obra edo zerbitzuetan, bakarrik bi ordainketa eginen dira: hasierako 100eko 50 artikulu honetako lehen ataleko 3. puntuan aipatzen diren betebeharrak bete ondoren eta 100eko beste 50, obra edo zerbitzua bukatu dela aurreko lerroaldean xedaturikoaren arabera frogatu ondoren.

Laguntza hartzen duen entitateak Nafarroako Zerga Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak pagatuak izatea izanen da dirulaguntzak pagatzeko baldintza. Zenbatekoa antzinatasunaren arabera bidezko diren zorrak kitatzeko erabiltzen ahalko da. Hori eskatzen ahal zireneko egunaren arabera zehaztuko da.

9. artikulua. Langileen kontratazioa.

1. Entitate onuradunek edo bestela esleipena hartu duten enpresek kasuan kasuko lan bulegoan eskatuko dituzte behar dituzten langileak, obra edo zerbitzua hasi baino gutxienez hamabost egun lehenago.

2. Entitate onuradunek edo bestela esleipena hartu duten enpresek gehienbat kontratu eta langile gehien hartzeko bide ematen duten kontratu motak erabiliz kontratatuko dituzte langileak, baldin eta kontratu mota horiek proiektua ezindu edo zailtzen ez badute.

3. Kontrataturiko langileren batek obra edo zerbitzua bukatu aitzin enpresa utziz gero, antzeko ezaugarriak dituen beste langile batekin ordeztuko da, kasuan kasuko lan bulegoan eskatu ondoren.

10. artikulua. Obra edo zerbitzuen hasiera.

Lan arloko agintari eskudunak egiaztaturiko ezinbesteko kasuetan edo behar bezala justifikaturiko kasuetan izan ezik, obra edo zerbitzua hogeita hamar egun naturaleko epean hasi beharko da, dirulaguntzaren eskabidean aurreikusiriko hasiera egunetik hasita. Entitate eskatzaileak horretarako luzaturiko ziurtagiriaren bidez frogatuko da obra edo zerbitzua hasia dela. Epe horiek bukaturik, obra edo zerbitzua hasi bada edo ezinbesteko kasua edo behar bezala justifikaturiko kasua gertatzeagatik ezin izan bada hasi, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kudeatzaileak ebazpen bat ematen ahalko du, aurrekoa indargabetzeko. Ezinbesteko kasuetan edo behar bezala justifikaturiko kasuetan, obra edo zerbitzua berandu hasiz gero, obrak egiteko epe berriek ezin gaindituko dute agindu honetako 4. artikuluko 1. puntuko e) letran adierazten dena.

11. artikulua. Transferentzia eta funtsen justifikazioa.

1. Obra edo zerbitzua hasirik, entitate eskatzaileak hura hasia dela frogatzen duen ziurtagiria Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kudeatzailean.

2. Aurreko agiriak harturik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kudeatzaileak kasuan kasuko dirua transferituko dio entitateari, 8. artikuluko 3. idatz-zatian aipatzen diren ehunekoekin bat. Toki entitateek ordainketaren ziurtagiria igorriko dute Nafarroako Enplegu Zerbitzura, lan eskuari dagokion zenbatekoa espresuki adieraziz, horixe baita dirulaguntzaren xedea.

3. Entitate onuradunak, obra edo zerbitzua bukatzen denetik hilabeteko epean, obra edo zerbitzua bukatu dela frogatzen duen agiria aurkeztuko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eta, hala bada, erabili ez den dirua itzuliko du.

12. artikulua. Jarraipena eta kontrola.

1. Entitate onuradunek Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharreko egiaztapenak, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-Hartzailetzaren egiaztapen finantzarioa eta Kontuen Ganberari buruzko legeetan aipatzen direnak onartu beharko dituzte.

2. Agindu honetan xedaturikoa bete ezik, harturiko dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, korrituak barne, ez-betetzearen nolakoa eta zergatikoak aztertu ondoren, aplikatzekoa den arautegian xedaturikoarekin bat.

Betiere, harturiko dirulaguntza beste helburu batzuetan erabiliz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du dirulaguntza osorik itzul dakion.

13. artikulua. Programaren ebaluazioa.

Aurrekontualdia bukatu ondoren, entitate onuradunak, hilabeteko epean, eginiko obra eta zerbitzuei, izenpeturiko kontratuei eta langileek lanbidean lorturiko praktikari buruz txosten zehatz bat emanen dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari.

Halaber, entitate onuraduna behartua dago behar diren argibideak ematera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zehazten duen moduan, bidezko den ebaluazioa egin ahal izateko.

14. artikulua. Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetan arautzen diren laguntza edo dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo beste administrazio publiko batzuen edo Espainiako edo atzerriko beste entitate publiko edo pribatu batzuen dirulaguntza edo laguntzekin metaturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Lehen Xedapen Gehigarria. Kontratuak.

Arau honen babesean egiten diren lan kontratuak "Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntza, guztiendako eta gizartearendako interesa duten obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik" argigarriarekin erregistratuko dira.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Zuzenbide osagarria.

Espresuki foru agindu honetan arauturik ez dagoen orotan, 1999ko urriaren 26ko Aginduan xedaturikoa aplikatuko da haren ordez. Agindu horren bidez Enplegu Institutu Nazionalak guztiendako eta gizartearendako interesa duten obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeko toki entitateekiko elkarlanaren arabera dirulaguntzak emateko arauak ezarri ziren. Horrez gain, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta, hala bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea eta ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea ere erabiliko dira.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Aurrekontuetako dirua.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dirulaguntzak eman ditzan, ezinbesteko baldintza da ekitaldi bakoitzeko aurrekontuetan dirua egotea, "Gizartearendako interesa duten obrak kontratatzeko dirulaguntzak" izeneko kontusailean, hain zuzen ere.

Xedapen Iragankor Bakarra. Izapidatzen ari diren espedienteak.

Xedapen indargabetzailean ezarririkoa deusetan galarazi gabe, 1989ko azaroaren 17ko Foru Aginduan xedaturikoaren babesean egiten diren obra eta zerbitzuak haren arabera arautuko dira, espedientearen azken ebazpena arte. Foru agindu horren bidez, guztiendako eta gizartearendako obra edo zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeko toki entitateendako dirulaguntzak arautu ziren.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak 1998ko abenduaren 17an eman eta abenduaren 25eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko Foru Agindua indarrik gabe gelditzen da. Horren bidez, guztiendako eta gizartearendako interesa duten obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeko toki entitateendako dirulaguntzak arautu ziren.

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa