(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Arau orokorrak :
    • 9/2015 Foru Agindua, urtarrilaren 16koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntzako Koordinazio Batzordea arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

9/2015 Foru Agindua, urtarrilaren 16koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntzako Koordinazio Batzordea arautzen duena

 

(2015eko 50. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 13an)

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 44.3 eta 4. artikuluak, administrazioen arteko koordinazioaz eta lankidetzaz diharduenean, dio Nafarroako Gobernuak neurriak har ditzakeela toki entitateen eta ekimen pribatuaren jarduketak koordinatzeko, lege horretan ezarri gabeko lankidetza organoak sortuta. Orobat, xedatzen du Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa eta toki entitateak lankidetzan arituko direla gizarte zerbitzuen arloko politikak aplikatzean, zein bere eskumenekin bat, foru lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan aurreikusitako tresnen bitartez.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 19ko 4100/1997 Ebazpenaren bidez, Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntzako Koordinazio Batzordea sortu zen, oinarrizko gizarte zerbitzuek zein Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ezinbestekotzat jotzen zituzten planteamendu teknikoak egiteko, gizarte zerbitzuen jarduketa eta garapena eraginkorrak izan daitezen.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen ondoriozko gizarte zerbitzuen sistema publikoaren egiturak eta eskumenen eta antolamenduen araubideak zehazten dute Oinarrizko Laguntza Koordinatzeko Batzordeak arautegi berria behar duela.

Horrenbestez, eta Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntzako Koordinazio Batzordea arautzea.

2. artikulua. Izaera eta atxikipena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntzako Koordinazio Batzordea kide anitzeko organo teknikoa da, gizarte laguntzako oinarrizko laguntzaren alorrean proposamenak egiteko eta aholkuak emateko, hura bultzatu, berdindu eta ebaluatzeko. Gizarte zerbitzuetan eskumena duen departamenduari atxikia dago.

3. artikulua. Eginkizunak.

Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntzako Koordinazio Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuen kalitatea hobetzeko behar, kezka eta ekimenei buruzko eztabaida foro iraunkor bat eratzea.

b) Oinarrizko gizarte zerbitzuetan garatzeko ekimen, jarduera eta programenak aztertu eta proposatzea, baita haien jarraipena eta ebaluazioa egitea ere.

c) Gizarte zerbitzuetako profesionalen arteko koordinazioari buruzko prestakuntza, informazio eta ebaluazio estrategiak garatzea. Beharrezkoa bada, dauden baliabideak edo zerbitzuak aldatzeko proposamenak ekarriko lituzke horrek.

d) Gizarte zerbitzuen gaineko arautegiarekin lotutako irizpide teknikoak aurkeztea, hori kudeatzeko tresnak, eta abar.

e) Oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuetan bitarteko materialen, pertsonalen eta prestakuntzakoen beharrari buruzko ekimenak aztertu eta proposatzea.

f) Gizarte ekimenean eta zerbitzuetan, administrazioaren eta entitate pribatuen arteko lankidetza indartzeko azterketak eta aholkuen proposamena.

g) Gizartearen alorrean erantzun bateratu bat behar duten inguruabar berriak antzematea; elkarrekin aztertzea eta irtenbide tekniko koordinatuak hartzea lanbideko ekimen eremuaren barrenean, lan metodologian ere batera jardunda.

h) Ezagupenak trukatzea laguntzako talde formalei eta informalei dagokienez, ahal den neurrian koordinazio prozesuetan sartzeko eta problema zehatzak errazago konpontzeko. Zein herritan agertzen diren baliabide eta zerbitzu berriak, haien berri ematea.

i) Profesionalei informatzea haien koordinazio jarduerei buruz, bai eta elkarte eta haien eremuko parte-hartze komunitarioko organoei ere, behar diren ekarpenak egin ditzaten.

4. artikulua. Osaera.

Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntzako Koordinazio Batzordean ondoko hauek egonen dira: batzordeburua, gizarte zerbitzuetan eskumena duen Departamentuaren 6 ordezkari, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen beste 7 ordezkari.

Batzordea paritarioa izanen da dogokion departamenduko ordezkarien eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen ordezkarien artean.

Batzordeburua izanen da gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra.

Batzordekideak honako hauek izanen dira:

a) Gizarte zerbitzuen arloan eskumenak dituen departamenduaren 6 ordezkari, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrak izendatuak. Beren izaerari eutsiko diote kargurako izendatu zituenak ordezkatzen ez dituen bitartean.

b) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen 7 ordezkari, barruti bakoitza osatzen duten oinarrizko eskualdetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek nahiera izendatuak, txandaka eta bi urterako, gutxienez. Gizarte Zerbitzuetako Barruti bakoitzari 1 dagokio, Gizarte zerbitzuen zonifikazioari buruzko 33/2010 Foru Dekretuak ezarritakoaren arabera, “Iruña eta Iruñerria” salbuetsirik, horiei bi ordezkari baitagozkie, bat Iruñari eta bestea Iruñerriari.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen koordinazioan eskumena duen ataleko burua ariko da idazkari lanetan.

5. artikulua. Batzordeko burua.

Batzordeburuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Batzordearen ordezkaria izatea.

b) Batzordeko bilkuretarako dei egitea eta eguneko gaien zerrenda zehaztea.

c) Batzordeko bileren buru izatea, eztabaida zuzentzea eta ordena mantentzea.

d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Organoaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Batzordeburu karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

Postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, batzordeburuaren ordez departamentuari dagokion ordezkaria, hark izendatua, ariko da batzordeburu lanetan.

6. artikulua. Idazkaria.

Batzordeko idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bileretan parte hartzea, hizpidea eta botoa dituela.

b) Batzordeko bilkuretarako dei egitea, batzordeburuak aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

c) Kideak eta organoa elkarrekin komunikatzeko egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo hark ezagutu behar dituen bestelako idazki guztiak.

d) Gaiak ebazteko bidea prestatzea eta batzordeko aktak egitea.

e) Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

f) Osatu litezkeen berariazko batzordeen eginkizunak koordinatzea.

g) Batzordearen erabakiak betearaztea.

h) Batzordeko idazkariaren karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

Postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, idazkariaren ordez departamenduari dagokion ordezkaria, batzordeburuak izendatua, ariko da idazkari lanetan.

7. artikulua. Batzordekideak.

Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntzako Koordinazio Batzordeko kideei ondoko eginkizunak dagozkie:

a) Bilkuretako gai-zerrenda jasotzen duen deialdia garaiz hartzea.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, baita botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere, bozketetan abstenitu gabe.

d) Galde-eskeak egitea.

e) Esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko behar den informazioa, gai-zerrendako gaien ingurukoa barne, garaiz jasotzea.

f) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

Postua hutsik dagoenean, titularra eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, hark izendatutako profesionalak ordezkatuko du. Inguruabar hau gutxienez borrogeita zortzi ordu lehenagotik adierazi beharko da.

Batzordeburuak dei diezaieke, batzordearen bilkuretan parte har dezaten, esperientzia eta ezagupenak dituzten adituei. Horiek hizpidea izanen dute baino botorik ez.

8. artikulua. Antolaketa eta funtzionamendua.

Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntzako Koordinazio Batzordea lau hilabetetik behin bilduko da bilkura arruntetan. Bilkura berezia, berriz, batzordeburuak deialdia egiten duen guztietan eginen da, berak erabakita edo kideen gehiengoak eskaturik.

Bilkuretarako deialdiak, arruntak zein bereziak, gutxienez 5 egun lehenago eginen dira. Deialdiari, jorratu beharreko gaien zerrenda erantsiko zaio, bai eta beharrezko dokumentazioa ere.

Erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketarik badago, batzordeburuak kalitateko botoa izanen du.

Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko gai zerrendan sartua ez dagoen ezer; bai, aldiz, Batzordeko kide guztiak bildu daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntzako Koordinazio Batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin bilkurak eta gogoetak egitearen eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, beharrezkoa izanen da batzordeburua eta idazkaria bertan egotea, edo haiek ordezten dituztenak, eta, gutxienez, kideen erdiak.

Foru Agindu honetan aurreikusi ez den orotan, jarraituko dio kide anitzeko organoentzako antolamendu araubideak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluan eta foru agindu honetan xedaturikoari.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetzen da Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 19ko 4100/1997 Ebazpena.

Azken Xedapenetan Lehena. Arauak emateko gaitasuna.

Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari gaikuntza ematen zaio foru agindu hau garatu eta aplikatzeko behar diren egintza guztiak emateko.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa