(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Etxebizitza :
    • 129/2005 Foru Dekretua, urriaren 17koa, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko saio laborategien kreditazioa arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

129/2005 Foru Dekretua, urriaren 17koa, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko saio laborategien kreditazioa arautzen duena

 

(2005eko 133. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 7an)

Atarikoa

Eraikuntzaren Antolaketari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeak oro har eraikuntza prozesua arautzen du, baita bertan diharduten eragileak ere.

Lege horrek arautzen dituen eragileen artean, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko laborategiak daude. Horiei legeak ezartzen die kontratatzen diren xede diren lanak egiteko behar diren baliabide eta langileak dauzkatela frogatu beharra, arlo horretan eskumena duten autonomia erkidegoek ematen duten ziurtagiri ofizialaren bidez, hala bada.

Ekainaren 21eko 157/1990 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateak, Nafarroako Foru Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 44. artikuluko 1. idatz-zatiak ematen dion erabateko eskumenaren arabera, egoitza bere lurraldean duten laborategiak kreditatzeko baldintzak arautu zituen. Horretarako, urriaren 13ko 1230/1989 Errege Dekretua eta hori garatzeko aginduak ibili zituen abiapuntutako. Errege dekretu horren bidez, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko saio laborategiak kreditatzeko orotariko xedapenak onetsi ziren.

Ekainaren 21eko 157/1990 Foru Dekretua argitaratu zenez geroztik, eraikuntzari buruzko oinarrizko arautegian aldaketa batzuk gertatu dira, kreditazio arloetako saioei buruzko arau guztiak ukitzen dituztenak. Hori dela eta, arau horiek gaurkotu behar izan dira. Hori horrela, abuztuaren 2ko FOM/2060/2002 Aginduaren bidez eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko saio laborategiak kreditatzeko arloei buruzko xedapenak onetsi ziren. Agindu horrek errotik aldatzen ditu kreditazio arloen egitura eta arlo bakoitzari dagozkion betebeharrak. Izan ere, kreditaturiko laborategiei, besteak beste, Europako UNE EN ISO/IEC 17025 arauan aipatzen diren betebeharrak betetzen dituen kalitate sistema ezartzen die.

Beraz, kreditatzeko prozedura aldatu eta abuztuaren 2ko FOM/2060/2002 Agindura eta autonomia erkidegoen arteko harmonizazio irizpideetara egokitu behar da. Irizpide horiek Eraikuntzaren Kalitaterako Batzorde Teknikoak ezarri zituen. Beraz, laborategiei eskatuko zaie Europako UNE EN ISO/IEC 17025 Arauarekin bat datorren kalitate sistema ezar dezatela, behar bezala kreditaturiko kanpoko entitate batek auditaturik.

Hori horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin eta Nafarroako Gobernuak 2005eko urriaren 17an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta esparrua.

Foru dekretu honen xedea eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko saio laborategien kreditazioa arautzea da, Nafarroako Foru Komunitatean dihardutenean.

2. artikulua. Eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko saio laborategi kreditatuak.

Eraikuntzaren Antolaketari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeko 14. artikuluan zehazten direnak dira eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko saio laborategiak, foru dekretu honekin bat behar den kreditazioa lortu badute.

II. KAPITULUA. Kreditazioa

3. artikulua. Kreditazioaren ezaugarriak.

1. Kreditazioaren bidez laborategi bati aitortzen zaio arlo bateko edo batzuetako saioak egiteko eta lortzen diren emaitzak adierazten dituzten agiriak plazaratzeko gaitasun teknikoa. Aitorpen hori ezin da zabaldu kreditaturik ez dauden arloetako jarduketetara ez eta saio horien emaitzetara ere.

2. Kreditazioa ez da behin ere saio horien emaitzen ondoriozko irizpen, txosten edo interpretazioetara zabalduko ez eta antzeko esparrua edo edukia duen agiri bakar batera ere.

4. artikulua. Kreditazioaren balioaldia.

1. Saio laborategien kreditazioak bost urterako balioko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatu bezain laster kreditazioak balio guztia galduko du, espresuki adierazpenik eman gabe.

2. Aurreko lerroaldean xedaturikoa galarazi gabe, kreditazioa bertan behera uztean ere bukatuko da balioaldia.

5. artikulua. Kreditazioaren orotariko baldintzak.

1. Edozein pertsona fisiko edo juridiko izan daiteke eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko laborategi kreditatu baten titularra.

2. Arlo tekniko baten barruan kreditaturiko laborategi orok betebehar hauek bete beharko ditu:

a) Legez osatua egotea.

b) Kreditazioaren xede den arlo teknikoan ezarririko saioak modu egokian egiteko behar den gaitasuna izatea.

c) Europako UNE EN ISO/IEC 17025 arauan adierazten diren betebeharrak betetzen dituen kalitate sistema bat edukitzea.

d) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari kreditazioa eskuratzeko baldintzaren baten aldaketak jakinaraztea.

e) Saioen eskatzaileekiko eta obran diharduten eragileekiko independentziari eustea, egiten duten jardueraren iritzi independentzia eta zintzotasuna ezin ezbaian jar dadin. Hori eskatzailearen zinpeko adierazpenaren bidez frogatuko da.

f) Saioen emaitzen isilpekotasuna gordetzea.

g) Erantzukizun zibileko aseguru bat edukitzea. Haren zenbatekoa gutxienez ere kreditazioaren xede diren arloetarako ezarririko gutxienekoa izanen da.

h) Xedapen erkideetan eta kreditazioaren arlo teknikoaren berariazko arauetan ezartzen diren beste baldintzak.

6. artikulua. Kreditazioaren baldintza teknikoak.

Arlo tekniko batean kreditaturiko laborategiak ondoren aipatzen diren baldintza teknikoak bete beharko ditu:

a) Behar adina langile edukitzea eta langile horiek aski den maila eta dedikazioa izatea.

b) Kreditazioaren xede diren saio guztietarako modu egokian egin ahal izateko behar diren makina, tresna eta dotazioak edukitzea, baita laginak hartu, garraiatu eta biltzeko ere.

c) Saioen eta saio metodoen arau teknikoak eta arlo teknikoko saioei buruzko gainerako agiriak gaurkoturik edukitzea.

d) Laborategiko makina eta tresnak kalibratzeko programa egitea, beharrezkoa bada.

e) Kontraste saioen programa egitea.

f) Xedapen erkideetan eta kreditazioaren arlo teknikoaren berariazko arauetan ezartzen diren beste baldintzak.

7. artikulua. Kreditazio liburua.

Laborategi guztietan kreditazio liburu bat egonen da, beti gaurkoturik egonen dena. Liburu horretan argibide eta agiri hauek bilduko dira:

a) Laborategiaren identifikazio datuak eta kreditazioaren xede den arlo teknikoa, onarpen egunak barne.

b) Laborategiko zuzendaritza langileen, teknikarien eta langile hutsen datuak, haien kualifikazioa, eginkizunak, lan harremana eta dedikazioa adierazirik, laborategiaren antolamenduaren barruan.

c) Erantzukizun zibileko aseguruaren egiaztagiria.

d) Makinen eta tresnen fitxak, arlo tekniko bakoitzeko xedapenekin bat.

e) Ikuskapen aktak.

f) Kontraste saioen emaitzak.

g) Kreditazio arlo tekniko bakoitzerako xedapenetan aipatzen den beste edozein argibide edo agiri.

III. KAPITULUA. Saioak

8. artikulua. Saioen emaitzen plazaratzea.

1. Laborategi kreditatuek agirietan plazaratuko dituzte saioen emaitzak, non argibide hauek adierazi beharko baitira:

a) Laborategiaren identifikazio datuak: izena, helbidea, kreditazio arlo teknikoa eta onarpen eguna.

b) Eskatzailearen identifikazio datuak: izena eta helbidea.

c) Eskaeraren azalpena: laginen identifikazioa eta jatorria eta egin beharreko saioak.

d) Saioaren azalpena: arau aplikatuaren aipamena eta burutze prozesuaren oharrak, halakorik bada.

e) Saioen emaitzak.

f) Data eta saioen arduradunaren eta laborategiko zuzendariaren izenpea.

2. Saioen emaitzen ondoriozko irizpen edo txostenak ez dira agiri horretan sartuko.

3. Agiriko orrialde guztiak zenbakituak izanen dira eta guztietan adieraziko da zenbat diren guztira.

9. artikulua. Saioen erregistroa eta artxiboa.

1. Laborategi kreditatu orok saioak erregistratzeko liburu bat edukiko du. Horretan, egiten den saio bakoitzerako gutxienez ere datu hauek agertuko dira: erreferentzia zenbakia, eskatzailearen datuak, eskatu zeneko eguna eta emaitzak aurkeztu zirenekoa, saioaren xede den lagina eta saio mota.

2. Laborategiek gutxienez ere hamabost urtez gordeko dituzte saio bakoitzerako agiriak.

10. artikulua. Oinarrizko saioak eta osagarriak.

Edozein arlo teknikotan kreditatuak izateko, laborategiek nahitaez frogatu beharko dute kasuan kasuko xedapenetan aipatzen diren oinarrizko saioak egiteko gaitasuna dutela, baita kreditazioan sartzeko laborategiak espresuki eskatzen dituen saio osagarriak egiteko ere.

IV. KAPITULUA. Kreditazioaren prozedura

11. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko organo kreditatzailea.

1. Nafarroako Foru Komunitatean eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko saio laborategiak kreditatzen dituen organoa Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua izanen da. Harixe dagokio kreditazioak izapidatu, onartu, bertan behera utzi edo berritzea. Horretarako, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Kalitatearen Kontrolerako Laborategiaren laguntza teknikoa izanen du.

2. Halaber, organo kreditatzaileari dagokio Nafarroan kreditaturiko laborategiak Etxebizitza Ministerioaren menpeko Saio Kreditatuen Laborategien Erregistro Nagusian inskribatzeko izapideak egitea.

12. artikulua. Kreditazioaren eskaera.

1. Kreditazioaren eskaera, titularrak edo haren legezko ordezkari baimendunak izenpetua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusira igorriko da.

2. Eskabidean honako datu hauek agertuko dira: kreditazioaren xede diren arloak, sartu nahi diren saio osagarriak, halakorik bada, eta eskaturiko arloetako orotariko eta berariazko xedapenen ondoriozko baldintza orokor eta teknikoak eta eginbeharrak betetzeko konpromisoa.

3. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Identifikazio datuak: eraketa eskritura eta, kasuan-kasuan, sozietatearen estatuak edo banakako enpresaburuaren titulartasuna frogatzen duten agiriak.

b) Laborategiaren jardueraren legezko egoera frogatzen duten agiriak.

c) Planoa, udalerria eta sarbideak adieraziz.

d) Lokaletako planoa eta eskaturiko baldintzak betetzen direla frogatzea, hala bada.

e) Zuzendaritza langileen, teknikarien eta langile hutsen datuak, haien lanbide kualifikazioa, eginkizunak, lan harremana eta dedikazioa.

f) Makina eta tresnen datuak, haien ezaugarriak adierazirik.

g) Erantzukizun zibileko aseguruaren egiaztagiria: poliza hartua edo aseguru proposamena. Azken kasu horretan, egiaztatzaileak poliza bat onartu baino lehen aurkeztu beharko du, kreditazioa izapidatzen deino indarrean egonen dena.

h) Foru dekretu honetako 5. artikuluko 2. idatz-zatian, 6. artikuluan eta 18. artikuluan ezarririko baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak.

13. artikulua. Kreditazioaren izapidaketa.

1. Kreditazioaren eskaera harturik eta aurkezturiko agiriak egoki direla egiaztaturik, laborategiak kreditatua izateko baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen bisita guztiak egiten ahalko ditu organo kreditatzaileak.

2. Ikuspena egiten den bitartean eskatzen ahalko da kontraste saioak egin daitezela, organo kreditatzaileak aukeratzen duen laborategi batekin. Saio horietara organo kreditatzaileak aukeraturiko teknikariak joaten ahalko dira.

3. Ikuspen horren aktaren bi ale eginen dira, laborategiaren eta organo kreditatzailearen ordezkariek izenpetuko dituztenak. Aleetariko bat kreditazio liburuan artxibatuko da eta bestea organo kreditatzailearen esku geldituko da.

14. artikulua. Kreditazioaren onarpena.

Organo kreditatzaileak, sei hilabeteko epean, laborategiak legez ezarriak dauden baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, kreditazioa onartuko du. Onarpena interesatuari jakinaraziko zaio eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Etxebizitza Ministerioko Arkitekturaren eta Etxebizitzarako Politikaren Zuzendaritza Nagusiari ere jakinaraziko zaio, Saio Laborategi Kreditatuen Erregistro Nagusian inskriba dezan.

15. artikulua. Kreditazioa onartzeko baldintzen jarraipena.

1. Kreditazioa indarrean dagoeino, kreditazioa onartzeko baldintzek bere horretan dirautela egiaztatzeko behar adina aldiz ikuskatzen ahalko du saio laborategi kreditatua organo kreditatzaileak. Horretarako, ikuskatzaileei kalitate eskuliburua eta laguntza teknikoen eta saioen erregistro guztiak eskuratzeko erraztasunak emanen zaizkie.

2. Laborategi kreditatua behartua dago organo kreditatzaileari kreditazioa onartzeko hasierako baldintzen edozein aldaketa jakinaraztera, hilabeteko epean.

3. Kreditazioaren balioaldian, laborategi kreditatuak parte hartuko du organo kreditatzaileak komenigarritzat jotzen dituen kontraste saioetan.

4. Kreditazioa onartu edo berritzen denetik bi urte pasatzean, hurrengo sei hilabeteko epean, laborategiak organo kreditatzailearen aurrean auditoretza teknikoaren eta kalitate auditoretzaren emaitza aurkeztuko da, azken urtean egina, foru dekretu honetako 18. artikuluan ezarririko baldintzetan.

5. Organo kreditatzailearen auditoretza edo ikuskapenaren ondorioz, laborategiak kreditazio baldintzak betetzen ez dituela ikus badadi, neurri hauek hartzen ahalko dira:

a) Laborategiari atzematen diren akatsak zuzen ditzala eskatzea, posible bada eta kreditatzeko baldintzak sobera ukitzen ez badira. Horretarako epe bat emanen da. Atzematen diren akatsak epe barruan zuzendu ezik, kreditazioa bertan behera uzteko prozesua irekitzen ahalko da. Kasu horretan, organo kreditatzaileak akatsen larritasuna, kopurua eta denbora baloratu beharko ditu.

b) Atzematen diren akatsek saioetan erabiliriko makinak ukitzen badituzte, erabakitzen ahalko da makinak prezintatzea eta saio batzuk bertan behera uztea, akatsak zuzentzen diren bitartean.

Aurreko idatz-zatietan xedaturikoa deusetan galarazi gabe, organo kreditatzaileak Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legearen ondoriozko ekintzak egiten ahalko ditu.

16. artikulua. Kreditazioaren berritzea.

1. Laborategiak kreditazioaren indarraldia berritu nahi duenean, gutxienez ere bukatu baino sei hilabete lehenago eskatu beharko dio organo kreditatzaileari.

2. Berritzea onartu edo ukatzeko organo kreditatzaileak burutzen dituen egintzak interesatuari jakinaraziko zaizkio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira eta Saio Laborategi Kreditatuen Erregistro Orokorrera igorriko dira, behar diren ondorioak sor ditzaten.

17. artikulua. Kreditazioa bertan behera.

1. Kalitatea kontrolatzeko saio laborategi baten kreditazioa kasu hauetan uzten ahalko da bertan behera:

a) Laborategiak berak eskatzeagatik.

b) Kreditatua izateko baldintzaren bat ez betetzeagatik.

c) Ezarririko epean eskatu gabe kreditazioaren indarraldia iraungitzeagatik.

d) 15. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren auditoretza teknikoa eta kalitate auditoretza ez aurkezteagatik, hori egiteko eskaturik ere.

2. Kreditazioa bertan behera uzteko izapidea Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedaturikoarekin bat eginen da. Interesatuari entzunaldia bermatuko zaio.

3. Bertan behera uzteko egintza interesatuari jakinaraziko zaio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da eta Saio Laborategi Kreditatuen Erregistro Orokorrera igorriko da.

V. KAPITULUA. Auditoretzak

18. artikulua. Auditoretza teknikoa eta kalitate auditoretza.

1. Kreditaziorako Entitate Nazionalak edo horrek kreditaturiko entitateek eginen dituzte auditoretza teknikoa eta kalitate auditoretza foru dekretu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren begiratzeko, kalitate sistemak ziurtatzeko entitateetarako EN 45012 (ISO/IEC Guide 62) arauarekin edo ikuskapen entitateetarako EN 45004 (ISO/IEC 17020) arauarekin bat.

2. Entitate horien jarduerak kreditatu baino lehenagoko jarduketak eta foru dekretu honetako 15. artikuluan aipatzen den jarraipena izanen dira.

3. Betiere, organo kreditatzaileak ahalmena izanen du auditoretza teknikoa eta kalitate auditoretza egiten dituzten entitateen jarduketak ikuskatzeko, foru dekretu honetako 15. artikuluan ikuskapenez gain.

4. Artikulu honetan aipatzen diren auditoretzetan diharduten entitateen kostuak saio laborategi interesatuaren kontu izanen dira.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Herri lanen kalitatea kontrolatzea.

Ulertuko da kreditazioak herri lanen kalitatea kontrolatzeko saioetarako ere balio duela, eraikuntzarako arau bidez zehazten diren arloekin bat datozen horietan.

Xedapen Iragankor Bakarra. Gaur egungo kreditazioen indarraldia.

1. Ekainaren 21eko 157/1990 Foru Dekretuarekin bat Nafarroako Foru Komunitatean arlo batean edo gehiagotan eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko kreditaturik dauden saio laborategiek sei hilabeteko epea izanen dute, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik hasita, horren eta hori garatzeko xedapenen arabera kreditazioa eskatzeko.

2. Epe hori bukatzean arautegi berriaren arabera kreditazioa eskatua ez duten laborategien kreditazioak ezabatuko dira.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzen den arautegia.

Eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko saio laborategiak kreditatzeko xedapenei buruzko ekainaren 21eko 157/1990 Foru Dekretua indargabetzen da.

Azken Xedapenetan Lehena. Garapenerako gaitzea.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena ematen zaio kreditazio arlo teknikoen berariazko xedapenak eta foru dekretu honetan xedaturikoa garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa