(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Etxebizitza :
    • 322/1998 Foru Dekretua, azaroaren 2koa, etxebizitzen eta eraikinen kontrolaren arloan urratzeak zehatzeko prozedura araupetzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

322/1998 Foru Dekretua, azaroaren 2koa, etxebizitzen eta eraikinen kontrolaren arloan urratzeak zehatzeko prozedura araupetzen duena

 

(1998ko 144. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 2an)

Atarikoa 

Herri Administrazioen Araubide eta Administrazioko Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, bere IX. izenburuan, Herri Administrazioek zehapenak jartzeko duten ahalmena burutzeko bete behar dituzten oinarrizko abiaburuak ezarri ditu, eta, ordea, zehapen jakinen kasuan prozedura horiek araupetzea Herri Administrazio bakoitzaren erantzukizuna eta eskumena dela adierazten du eta esparru horretan zehapen prozedura guztien funtsezko gidalerroak baino ez ditu ematen.

Beraz, Foru Komunitatearen Administrazioari dagokio, etxebizitzaren eta administrazioko prozeduraren arloetan dituen eskumenak betez, etxebizitzaren arloan gertatzen diren urratzeak zehatzeko prozedura zehatza ezartzea. Foru dekretu honen xedea arestian adierazi diren funtsezko gidalerro horiei egokitu zaizkien zehapen prozedura artikulatzea da, zehapen espedienteen tramitazio azkarragoa ekarriko duena alegia, baina nahitaezkoa den kontraesanen oinarrian galerarik eragin gabe.

Beraz, hori guztia kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren proposamena aintzat hartu eta Nafarroako Gobernuak azaroaren 2ko bileran hartu duen erabakian ezarri denarekin bat, ondokoa dekretatu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honek Nafarroako Herri Administrazioek, etxebizitza eta eraikuntzaren kontrolaren arloan zehatzeko duten ahalmenari dagokionean, zehapenak ezartzeko duten administrazio prozedura araupetu du.

2. artikulua. Aurreneurriak.

1.-Herri Administrazioen Araubide eta Administrazioko Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 72 eta 136. artikuluetan ezarri denarekin bat Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak une oro har ditzake ondoko kasu hauetan ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoak izaten ahal diren behin-behineko aurreneurriak: prozeduraren helburu egokia, interes orokorren babesa, urratzea mantentzea ekiditea eta, beti, legea beteko dela bermatzea. Horretarako, besteak beste, ondoko behin-behineko neurriak har ditzake:

a) Nafarroako Gobernuak etxebizitzaren arloan eman dituen onura ekonomikoak etetea.

b) Baimenik ez duten obren burutzapena etetea.

c) Hala denean, emaitzako betebeharrak beteko direla bermatuko duen fidantza eskatzea.

2.-Behin-behineko neurriek ezarriko duten ebazpena hartu aurretik, interesatuak hamar asteguneko epea izanen du adierazi behar duena esateko.

3. artikulua. Zehapen espedientea hastea.

1.-Zehapen prozedura, hala ofizioz nola salaketaren bidez egien diren jarduketetan, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren Foru Aginduaren bidez hasiko da.

2.-Espedientea hasi aurretik, aurretiazko dilijentziak egiteko agindua ematen ahal da gertaerak argitzearen ondoreetarako. Aurrez eginen diren jarduketa horiek isilekoak izaten ahal dira eta horien iraupena, gehienez, hamabost egunekoa izanen da.

3.-Zehapen prozedura ezartzen duen ebazpenak jarduketen bidezko instruktorea izendatuko du eta ustez erantzukizuna duen subjektuari jakinaraziko zaio.

4.-Izendatuko den instruktorea Zuzenbidean lizentziaduna den funtzionario edo kontratatu bat izanen da, titulazio hori eskatzen duen plaza atzematen duena alegia.

4. artikulua. Prozeduraren tramitazioa.

1.-Instruktoreak karguen plegua idatziko du eta hori ustez erantzukizuna duen subjektuari jakinaraziko zaio; subjektu horrek hamabost eguneko epea izanen du bere eskubideen defentsan bidezko deritzon alegazioak formulatzeko.

Karguen pleguan ondoko hauek islatuko dira:

a) Ustez erantzukizuna duten pertsonen identifikazioa.

b) Administrazio jarduleak frogatu dituen eskubideak, urratzearen tipifikazioaren eta zehapenaren graduazioaren ondoreetarako garrantzitsuak direnak azpimarratuz.

c) Ustez egin den urratzea, urratu den manua edo urratu diren manuak adieraziz.

d) Hala denean, bidezkoa den zehapena, horren graduazioa eta zenbaketa.

e) Zehapen osagarriak eta, hala denean, ezartzen ahal diren betebeharrak.

f) Prozeduraren ebazpenean eskumenak dituen organoa eta zein den horretarako eskumenak ematen dizkion araua.

5. artikulua. Prozeduraren amaiera arrunta.

Baldin eta espedientearen hartzaileak borondatez onartzen badu bere erantzukizuna eta bere jarduketa horren ondorio diren gainerako betebeharrak betetzen baditu, instruktoreak espedientea Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari aurkez diezaioke, artxibatzearen ondoreetarako; eragiketa hori horren tramitazioak jarraitzea gora-behera da baldin eta maularen aztarna arrazoiturik badago edo prozedura hasteko sortu den gai horrek interes orokorrik badu.

6. artikulua. Froga.

Gertaerak zeintzuk izan diren zehazteko eta ustezko erantzukizunak ezartzeko egokiak izaten ahal diren frogak eginen dira, hala ofizioz nola ustezko erantzukizunak proposatuz; froga horien artean bidezkoak izanen ez diren bakarrak espedientearen xedeko gertaerekin zerikusirik ez dutenak izanen dira edota, zerikusia izan arren, ustezko erantzulearen aldeko amaierako ebazpena aldarazi ezin dutenak.

7. artikulua. Jarduketa osagarriak.

1.-Alegazioak aurkezteko epea igaro ondoren eta, hala denean, frogak egitekoa, eta beharrezkotzat jo diren dilijentziak egin aurretik, instruktoreak, baldin eta karguen plegua jakinarazi diren terminoetan mantendu badu, espedientea eskumenak dituen organoari igorriko dio; organo horrek bidezko ebazpena emanen du edo, hala denean, instruktoreari bidezkotzat jo dituen dilijentzia osagarriak egiteko aginduko dio.

2.-Baldin eta alegazio eta egin diren frogen ondorioz karguen pleguan aurreikusi diren gertaerak ez diren beste barri batzuk edo haiek baino larriagoak direnak azaltzen badira, instruktoreak interesatuari karguen plegu berria jakinaraziko dio eta kasu horretan bidezkoa izan daitekeen zehapenaren proposamena itsatsiko du, zertarako-eta hamabost eguneko epean bidezko deritzona alegatu dezan.

8. artikulua. Ebazpena.

1.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak, Foru Aginduaren bidez, zehapen prozedura bukatuko duen bidezko ebazpena emanen du. Ebazpen hori arrazoitua izanen da eta espedientean planteatu diren arazoak ebatziko ditu.

2.-Ebazpenean ezin da prozeduran zehaztu direnak ez diren gertaerarik onetsi, horien balorazio juridiko desberdina gora-behera.

3.-Ebazpenean, hala denean, harik eta betearazpidetzakoa izan arte neurri horren eraginkortasuna bermatzeko beharrezko kautelazko xedapenak hartuko dira.

4.-Ebazpena betearazpidetzakoa izanen da administrazioko bidea bukatuko denean.

5.-Zehapena ezartzeak ez du esan nahi zehatua dagokion erantzukizun zibiletik aske geratuko denik.

9. artikulua. Ebazteko epea.

Zehapen prozedura ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea hasteko ebazpena hartu zen datatik zenbatuta; epe hori luzatu egiten ahal da, gehienez beste sei hilabetez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren Foru Agindu arrazoituaren bidez.

10. artikulua. Ikuskapen aktak.

Ikuskatzeko funtzioak betetzen dituzten Administrazioko kideek eginen dituzten ikuskapen aktak ustez egiak izanen dira eta horietan islatu diren gertaerak frogatzeko balioa izanen dute, salbu eta kontrakoa frogatzen bada.

11. artikulua. Zehapena gutxitzea.

Ezarriko den isunaren zenbatekoaren ehuneko hogeita hamarrean gutxituko da ondoko beharkizun hauek betetzen badira:

a) Isunaren gainerakoa hilabeteko epean ordaintzen bada, zehapena ezarri duen ebazpenaren jakinarazpena egin den egunaren biharamunetik zenbatuta.

b) Urratzaileak idatziz adierazten badu ezarri den zehapenarekin ados dagoela eta berariaz epe horretan aurkaratzeko ekintza guztiei uko egiten diela adierazten badu.

c) Urratzaileak, hala denean, ezarri zaizkion betebeharrak betetzea edo era nahikoan bermatzea.

Xedapen Iragankor Bakarra

Foru dekretu hau ez da aplikagarria izanen indarrean jarri aurretik hasita zeuden zehapen prozeduren ondoreetarako, horiek aurreko arautegian ezarri denaren arabera arautuko baitira.

Azken Xedapenetan Lehenengoa

Ahalmena ematen zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari honako foru dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Indargabetu egin dira foru dekretu honen aurka dauden lerrun bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Hirugarrena

Foru Dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den egunaren biharamunean jarriko da indarrean

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa