(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Arau orokorrak :
    • 33/2013 Foru Legea, azaroaren 26koa, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

33/2013 Foru Legea, azaroaren 26koa, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2013ko 233. NAOn argitaratua, abenduaren 4an. Akats zuzenketa, 2014-02-11koa)

Zioen Azalpena

Bidegabekeria bat aitortu eta haren biktimak babesteak botere publikoen lehentasunezko helburu bat izan behar du zuzenbide estatu batean. Hori dela eta, berebiziko garrantzia dauka eragindako kaltea konpontzeak, babesgabetasun egoera aitortzeak eta eskueran dauden bitarteko guztiak jartzeak egindako kaltea konpontzeko, aitortzeko, gogorarazteko eta gainditzeko.

Nafarroan, frankismoaren biktimek, de facto, babesgabetasuna pairatu zuten foru erakundeen aldetik, 2003ko martxoaren 10era arte. Egun hartan, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak eta Alargunen Herria Elkarteak izandako ekimenez, adierazpen bat onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz fusilatutako herritar nafarrei errekonozimendua eta ordain morala ematearen aldekoa. Adierazpen hori mugarri bat izan zen 1936ko estatu kolpearen biktimen errekonozimendurako, baina, batez ere, jauzi kualitatibo bat ekarri zuen erakundeen aldetik, jarraipena eman ziona Nafarroako zenbait toki entitatek eginiko lanari, udal eta kontzeju batzuek lehen pausoak emanak baitzituzten frankismoaren biktimek egiarako, erreparaziorako eta justiziarako daukaten eskubidea aitortzeko eta azpimarratzeko.

Nafarroan, gogorarazi beharra dago, ez zen Gerra Zibilik izan, ez zen bi gerra-trintxeratan aurrez aurre jarritako bandorik egon. Nafarroako Foru Komunitatean, ezberdin pentsatze hutsarengatik, 3.400 pertsona baino gehiago erail zituzten, eta foru lege honen xedea da kalte horrengatiko erreparazioa egitea, ahal den neurrian, eta urteetako ahanztura instituzionala arteztea.

Kontuan hartu beharra dago gerra zibil guztiek desoreka bat eragiten dutela memorian, zeren eta irabazleek beren ikurrak, estandarteak eta legeak inposatzen baitizkiete galtzaileei. Halere, urte batzuen buruan, gizarte gehienetan, adiskidetzea, hurbilketa gertatzen da, eta memoriaren desoreka berandu baino lehen desagertu egiten da. Alabaina, Espainian, Gerra Zibilaren ondoren, diktadura luzea etorri zen, eta, horrenbestez, desoreka izugarria gertatu zen irabazleen eta galtzaileen memoriaren artean.

Gertatutakoaren bertsio ofizial bakarra 1939. urtean ezarritako erregimenak prestatu eta Espainiako gizarteari helarazitakoa izan zen. Gainera, Amnistia Internazionalak 2005eko uztailaren 18ko txostenean zioen bezala, “erregimen frankista amaiturik, krimen horiek ez ziren inpartzialtasunez argitu, eta erreparaziorik jaso ez zuten biktimen eskubideak ere ez ziren aintzat hartu”.

Erailketaz gainera, eraildakoen senitartekoek amaigabeko lazeriak pairatu behar izan zituzten. Diktadura batek berezko dituen umiliazioei, senitartekoen desagerpena gehitu behar izan zitzaien. Eta horixe da, hain zuzen ere, foru lege honen helburu eta oinarri nagusietako bat: saiatzea, ahal den neurrian, garai hartan exekutatu zituztenek ez dezatela desagertuta jarraitu. Nafarroak ezin du utzi eta ez luke utzi behar gogoan hartu gabe arazo humanitario hori. Hori dela eta, foru lege honetan babes- eta bilaketa-neurriak garatzen dira desagertutako pertsona horiek aurkitzeko.

Memoria historikoaren berreskurapena ez da oraindik amaitu Nafarroan. Prozesu horretan, ordea, honakoak nabarmendu daitezke: biktimen senitartekoek berek eginiko lana, memoriaren berreskurapenean laguntzeko Nafarroan beren kasa sortutako taldeak, garai hartan gertatutakoen argigarri izan diren ikerketa eta argitalpen ugariak, Nafarroan biktimei egin zaizkien herri-omenaldiak eta errekonozimendurako herri-ekitaldiak, eta memoriaren parke erreferentzial bat jarri izana Sartagudan. 2003ko martxoaren 10ean onetsitako adierazpen instituzionalak aitortzen duen moduan, Franco diktadorea hil ondoren, eraildakoen senitarteko eta lagunak izan ziren, maiz asko, hilotzak ezpondetatik, soroetatik edo paretetatik atera zituztenak; dena egun-argiz egin zuten, hurbilenganako maitasunez eta duintasunez, baina errekonozimendu ofizialik gabe. Nafarroako Parlamentuan 2013ko apirilean onetsitako irizpena, zeinak parlamentu-talde guztien babesa jaso baitzuen 36ko biktimei buruzko lantaldean, orain arteko azken erreferentea da biktima horien memoria oneratzeko bidean.

Hori dela eta, azpimarratu beharra dago ezen, Nafarroako fusilatuen senitartekoen elkarteek gorpu desagertuak bilatzeko eta aurkitzeko lanak egin dituztenean –laguntza ofizialarekin, azken urteotan–, ez diotela konponbidea eman arazo partikular bati, baizik eta arazo kolektibo bati egin diotela aurre, gizarte osoaren arazo bati, gure imaginario kolektiboaren eta gure memoria demokratikoaren arazo bati. Azken batean, elkarte horiek, jada 70eko hamarkadatik, erakunde publikoen ordez aritu dira, erakunde horiek baitziren, berez, eginkizun hori beren gain hartu behar zutenak.

Horri dagokionez, Nazio Batuen Erakundearen 47/133 Ebazpenak (1992ko abenduaren 18ko Batzar Nagusiak hartutakoa) Pertsona Guztiak Desagerpen Behartuen aurka Babesteari buruzko Adierazpena onetsi zuen, eta adierazi zuen desagerpen behartuek zuzenbidearen nagusitasuna, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatzen dituen gizarte ororen balio sakonenak ukitzen dituztela, eta haien praktika sistematikoa gizateriaren aurkako krimena dela. Ebazpenak, desagerpen behartuen prebentzioa eta amaiarazpena jasotzeaz gainera, ikerketak ere hartzen ditu bere barrenean, desagertutako pertsonen berri izan bezain laster egitekoak, desagerpena gertatu zenetik igarotako denbora kontuan hartu gabe.

Foru lege honek erantzuten dio diktadura frankistaren biktimak babestearen betebehar humanitarioari, baina, horretaz gainera, honakoak ere hartzen ditu kontuan: 1936ko kolpe militarraren ondorioz fusilatutako herritar nafarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko adierazpena, 2003ko martxoaren 10ean onetsia, eta arestian adierazia; Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak aitortu eta zabaldu eta haien aldeko neurriak hartzeari buruzko abenduaren 26ko 52/2007 Legean zehaztutakoa; eta Europako Kontseiluaren Parlamentu-biltzarrak 2006ko martxoaren 17an Parisen adierazitakoa –izan ere, Espainian 1936tik 1975era bitarte gertatutako giza eskubideen urraketa larriak salatu zituen.

Foru lege honek, I. titulu osoan, hilobien eta desagerpenen fenomeno konplexuari ekiteko babes-esparrua, prozedura eta tresna egokiak ezartzen ditu.

Horretarako, Nafarroako hilobi-mapa eguneratu eta mantendu egingo dela xedatzen da, mapa hori etengabe eguneratu beharrekoa baita.

Gainera, Nafarroan hilobi-mapa bat izatearen helburuetako bat da gizarteari errealitate hori ezagutzera ematea eta egia argitzen laguntzea. Horretarako, behar diren tresnak ezarri beharko dira lurperatze klandestinoak dituzten tokiak babestu eta zaintzeko neurriak hartzera bideratuak, espoliazioa, istripuak edo bestelako gertakariak saiheste aldera.

Elementu berezi gisa, garrantzitsua da, gainera, hiru fenomeno aipagarriri araugintzaren esparrutik ekitea: Alfontso XII.aren Gotorleku edo Ezkabako Gotorlekuan presondegi bat egotea; bi kontzentrazio esparru egotea (Iruñean eta Iratxen); eta bortxazko lanerako dozenaka esparru (Gatibuen Kontzentrazio Esparruen Ikuskaritzaren menpe egon ziren 1937tik eta 1940ra artean, eta Zigor Batailoien eta Kontzentrazio Esparruen Burutzaren menpe 1940tik 1942ra bitartean). Garrantzitsua da, hain zuzen ere, leku horietan gauzatutako errepresioaren neurriarengatik ez ezik, familia askorentzat Ezkabako Gotorlekuak, kontzentrazio-esparruek eta bortxazko lanerako esparruek dauzkaten inplikazioengatik ere.

Bidezkoa da, halaber, Nafarroako Parlamentuaren 2003ko martxoaren 10eko adierazpenean jaso zen bezala, “Nafarroako erakundeek baliabideak jartzea askatasunaren aurkako elementu sinbolikoak, denok gainditu nahi dugun iragan horren adierazle ere badirenak, desagerrarazteko”. Horri dagokionez, berretsi eta osatu beharra dago Nafarroako Sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrak eta Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak aitortu eta zabaldu eta haien aldeko neurriak hartzeari buruzko abenduaren 26ko 52/2007 Legearen 15. artikuluak ezarritakoa, zeren eta, urteak igaro diren arren, bai baitaude oraindik ere sinbolo batzuk kendu beharko liratekeenak, biktimentzat eta gizarte demokratikoaren balioentzat laidogarri izateagatik.

Bestalde, hainbat herritan, exekutatuak izan ez baziren ere, zenbait pertsonak -emakumeak, gehienak- kolpe militarraren arduradunen eskutik zigorra, errepresioa, umiliazio publikoa eta arbuio instituzionala modu sistematikoan, planifikatuan eta “eredugarri” gertatzeko asmoz jasan behar izan zuten, eta, foru lege honen xedeen artean, gertakari horiek gogoraraztea eta pertsona haien memoria oneratzea ere badago.

Foru lege honek, azkenik, “memoria historikoa berreskuratzea” kontzeptua ahalegin gisa ulertzen du, desagertutako pertsonen gorpuzkiak berreskuratzekoa eta, azken batez, diktadura frankista sozialki eta instituzionalki legitimaziorik gabe uztekoa; eta horrez gain, estatu-kolpe frankistaren biktima izan ziren pertsonen errekonozimendu publikoa eta oneratze morala arauen arloan egiteko ahalegin gisa.

ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

1. Foru lege honen xedea da 1936ko uztailaren 18an izan zen kolpe militarraren ondorioz Nafarroan erail zituztenen edo errepresio frankistaren biktima izan zirenen memoria historikoa leheneratu, errekonozitu eta oneratzea.

2. Halaber, foru lege honek erraztasunak eman nahi ditu Nafarroan garai horretan gertatutakoak ezagut daitezen.

3. Ezartzea 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako pertsonen senitartekoek eskubidea dutela beren senitartekoak lurpetik ateratzeko eta duintasunez hilobiratzeko.

2. artikulua. Gizateriaren aurkako krimenak.

Nafarroako Foru Komunitateak modua eginen du botere publikoek Nafarroan aplika dezaten Nazio Batuen Erakundeak gizateriaren aurkako krimenen arloan duen doktrina.

3. artikulua. 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako pertsonak lurpetik ateratzeko eskubidea.

1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako pertsonen senitartekoek eskubidea izanen dute beren senitartekoak lurpetik ateratzeko eta duintasunez hilobiratzeko. Nafarroako Gobernuak beharrezkoa den laguntza ekonomiko, teknikoa eta humanoa eman beharko du ikerkuntza prozesuan eta lurpetik ateratzeko prozesu osoan zehar, eta horrek guztiak eragindako gastuak Nafarroako Gobernuak hartuko ditu bere gain.

4. artikulua. Neurriak.

1. Honakoak izanen dira Erkidegoko Administrazioak 1. artikuluan adierazitako helburuak betetzeko aurrera eraman beharreko neurriak:

a) Hilotzak lurpetik ateratzeko Nafarroako Foru Komunitatean dagoen protokoloa aplikatzea, zeina Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariaren azaroaren 7ko 772/2011 Foru Aginduak onetsi baitzuen, bai eta beharrezkoak izan daitezkeen eguneratzea edo hobekuntzak ere.

b) Nafarroako hilobi-mapa eguneratzea eta mantentzea.

c) Zuzenean jardutea desagertutako pertsonen gorpuzkiak berreskuratzeko.

d) Lurperatze tokiak zaintzea, seinaleztatzea eta babestea.

e) Egon litezkeen aipamen edo sinbolo frankistak kentzea.

f) Hitzarmenak eta bestelako tresnak garatzea Nafarroan diktadura frankistan zehar gertatutakoak aztertzeko eta ezagutzeko.

g) Frankismoaren biktimak gogoratzeko dauden monumentuak babestea, eta pertsona horien errekonozimendurako adierazpen eta aipamenak bultzatzea.

2. Aurreko idatz-zatian zehaztutako jarduketak udalekin, fusilatuen senitartekoen elkarteekin, memoria historikoaren arloko elkarteekin eta entitate akademikoekin lankidetzan arituz eramanen dira aurrera.

3. Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, foru lege honen helburuak betetzeko behar diren kontu-sailak ezarriko dira; kasua bada, entitate publiko eta pribatuentzako diru-laguntzak ematera bideratuak.

5. artikulua. Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoa.

1. Arloan eskumenak dauzkan departamentuaren menpean, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoa eratuko da. Honako eginkizunak izanen ditu:

a) Elkarte, erakunde akademiko eta entitate publikoen jarduketak koordinatzea, foru lege honetan ezarritakoak zuzen bete daitezen.

b) Memoria historikoaren arloko planak egitea, arau-garapenean parte hartzea eta bidezko diren gomendioak onestea.

2. Batzordearen osaera erregelamendu bidez zehaztuko da, baina, nolanahi ere, honako hauek ordezkaritza izanen dute batzorde horretan: Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako administrazio publikoek, fusilatuen senitartekoak ordezkatzen dituzten elkarteek eta historiaren, auzitegiko medikuntzaren eta arkeologiaren arloekin lotutako entitate akademiko eta profesionalek.

I. TITULUA. DESAGERTUTAKOAK DIRELA-ETA ADMINISTRAZIO PUBLIKOEK DAUZKATEN BETEBEHARRAK

6. artikulua. Hilobi-mapa.

Nafarroako gaur egungo hilobi-mapa mantendu eta, kasua bada, eguneratu eginen da, eta Administrazioak, horretarako, kasuan kasuko kontu-saila jarriko du Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

7. artikulua. Hilotzak lurpetik ateratzeko protokoloa.

1. Nafarroako Foru Komunitatean dagoen protokoloa aplikatuko da hilotzak lurpetik ateratzeko, zeina Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariaren azaroaren 7ko 772/2011 Foru Aginduak onetsi baitzuen; protokolo hori aldatu, osatu edo hobetu egiten ahalko da, hori egitea beharrezkoa jotzen bada.

2. Akzio publikoa aitortzen da Nafarroako administrazio publikoei eskatzeko hasiera eman diezaioten hilobiak aurkitzeko eta gorpuzkiak lurpetik ateratzeko prozedurari, protokolo horretan ezarrita dagoenaren arabera. Gorpuzkiak aurkitu eta haiek hobietatik atera eta lekualdatzeko gastuak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ordainduko dira.

3. Lankidetza hitzarmen bat sinatuko da Iruñeko Udalarekin, desagertu ziren pertsonen gorpuzkiak agertu eta beren senitartekoek erreklamatzen ez dituztenean, gorpuzkiok propio prestatutako toki batean hilobiratzeko. Toki hori berariaz seinaleztaturik egonen da, Nafarroan Gerra Zibilean eta frankismoan gertatutako jazoeren azalpena eginda.

4. Edonola ere, behar diren tresnak jarriko dira senitartekoei psikologikoki modu egokian lagun egiteko, desagertutako pertsonen gorpuzkiak bilatu eta, egokitzen bada, gorpuzki horiek lurpetik ateratzeko prozesuan, Nafarroako Foru Komunitatean hilotzak lurpetik ateratzeko dagoen protokoloan horretarako ezarritakoari jarraituz.

5. Baldin eta, edozein zirkunstantzia dela eta, norbaitek aurkitzen baditu Gerra Zibilean edo coren diktaduraren garaian desagertutako pertsonenak izan litezkeen gorpuzkiak, berehala jakinarazi beharko dio Foru Administrazioari.

8. artikulua. ADN bankua.

ADN banku bat sortuko da, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren menpe egonen dena, non gure erkidegoan lurpetik ateratako gorpuzkien hezurren laginak kontserbatuko diren, zein bere ADN sekuentziarekin. Era berean, familian biktimaren bat izandako edozein pertsonak bere ADNa sekuentziatzeko laginak har diezazkioten eskatzen ahalko du, erakunde horretan biltzen diren datuekin alderatzeko. Proba horiek eskaera egin eta hiru hilabeteko epean aztertu beharko dira; horrela, saihestu egin beharko da laginen hondatzea, eta prozesu guztia arindu, bereziki adinean aurreratuta dauden pertsonen kasuan.

9. artikulua. Memoriaren tokiak.

1. “Nafarroako Memoria Historikoaren Tokia” izeneko figura ezartzen da.

2. Halako tokitzat deklaratzen ahalko dira altxamendu militarrean, Gerra Zibilean eta diktadura frankistaren garaian izandako gertakari bereziki nabarmenei lotutakoak; esate baterako, hobi edo lurperatze-leku kolektiboak, atxilotze-lekuak, esklaboek egindako obra publikoak edo garai hartako gertakarietan nabarmendu ziren guneak. Deklarazioa egitea Nafarroako Gobernuari dagokio, foru lege honetako 5. artikuluan araututako batzordeak proposamen loteslea eginda. Deklarazioa Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Katalogoan inskribatuko da.

3. “Memoria historikoaren toki” deklaratutako ondasunen titularrak diren administrazio publikoek ziurtatu beharko dute haien iraunkortasuna, identifikazioa eta seinaleztapen egokia.

4. Toki horien titularrak pribatuak direnean, helburu horiek erdiesteko ahaleginak eginen dira, memoria historikoaren arloko departamentu eskudunaren eta pertsona nahiz entitate titularren arteko akordioen bitartez.

II. TITULUA. ADMINISTRAZIO PUBLIKOEK ETA ENTITATE PRIBATUEK DITUZTEN BETEBEHARRAK SINBOLO, IDAZKUN ETA AIPAMEN FRANKISTAK KENTZEARI DAGOKIONEZ, BAI ETA SARI, IZENDAPEN, TITULU ETA OHORE INSTITUZILAK BALIOGABETZEARI DAGOKIONEZ ERE

10. artikulua. Sinbolo, idazkun eta aipamen frankisten errolda.

Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak sinbolo, idazkun eta aipamen frankistei buruzko errolda bat eginen du, eta Nafarroako Gobernuari aurkeztuko dio.

11. artikulua. Sinbolo, idazkun eta aipamen frankistak kentzea.

Nafarroako Gobernuak, bere eskumenez baliatuz, behar diren neurriak hartuko ditu altxamendu militarra, Gerra Zibila eta diktadurako errepresioa pertsonalki nahiz kolektiboki goratzeko armarriak, intsigniak, plakak eta gainerako objektu edo aipamenak kentzeko. Neurri horien artean, diru-laguntzak edo laguntza publikoak kentzea ere sartu ahalko da.

12. artikulua. Sari, izendapen, titulu eta ohore instituzionalen baliogabetzea.

Nafarroako administrazio publikoek, foru lege hau argitaratu eta urtebeteko epean, berraztertu eta baliogabetu eginen dituzte erregimen frankistarekin zerikusia izandako pertsonek jasotako sariak, izendapenak, ohorezko tituluak eta gainerako goraipamenak, eta, urtebeteko epe horretan, behar diren zuzemenak eginen dituzte aurreko horiei buruzko ziurtagiriak egiteko. Ziurtagiri horiek publiko eginen dituzte administrazio desberdinek, eta Espainiako Gobernuari igorriko dizkiete.

III. TITULUA. DIKTADURA FRANKISTAN NAFARROAN IZANDAKO GERTAKARIEN IKERKETA ETA EZAGUTZA

13. artikulua. Nafarroako Memoria Historikoaren Agiritegia.

1. Nafarroako Gobernuak, departamentu eskudunaren bitartez, Nafarroako Memoria Historikoaren Agiritegia sortuko du.

2. Agiritegi hori sortzeko, Nafarroako Gobernuak lankidetza sustatuko du arloarekin lotura duten artxibo administratibo, erlijioso, militar edo partikularren titular diren erakunde publiko eta pribatuekin.

3. Betiere, Nafarroako Gobernuak artxibo publiko nahiz pribatu horien erabilera erraztuko die pertsona interesdunei.

4. Nafarroako Memoria Historikoaren Agiritegiak errolda bat prestatuko du Gerra Zibilean eta diktadura frankistan desagertutako pertsonekin, eta horretarako kontuan hartuko dira biktimen familiek, erakunde publikoek, erakunde pribatuek edo ikerketa akademikoek ematen dituzten datuak.

5. Errolda horretan, biktima bakoitzaren heriotzari edo desagerpenari buruzko zirkunstantzien gaineko ahalik eta informazio gehiena jasoko da.

Eraildako eta desagertutako pertsonen errolda eratzen da izaera publikoko erregistro administratibo gisa.

14. artikulua. Hezkuntzaren arloa.

1. Hezkuntzaren arloko departamentu eskudunak ikasliburuak aztertuko ditu, ziurtatze aldera haietan informazio egiazko, zabal eta zorrotza ematen dela Gerra Zibilean eta frankismoan zehar Nafarroan gertatutakoei buruz.

2. Nafarroako Gobernuak urteroko Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Heziketa Programan behar diren jarduketak sartuko ditu, foru lege honen helburuak betetzeko.

IV. TITULUA. OROIMENEZKO MONUMENTU, PARKE ETA ELEMENTUAK BABESTEA ETA MANTENTZEA

15. artikulua. Memoriaren Parkea.

1. Sartagudako Memoriaren Parkeak errekonozimendu eta babes ofizialik handiena izanen du, horri buruzko foru araudiaren barruan.

2. Memoriaren Parkea mantentzeko eta hobetzeko gastuak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ordainduko dira.

16. artikulua. Alfontso XII.aren Gotorlekuko presondegia.

1. Nafarroako Gobernuak behar diren neurriak hartuko ditu Alfontso XII.aren Gotorlekua edo Ezkabako Gotorlekua eta bertako hilerria memoria historikoaren toki gisa babesteko, toki horretan Gerra Zibilean egon zen presondegiari eta hartan gertatutakoei dagokienez. Gotorlekuaren alboko hilerrian toki bat prestatuko da gotorleku horrekin zerikusia izandako biktimak, beren senitartekoek identifikatu eta erreklamatu ez dituztenak, hilobiratzeko.

2. Nafarroako Foru Komunitateko erakundeek urtero eginen dute presondegi horretan kartzelatuta egon ziren presoen memoriaren errekonozimendu- eta omenaldi-ekitaldi bat, memoria historikoaren berreskurapenaren alde lan egiten duten Nafarroako entitate eta kolektiboekin lankidetzan jardunez.

17. artikulua. Frankismoaren esklaboak.

Nafarroako Gobernuak frankismoaren esklaboen lanaren bitartez eginiko obra guztiak seinalatuko ditu. Seinale horiek honakoak jasoko dituzte: pertsona horien bizi-baldintzak, esklaboen kopurua eta egoera horiek publikoki ezagutzera emateko garrantzitsuak diren datu guztiak.

18. artikulua. Errekonozimendu publikoak.

1. Berariaz aitortzen da foru lege honetan aipatutako indarkeriaren biktimen duintasunaren defentsan nabarmendu diren elkarte, fundazio, entitate akademiko eta erakundeek eginiko lana.

2. Nafarroako Gobernuak beharrezkoak diren errekonozimendu ekintzak bultzatuko ditu Gerra Zibilean eta frankismoaren garaian eraildako pertsonen memoria oneratzeko, bai eta, erailak izan ez baziren ere, arrazoi politikoengatik Nafarroako herri askotan errepresioa eta umiliazio “eredugarriak” sufritu behar izan zituzten pertsonena ere.

3. Nafarroako Gobernuak, toki entitateekin batera, bultzatuko du 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarraren ondoren eraildako kargu publiko edo funtzionarioen errekonozimendu publiko eta iraunkorra, plaka, monolito edo aipamen berariazkoen bitartezkoa.

4. Nafarroako Gobernuak hala eskatzen duten senitartekoei erraztuko die erreparazio eta errekonozimendu pertsonaleko ziurtagiria kudeatzea eta lortzea, Justizia Ministerioak ematen duena, Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak aitortu eta zabaldu eta haien aldeko neurriak hartzeari buruzko abenduaren 26ko 52/2007 Legearen 4. artikuluan oinarrituta.

Lehen Xedapen Gehigarria. Epaiketen baliogabetzea.

Nafarroako Gobernuak Espainiako Estatuari eskatuko dio baliogabetu dezala herritar nafarrei egin zitzaizkien epaiketa oro, auzitegi militarrek nahiz zibilek eginak, hain zuen ere Errepublikarekin, Gerra Zibilarekin edo diktadura edota trantsizio garaian demokraziaren aldeko borrokarekin lotura zuten arrazoi politikoengatik egin zitzaizkienak, baita honakoek emandako epaiak ere: gerra kontseiluek, erantzukizun politikoen auzitegiek, Masoneria eta Komunismoa Erreprimitzeko Auzitegi Bereziak eta Ordena Publikoaren Auzitegiak.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Kontzentrazio-esparruetako omenaldiak.

Foru lege honek indarra hartu eta gehienez ere urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak nafarrak egondako Europako kontzentrazio-esparru bakoitzean aipamen berezi bat paratuko du haiek omentzeko; izan ere, ehunka izan ziren estatu-kolpe frankistaren ondotik Bigarren Mundu Gerran faxismoaren aurka eta askatasunaren alde borrokatu ziren nafarrak.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Memoria Historikoaren arloko Batzorde Teknikoaren eraketa.

Foru lege honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean eratuko da 5. artikuluan aipatzen den batzordea.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Desagertutako pertsonen lurperatze kolektiborako hitzarmena Iruñeko Udalarekin.

7.3 artikuluan aipatzen den hitzarmena hiru hilabeteko epean sinatuko da. Hartara, hobitik jada atera eta Aranzadi Zientzia Elkartearen biltegian dauden gorpuzkiak berehala lekualdatuko dira.

Bosgarren Xedapen Gehigarria. Ekitaldi instituzionala.

Foru lege hau indarrean sartu ondoko urtean zehar, Nafarroako Gobernuak ekitaldi bat eginen du Sartagudako parkean, biktimei omenaldia egiteko eta parkea inauguratzeko, eta, ekitaldi hori egiteko, lankidetzan arituko da Nafarroako Parlamentuarekin, Sartagudako Udalarekin, 1936ko biktimen senitartekoen elkarteekin eta memoria historikoaz arduratzen diren elkarteekin.

Seigarren Xedapen Gehigarria. Oroitzapenezko plaka Nafarroako Gobernuan.

Hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak plaka bat jarriko du Diputazioaren eraikinaren fatxadako ageriko leku batean, 1936ko Gerra Zibilean Nafarroan eraildako Foru Diputazioko funtzionarioen eta langileen omenez. Plaka horretako testua gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egonen da, eraildako pertsonen izenak jasoko ditu eta langile publiko horiek Errepublikaren legezkotasunaren defentsa egin izana aipatuko du.

Zazpigarren Xedapen Gehigarria. Oroitzapenezko plaka Nafarroako Parlamentuan.

Hiru hilabeteko epean, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako herriaren ordezkari gorena denez, bere egoitzako atalondoko leku nabarmen batean plaka bat jarriko du, altxamendu militarraren ondorioz eraildako hautetsi nafar guztien omenez eta haien errekonozimendurako. Testuak Nafarroako bi hizkuntzetan idatzita egon beharko du, eta eraildako pertsonen izenak eta kargua aipatuko ditu, bai eta herriaren izena, herrietako hautetsiak zirenen kasuan.

Azken Xedapenetan Lehena. Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau aplikatu eta garatzeak eskatzen dituen erregelamendu mailako xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa