(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Etxebizitza :
    • 7/2010 Foru Agindua, urtarrilaren 21ekoa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, eraikuntza berriko eraikinen energia eragimenaren ziurtagirien administrazio erregistroa arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

7/2010 Foru Agindua, urtarrilaren 21ekoa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, eraikuntza berriko eraikinen energia eragimenaren ziurtagirien administrazio erregistroa arautzen duena

 

(2010eko 15. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 3an)

Atarikoa

Urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuaren bidez, eraikuntza berriko eraikinen energia eragimenaren ziurtagirien oinarrizko prozedura onetsi zen. Errege dekretu horren xedea da energia eragimena sustatzea, erosleei eta erabiltzaileei eraikinen ezaugarri energetikoei buruz eman behar zaien derrigorrezko informazio objektiboaren bitartez. Hori energia eragimenaren ziurtagiri gisa emanen da, eraikinaren ezaugarriak baloratu eta alderatzeko aukera emanez.

Eraikin baten energia eragimenaren ziurtagiriaren bidez egiaztatzen da eraikinaren proiektuak eta amaitutako eraikinak energia eragimenaren kalifikazioa lortu dutela, eta energia eragimenaren ziurtagiri bana igortzen dira, hala proiektuarentzat nola amaitutako eraikinarentzat. Ziurtagiri horrek eraikinaren energia eragimenaren informazioa soilik ematen du eta ez du inolaz ere bermatzen erakinari eska dakiokeen bestelako baldintzarik betetzen duenik.

Urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuaren 7. artikuluaren 4. atalean xedatzen denez, sustatzaileak edo jabeak amaitutako eraikinaren energia eragimenaren ziurtagiria aurkeztu beharko dio autonomia erkidegoko organo eskudunari. Horrek ziurtagiri horien erregistroa egin ahal izanen du bere lurralde eremuan.

Administrazio prozedura sinplifikatu eta arintzeko printzipioak aplikatuz, eraikinen energia eragimenaren erregistro telematiko publikoa sortzen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Eraikinen energia eragimenaren ziurtagirien erregistro publikoari esker, eraikinen informazio energetikoa eskuratu ahal izanen da eta Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztutako ziurtagirien gaineko kontrol administratibo hobea egin ahal izanen da.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluarekin bat, agindu dut:

1. artikulua. Erregistroaren sorrera, atxikipena, xedea eta izaera juridikoa.

1. Eraikuntza berriko eraikinen energia eragimenaren ziurtagirien erregistro telematikoa sortzen da. Enpresa Zuzendaritza Nagusiaren menpekoa izanen da, hori arduratuko baita erregistroaren antolaketaz, funtzionamenduaz eta zaintzaz.

2. Erregistroa publikoa izanen da, eta soilik eraikinaren energia eragimenari buruzko informazioa emanen du. Inolaz ere ez du ziurtatuko eraikinari eska dakiokeen bestelako baldintzarik betetzen duenik.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erregistroko informazioa erabili ahalko du urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritako ikuskapenen ondorioetarako.

2. artikulua. Erregistroan inskribatu beharra.

Nafarroako Foru Komunitatean eraiki beharreko eraikin guztien sustatzaile edo jabeak, urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartua badago, derrigorrez inskribatu beharko ditu energia eragimenaren ziurtagirien erregistroan hala proiektuaren ziurtagiria nola amaitutako eraikinarena, foru agindu honek ezarritako prozedurarekin bat.

3. artikulua. Energia eragimenaren ziurtagiriak inskribatzea.

1. Proiektuaren eta amaitutako eraikinaren energia eragimenaren ziurtagiria inskribatzeko eskabidea egitea eraikinaren sustatzaileari edo jabeari dagokio, eta telematika bidez egin beharko da.

2. Aurkeztutako eskabideari eraikinaren proiektuari buruzko informazioa erantsiko zaio, baita aitortutako dokumentuek sortutako berariazko artxiboak ere, eraikinaren energia eragimena frogatzeko aukera emanen dutenak.

3. Proiektuaren energia eragimenaren ziurtagiria erregistroan inskribatzeko eskabidea aurkeztu beharko da obra-lizentzia emateko eskumena duen organoari obra egiteko proiektua aurkeztu baino lehen.

4. Amaitutako eraikinaren energia eragimenaren ziurtagiria erregistroan inskribatzeko eskabidea aurkeztu beharko da eskumena duen organoari lehenengoz okupatzeko lizentzia edo irekitzeko lizentzia emateko eskaera egin baino lehen.

4. artikulua. Telematika bidez aurkeztea.

1. Energia eragimenaren ziurtagiria inskribatzeko eskabidea telematika bidez aurkezteko, Nafarroako Gobernuaren "Zerbitzuen katalogoan" dagoen aplikazioaren bidez eginen da.

2. Izapide hori egiteko, eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitortutako ziurtagiri digitala izan beharko du.

3. Eskatutako informazioa eta dokumentuak sartuta, sistemak erregistro zenbakia esleituko du eta eskatzaileak eraikinaren inskripzio frogagiria eta energia eragimenaren etiketa jasoko ditu.

5. artikulua. Energia eragimenaren ziurtagiriaren balioa, berritzea, eguneratzea eta deuseztatzea.

1. Proiektuaren energia eragimenaren ziurtagiria.

1.1. Proiektuaren energia eragimenaren ziurtagiria eta hari dagokion erregistroko inskripzioa eguneratu beharko dira baldin eta proiektuan eraikinaren ezaugarri energetikoei eragiten dien aldaketarik egiten bada.

1.2. Eraikinaren sustatzaile edo jabeak proiektuaren energia eragimenaren ziurtagiriaren erregistroko inskripzioa deuseztatzeko eskatu ahalko du proiektua egiten ez den kasuetan.

2. Amaitutako eraikinaren energia eragimenaren ziurtagiria.

2.1. Amaitutako eraikinaren energia eragimenaren ziurtagiriak, eta erregistroan egindako inskripzioak, hamar urteko balioa izanen dute gehienez ere. Eraikinaren jabea izanen da hori berritzeko arduraduna.

2.2. Eraikinaren titularrak, inskripzioa berritu ahal izateko, eta hasierako inskripzioa aldatu ez bada, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Hasierako ziurtagiria sortu zuten eraikuntza-elementuak edo instalazio termikoak aldatu ez direla dioen aitorpena.

b) Instalazio termikoaren energia eragimenaren aldizkako ikuskapenen ziurtagirien kopia. Horiek Eraikinetako instalazio termikoei buruzko Erregelamenduan daude jasoak.

2.3. Amaitutako eraikinaren energia eragimenaren ziurtagiria sortu zuten parametroak aldatzen badira, titularrak 3. artikuluan adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.

2.4. Berritu, eguneratu eta deuseztatzeko eskabideak 3. artikuluan ezarritako moduan tramitatuko dira.

6. artikulua. Erregistroko informazioa eskuratzea.

1. Erregistroko informazioa telematika bidez eskuratu ahal izanen da, Nafarroako Gobernuaren "Zerbitzuen katalogoaren" bidez.

2. Hirugarrenek erregistrotik eskura dezaketen informazioa energia eragimenaren ziurtagirian agertzen den horretara mugatuko da, urtarrilaren 19ko 47/2004 Errege Dekretuaren 5.3 artikuluan ezarritakoarekin eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako mugekin bat.

7. artikulua. Kontrola eta ikuskatzea.

Enpresa Zuzendaritza Nagusiak, kasua bada, eraikinen ziurtagirien kontrolaren eta ikuskapenen norainokoak ezarriko ditu Nafarroako Foru Komunitatean. Horretarako, baliabide propioak edo kanpokoak erabiliko ditu.

8. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Foru agindu honetan aipatzen diren arauak bete ezik, arau-hauste administratibotzat joko da, eta Enpresa Zuzendaritza Nagusiak zehapena ezarri ahal izanen du.

2. Erabiltzailea babestearen arloan, eta eraikuntza berriko eraikinen energia eragimenaren ziurtagiriei dagokienez, informazioa emateari buruzko betebeharrak bete ezik, zehapena jarri ahal izanen da Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babeserako ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legean ezarritakoari eta garapenerako araudiari jarraikiz.

Azken Xedapena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa