(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Arau orokorrak :
    • 541/2013 Foru Agindua, ekainaren 20koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Behaketa eta Harrera Zerbitzua, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan arautua, garatzen duena. Foru dekretu horrek gizarte zerbitzu orokorren zorroa onetsi zuen

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

541/2013 Foru Agindua, ekainaren 20koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Behaketa eta Harrera Zerbitzua, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan arautua, garatzen duena. Foru dekretu horrek gizarte zerbitzu orokorren zorroa onetsi zuen

 

(2013ko 142. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 26an)

Atarikoa

Nafarroako Foru Komunitateak, gizarte zerbitzuen arloan duen eskumen osoa erabiliz, hala esleitu baitzion Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea onetsi zuen.

Foru lege hura garatzeko, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua eman zen, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten zuena. Hartan sistemaren prestazioak jaso ziren, besteak beste Adingabeentzako Behaketa eta Harrera Zerbitzua. Zerbitzu hau egoitza batean emanen da, harrera, balorazioa eta esku-hartzea presako izaeraz emateko, denbora mugatu baterako, eta arrisku edo babesgabetasun egoeran egon daitezkeen adingabeentzako babes eta arreta esparru bat ematea berehalakoan.

Foru dekretu horren 2. artikuluak dioenez, egoitzetan ematen den arreta zerbitzua zentroetan edo, kasua bada, familietan ematen den zerbitzua da (benetako egoitza bihurtzen dira), bai aldi baterako bai epe luzerako, ostatua, mantenua eta habilitazioko edo errehabilitazioko jarduera espezializatuak emateko, pertsona bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta.

Adopzio nazionalaren problematikari buruzko azterlanen Batzorde Bereziak, zeinak antzeko beste gai batzuk ere aztertzen baititu, hala nola adingabeen harrera, babesgabetasuna eta instituzionalizazioa, bere ondorioetan eta gomendioetan adierazten du haren interesa familia batekin bizitzea dela, eta egoitza batean harrera egitea beste neurri batzuen ordezkoa izanen dela. Horretaz gain, azaltzen du familia batean integratzea nabarmen errentagarriagoa dela ekonomikoki. Gainera, adierazten da beharrezkoa dela legez ezar dadila 6 urtetik beherakoak, edo, gutxienez, 3 urtetik beherakoak, ez daitezela harrera zentroetan egon, salbuespenezko inguruabarretan izan ezik.

Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak ezarri zituen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketaren printzipioak adingabeei arreta emateko, eta besteen artetik nabarmendu zituen haien interes nagusia eta beren eskubideak bermatzea tartean den beste interes legitimoen gainetik. Bestalde, 15/2005 Foru Legea erregelamendu bidez garatzen duen urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuak ezartzen du babesgabetasun egoera badela deklaratzeko prozedura administratiboa, eta, honetaz gain, larrialdi egoeretan, babesgabetasunik badela erakusten duten zantzuak egiaztatzen direnean, ahalbidea ematen du entitate publiko eskudunak baimena eman dezan adingabea babes zentro batean sartzeko, edo larrialdiko harrera familia batean hartzeko.

Hala, Behaketa eta Harrera Zerbitzua eman daiteke bai establezimendu edo zentro batean bai familia batean. Hala ere, zerbitzua familietan ematearen arauketak zehaztasun handiagoa eskatzen du zorroan azaltzen dena baino, honako hau ezartzeko: larrialdiko familiaren betebeharrak, eskubideak eta ordainsariak zehazteko modua. Horrek denak zorroaren garapena dakar.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriak ezartzen du Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak (gaur Gizarte Politiketako kontseilaria) baimena duela aipatutako foru dekretua garatzeko eta burutzeko behar diren xedapenak emateko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 4/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren eranskinean (G. 2) araututako Behaketa eta Harrera Zerbitzua garatzea. Haren helburua da harrera, balorazioa eta esku-hartzea presako izaeraz ematea, denbora mugatu baterako, eta arrisku edo babesgabetasun egoeran egon daitezkeen adingabeentzako babes eta arreta esparru bat ematea berehalakoan, larrialdiko familien bidez.

2. artikulua. Prestazio bermatua.

Larrialdiko familien bidez ematen den Behaketa eta Harrera Zerbitzua prestazio bermatua da, betiere helburu horretarako egoki deklaratutako familiarik baldin bada, hots, zerbitzua egoki eman dezakeen familiarik baldin bada.

3. artikulua. Sartzeko baldintzak.

1. Larrialdiko familien bidez ematen den Behaketa eta Harrera Zerbitzua baliatzeko, beharkizuna da balizko babesgabetasunari edo gizarte gatazkako egoerari buruzko arreta edo balorazio presazko bat behar duen haurra izatea. Lehentasunez, zerbitzu honen onuradunak zero eta sei urte artekoak izanen dira.

2. Salbuespenez, sei urtetik gorako haurrak ere onartuko dira, kasu hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Zerbitzua hartzeko adina duten anai-arreben talde baten barnean dauden adingabeak.

b) Inguruabar psikiko, sozial, sanitario eta familiar bereziengatik, larrialdiko familia baten esparruko arreta eta/edo balorazioa eskatzen duten adingabeak.

4. artikulua. Larrialdiko familien betebeharrak.

Betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak bakarrik aurkezten ahalko dira larrialdiko familien zerbitzuan parte hartzeko:

a) Adinez nagusi izatea eta gaitasun juridiko osoa eta jardutekoa izatea.

b) Ezein adingaberen guraso-aginteaz gabetuak ez izatea eta horretaz gabetzeko kausa batean ere ez egotea.

c) Epai judizial baten bidez kondenatuak ez izatea, edo delitu bat egiteagatik ikerketa prozesu baten pean ez izatea.

d) Aurrekari penalik ez izatea.

e) Arriskuagatik edo babesgabetasunagatik bere ardurapean dituen adingabeak babesteko burutzen ari den inolako ikerketak edo neurrik edo jarduketak ukituak ez izatea.

f) Larrialdiko familien zerbitzuan parte hartzeko egoki deklaratuak izatea.

g) Adingabe bat edo gehiago etxean berehalakoan hartzeko eta hura zaintzeko moduan egotea noiznahi. Familiak bermatu beharko du pertsona helduen etengabeko arreta izanen dutela adingabeek.

h) Familian genero indarkeriako aurrekaririk ez izatea, baita aurretik salaketarik jarri ez bada ere.

5. artikulua. Dokumentazioa.

1. Larrialdiko harrerako familien programan parte hartu nahi dutenek, eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea.

b) Familia liburua.

c) Erroldatze agiria.

d) Azken ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren adierazpena.

e) Txosten medikoa.

f) Aurrekari penalen ziurtagiria.

2. Larrialdiko familien egokitasunari buruzko balorazioa egiteko eskumena duen organoak behar den eta garrantzitsua den dokumentazioa eska dezake, baloratzeko ea eskatzaileak egokiak diren.

6. artikulua. Larrialdiko familien deklarazioa.

1. Larrialdiko familiak egokiak direla deklaratzeko prozedura eta balorazio irizpideak urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuan ezarri dira (7/2009 Foru Dekretua, urtarrilaren 19koa, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea hein batean garatzeko erregelamendua onesten duena).

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak larrialdiko familiak egokitzat baloraturik mantenduko ditu, programaren beharren arabera, betiere familiak parte hartzeko moduan badaude. Horretarako, programan parte hartzeko borondatea agertu duten familiengana joko du, balorazio eskaera aurkez dezaten, horretarako prestatutako inprimaki normalizatu baten bidez.

3. Adingabeak babesteko eskumena duen organo administratiboak interesdunen egokitasunari buruzko ebazpena emanen du, eta interesdunei jakinaraziko die. Ebazpena sei hilabeteko gehieneko epean eman eta jakinarazi beharko da, larrialdiko familien programan parte hartzeko egokitasunaren balorazio eskaera eta horrekin batera nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazio guztia behar bezala aurkezten direnetik aurrera zenbatzen hasita.

Aipatutako epean ez da denbora kontatuko baldin eta espedientea osaturik ez badago eskatzaileari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, edo gehieneko epea eteten denean Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 42.5 artikuluan adierazitako arrazoiren batengatik.

7. artikulua. Egokitasun deklarazioaren indarraldia eta eguneratzea.

1. Egokitasun deklarazioak hiru urteko indarraldia izanen du ematen den egunetik aurrera, betiere eskatzaileen inguruabar pertsonalak eta familia-inguruabarrak aldatzen ez badira. Deklarazio hori eguneratu egin beharko da indarraldi epea bukatu baino lehen.

2. Larrialdiko familien egokitasuna alda dezaketen inguruabarrak gerora agertzen badira, deklarazioa eguneratzeko prozedura hasiko da inguruabar horien berri izan bezain laster, eta ordura arteko egokitasunaren indarraldia etenik geldituko da. Horretarako, egokitasun deklarazioan eragina izan dezaketen egoera-aldaketak jakinarazteko betebeharra izanen dute eskatzaileek. Egokitasun deklarazioa eguneratuz gero, indarraldiaren hiru urteak egokitasun deklarazioa eguneratzen duen ebazpenaren datatik aurrera hasiko dira zenbatzen.

3. Eguneratzearen ondorioz interesdunek egokitasuna deklaratzeko baldintzak dagoeneko betetzen ez dituztela ikusten bada, hori adieraziko duen ebazpen arrazoitua emanen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunak, interesdunei entzun ondoren.

8. artikulua. Konpromisoak.

Larrialdiko familiek, programan parte hartu aurretik, honako konpromiso hauek sinatu beharko dituzte:

a) Adingabeen zaintzaileak izateko baldintza orokorrak eta, bidezkoa denean, aukeratuak izateko egiaztatze jarduketak onartzea.

b) Ezartzen den prestakuntza prozesua betetzea. Betiere, eduki hauek izanen ditu: etxeko lanean eta adingabeen zainketan gizasemeen eta emakumeen erantzunkidetasuna, eta berdintasunerako hezkuntza.

c) Unean-unean bidezkoak diren agiri eta argibideak aurkeztea, eskatzen bazaizkie.

d) Hartzaile bakoitzari, kasu zehatzetarako, dagozkion eginbehar guztiak betetzea, eta behar denean izenpetu beharreko zaintza-agirirako berariaz ezartzen ahal direnak ere betetzea.

e) Adingabeen babesaren eskumena duen organoaren jarraibideak, arauak eta oharrak betetzea.

f) Zein adingaberi buruz ari den egiten adingabeen babesgabetasun egoerari buruzko balorazioa, adingabe horiek etxean noiznahi hartzeko moduan egoteko konpromisoa.

g) Larrialdiko familien bidez zaintzen diren adingabeen balorazio programa onartzeko konpromisoa.

9. artikulua. Larrialdiko familien eskubideak eta betebeharrak.

1. Harrerako familien eskubideak eta betebeharrak urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuan jasotakoak dira (7/2009 Foru Dekretua, urtarrilaren 19koa, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea hein batean garatzeko erregelamendua onesten duena).

2. Programan parte hartzeko eskaintzak edo familia egoki dela dioen balorazioak ez du berarekin ekarriko, inola ere, zaintzarako adingabea esleitzeko eskubiderik.

10. artikulua. Larrialdiko familiak aukeratzea.

Larrialdiko familiak arrazoituta aukeratuko dira; zein adingaberen babesgabetasun egoera baloratzen ari den, horren beharrekin bat. Betiere, kontuan hartuko dira familiek egindako eskaintza eta adingabearen interes nagusia, beste edozein interesen gainetik egonen baita.

11. artikulua. Larrialdiko familien ordainsariak.

1. Larrialdiko familiek ordainsaria jasoko dute, emandako zaintzaren eta arretaren konpentsazio gisa. Zenbateko hauek izanen dira:

a) Adingabe batekin: 20 euro eguneko, gehienez ere 600 euro hilabetean;

b) Bi adingaberekin: 35 euro eguneko, gehienez ere 1.050 euro hilabetean;

c) Hirurekin edo gehiagorekin: 50 euro eguneko, gehienez ere 1.500 euro hilabetean.

2. Adingabeak babesteko eskumena duen organoaren ebazpenaren bidez emanen zaizkie laguntzak larrialdiko familiei, eta familiek emandako kontuan ordainduko, aurreko ataleko eguneko kalkuluekin bat.

3. Adingabeak babesteko eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuaren titularraren foru aginduaren bidez berrikusiko eta eguneratuko da lehenbiziko atalean aurreikusitako laguntzen zenbatekoa.

12. artikulua. Laguntzen aldaketa eta itzulketa.

1. Laguntza emateko hasieran kontuan hartutako egoeran aldaketarik baldin bada, horrek aldaketak ekarri ditzake, laguntza emateari dagokionez eta zenbatekoari dagokionez. Onuradunak edo haren legezko ordezkariak adingabeen babesaren arloan eskumena duen organoari zuzenean jakinarazi beharko dio gertatzen den edozein gorabehera.

2. Berrikusteko prozedura bai interesdunek eskaturik bai ofizioz has daiteke.

3. Laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako edozein baldintza aldatuz gero, emandako prestazioa ere aldatzen ahalko da. Gehitu, mantendu, gutxitu edo iraungitzen ahalko da laguntza, kasuan kasukoa.

13. artikulua. Laguntza amaitzea.

1. Honako hauek izanen dira zerbitzuari lotutako laguntza, larrialdiko familientzakoa, amaitzeko arrazoiak:

a) Prestazioa emateko ezarritako betebehar edo baldintzaren bat ez betetzea edo betetzetik gelditzea.

b) Onuraduna hiltzea.

c) Laguntza eskuratzeko jokabide iruzurtia.

d) Programan parte hartzeko konpromisoak ez betetzea.

e) Adingabeei behar bezalako arretarik ez ematea.

2. Laguntzaren eteteak, eteteko arrazoia gertatu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

3. Laguntzak amaitzeko inguruabarrak berandu komunikatzen badituzte interesdunek, eta, horren ondorioz, aurreko atalean ezarritako epea iraganik ordainketak egiten badira, itzuli egin beharko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritako interesa gehituta.

14. artikulua. Zehapen araubidea.

Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeko arau-hauste eta zehapen araubidea izanen da aplikatzekoa.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arauak.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa