(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Arau orokorrak :
    • 3608/2013 Ebazpena, irailaren 20koa, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emana, erakunde autonomo horren menpeko zentroetako egoiliarren irteeretan eta haiei lagun egiteko aplikatu beharreko irizpideak onesten dituen

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

3608/2013 Ebazpena, irailaren 20koa, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emana, erakunde autonomo horren menpeko zentroetako egoiliarren irteeretan eta haiei lagun egiteko aplikatu beharreko irizpideak onesten dituen

 

(2013ko 206. NAOn argitaratutako testua, urriaren 24an)

Atarikoa

Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren 2. artikuluko 4. idatz-zatiak honela definitzen du egoitzako arreta zerbitzua: zentroa edo familiartekoen etxebizitza pertsonaren egiazko egoitza bihurtzen delarik, horietan ematen dena, aldi baterako edo epe luzerako, ostatua, mantenua eta gaikuntzako edo errehabilitazioko beste jarduera espezializatu batzuk eskainiz, zaindutako pertsonaren ezaugarriak kontuan hartuta.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 8.1 artikuluak egoitzetako zerbitzuen titularren eskubideak arautzen ditu, eta gizarte zerbitzuen hartzaile guztientzat 6. artikuluan aurreikusitakoei gehitzen zaizkie. d) letrak arreta pertsonalizatua jasotzeko eskubidea ezartzen du, norberaren behar berariazkoen araberakoa, hau da, laguntza soziala, osasunekoa, farmazeutikoa, hezkuntza eta kultura arloetakoa eta, oro har, behar pertsonal guztiak bere baitan hartzen dituena, garapen egokia lortzeko.

Antzeko testua du Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren 13.2.c) artikuluak.

Azaldutako araudian oinarrituta, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren menpeko egoitzak erabiltzen dituztenak dira zerbitzuen hartzaileak, zentro horiek zer diren kontuan hartuta. Araudi horretan, ordea, ez dira aipatzen egoiliarrek batzuetan egin behar dituzten irteerak, dela egoitzak berak programatu eta antolatutako jardueretan parte hartzeko, egoitzako arretaren zerbitzuak berak eskainita, dela irteera pertsonalak egiteko, mota askotako arrazoiengatik.

Egoera horren aurrean, irteera horiei aplikatu beharreko irizpideak arautu gogo dira ebazpen honetan, baita kasu horietan egoiliarrei lagun egiteko modua ere, kontuan hartuta betiere erabiltzaileek osasun eta gizarteratze arloan dituzten beharrak.

Horrela, lehenik eta behin, aplikazio orokorreko eta guztien ezagutzako arauak ezarri gogo dira, zerbitzua hobe dezaten eta berme handiagoa eman diezaieten egoitzetako erabiltzaileei eta senitartekoei edo tutoreei. Orobat, zentro horietan lan egiten duten profesionalen jarduketa erraztu gogo da, egoeren aurrean jarraitu beharko dituzten irizpideak argituta. Zentroetako profesionalek eta zuzendaritzak malgutasunez eta zentzuz aplikatuko dituzte irizpide horiek, halako moduan non erabiltzaileen autonomia ziurtatuko baita, bai eta haien gizarteratzea ere.

Alde horretatik, aipatu behar da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 42. artikuluak ezarrita duela Administrazioko organoek hierarkiaz beren menpe daudenen jarduerak zuzentzen ahalko dituztela zerbitzuko aginduak eta jarraibideak emanez, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen ahalko direla. Ez betetzeak ez du berez eraginik administrazio organoek agindutako egintzen balioan, kasu bakoitzean izan daitekeen diziplina bidezko erantzukizuna galarazi gabe.

Horrenbestez, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi zituen uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz, ebatzi dut:

1. Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren menpeko zentroetako egoiliarren irteeretan eta haiei lagun egiteko aplikatu beharreko irizpideak onestea. Ebazpen honen eranskin gisa jaso dira.

2. Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak ekainaren 5ean emaniko 2171/2013 Ebazpena ondoriorik gabe uztea.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren menpeko zentroetako zuzendaritzara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

ERANSKINA. Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren menpeko zentroetako egoiliarren irteeretan eta haiei lagun egiteko aplikatu beharreko irizpideak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren menpeko zentroetako egoiliarrek egiten dituzten irteerei aplikatuko zaizkien irizpideak ezartzea du xede ebazpen honek, zein diren ere haietarako arrazoiak, eta presakoak edo programatuak izan.

Orobat, pertsona horiei lagun egiteko bete beharreko jarraibideak finkatu dira, baita irteera horiek izan dezaketen gastuaren kargu egiteari buruzkoak ere.

2. Inguruabar horietan egoitzen jarduketari segurtasun handiagoa ematea dute helburu arau hauek, egoiliarren, haien senitarteko edo tutoreen eta profesionalen beraien onerako, egoitzako zerbitzua hobekiago eman dadin, betiere kontuan harturik erabiltzaileen osasuna eta gizarteratzea.

2. Aplikazio eremua.

Finkatu diren irizpideak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren menpeko zentroetan aplikatuko dira, bai zaharrentzako egoitza zerbitzuak ematen dituztenetan, bai buruko gaitza dutenentzat eta desgaitasunen bat, gorputzean edo adimenean edo/eta kalte zerebrala dutenentzat.

Zentroko kudeaketa zuzenean edo zeharka egin, aplikatu eginen da.

3. Aplikatu beharreko irizpideak.

1. Zentroetako egoiliarren irteerak, haiek lekuz aldatu eta lagun egin beharra ekartzen dutenak, arrazoi askoren ondorio izan daitezke:

a) Egoitzak berak programatu eta antolatutako jarduerak egiteko, zerbitzuak berak eskainita (ibilaldiak, txangoak, bisita programatuak, etab.).

b) Egoitzatik kanpo aisialdiko jarduera pertsonalak egitea, beren borondatez (igerilekua, eskulanak, yoga, etab.).

c) Medikuaren kontsulta programatuetara joatea, sare publikoan nahiz pribatuan (dentista, podologoa, optikoa, ortopedia, etab.).

d) Kudeaketa ofizialak edo pribatuak egitea (Nortasun Agiri Nazionala berritzea, udal erroldan kudeaketak egitea, epaitegian, notarioaren bulegoan, banketxean, eta abarretan).

e) Presako lekualdatzeak osasun arazoak direla eta.

2. Hauek dira bete beharko diren irizpideak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren menpeko zentroetako egoiliarren irteeretan eta haiei lagun egiteko, bai eta sortzen diren gastuak ordaintzeari dagozkionak ere:

a) Zentroko profesionalek lagun eginen diete egoiliarrei zentrotik ateratzen direnean zentroak berak programatu eta antolatutako jarduerak egitera joateko. Haiekin joatea eta lagun egitea profesional horien lan eskumenekoa da, eta xedea erabiltzaileen behar sozialei, kulturalei eta heziketa arlokoei erantzutea da.

Irteera programatu horiek egiten direnean, zentroko zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio zein jarduera egin behar den eta zein den egoiliarrekin joanen den profesionala.

b) Gainerako kasuetan, egoitzetako erabiltzaileak senitartekoren batek, erreferentziako pertsonak, tutoreak edo boluntarioek lagunduta joanen dira zentrotik kanpora egin beharreko irteeretara.

Salbuespen kasuetan, aurreko lerroaldean aipatutakorik inor ez bada edo adina edo osasuna dela-eta arrazoi justifikatuengatik ezin diotenean egoiliarrari lagun egin, kanpoko norbaitek egiten ahalko du, beraiek ordainduta.

c) Egoitzetako profesionalek ez dituzte egoiliarrak lagunduko zentrotik ateratzen direnean, non ez diren irteera horiek egiten zentroak berak programatu eta antolatutako jarduerak egiteko edo presako lekualdatzeetarako osasun arrazoiengatik.

Azken kasu horretan, zentroko zuzendaritzak erabakiak hartu beharko ditu egoiliarra bertatik atera eta harekin osasun zentro batera joateko larrialdi batean. Zentroko langile batek lagunduko du, eta zuzendaritzak lehenbailehen jakinaraziko die inguruabar hori egoiliarraren senitartekoei erreferentziako pertsonari edo tutoreari.

Osasun zentrora eramatea presakoa ez bada, zentroko zuzendaritza harremanetan jarriko da pertsona horiekin, lekualdatze hori lehenbailehen egin dezaten.

d) Egoiliarra ospitalean gelditzen bada, haren senitartekoak, erreferentziako pertsona edo tutorea arduratuko dira arreta emateaz, bai zuzenean bai egokitzat jotako laguntzaileren bat kontratatuz; betiere, beren kontura ordainduko dute.

Horrek ez du galaraziko egoitzako gizarte-langileak jarraipena egitea ospitaleetan dauden egoiliarrei, behar diren bisitak eginez.

e) Senitartekoek, erreferentziako pertsonak edo tutoreak eramanen dituzte egoiliarrak leku batetik bestera, egokientzat iritzitako baliabideen bitartez, eta haiek ordainduko dituzte sorturiko gastuak. Orobat, lekuz aldatzeko gastuaren kargu eginen dira kanpoko norbait kontratatzen denean, lehen azaldutako arrazoiengatik.

f) Salbuespen gisa, egoitzak erabakia hartzen ahalko du egoiliarrak zentroko ibilgailu batean eramateko, baldin eta erabilera hori zentzuz eta efizientziaz egiten bada. Era berean, zentroak berak programatu eta antolatutako jarduerak egitera joateko edo, osasun arrazoiengatik, presako lekualdatzeetarako, beharrezkoa denean zentroko ibilgailua erabiliko da.

Ez da inoiz zentroko profesionalen ibilgailuetan lekuz aldatuko.

g) Egoitzatik kanpo borondatez eta aldizka egiten diren astialdiko jarduera pertsonaletara (igerilekua, eskulanak, yoga, eta abar) joateko, irteerak boluntarioek lagunduta egiten ahalko dira oinez, autobus publikoan edo taxian, eta gastuak egoiliarrak, bere familiak, erreferentziako pertsonak edo tutoreak hartuko ditu bere gain.

g) Egoiliarrei lagun egin eta haiek eraman aurretik, erizainak eta/edo egoiliarrak berak jakinaraziko dizkiote zentroko gizarte langileari kontsultaren edo/eta jarduera programatuen data eta ordutegia. Gizarte langilearen eginkizuna izanen da irteerak programatzea, lagun egitea eta lekuz aldatzeko modua zehaztuta (egoiliarraren senitartekoak, erreferentziako pertsonak edo tutoreak egiten ez dutenean).

h) Familiak, erreferentziako pertsonak edo tutoreak ez diotenean lagun egiten egoiliarrari bere irteeretan, dokumentu bat sinatu beharko dute, irteera eta tokiz aldatzeko modua baimendu eta onartzeko, eta zentroko gizarte laguntzaileari eman beharko zaio. Dokumentu hori ez da beharrezkoa izanen egoiliarrak, osasun arrazoiengatik, presaka lekualdatu behar direnean, ez eta zentroak berak programatu eta antolatutako jarduerak egitera joateko.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa