(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Zerbitzuen antolaketa :
    • 75/2003 Foru Agindua, irailaren 24koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, "zentro gerontologikoetako eguneko egonaldietarako zerbitzua" sailkatzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

75/2003 Foru Agindua, irailaren 24koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, "zentro gerontologikoetako eguneko egonaldietarako zerbitzua" sailkatzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2003ko 133. NAOn argitaratua, urriaren 17an. Aldaketak: 67/2005 Foru Agindua, maiatzaren 16koa)

Atarikoa

Gizarte-zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legeak prestazioen kalitate eta maila hobeak erdiestera bideratutako zenbait jarduketa administratibo arautzen ditu, eta, bete ezean, zehatzeko sistema ezartzen du.

Legea garatzeko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua eman zen, eta hark gizarte zerbitzuen gaietako zerbitzuak eta zentroak sailkatzeaz gainera, ezarri ere egiten ditu horietako bakoitzak bete behar dituen azpiegituraren, ekipamenduaren, langileen eta funtzionamenduaren gaineko baldintzak.

Halaber, aipatutako foru dekretuaren 4. artikuluak honako hau dio: bertan jasotzen ez diren zentro edo zerbitzuak edo haietakoren batekin pareka ez daitezkeenak, banaka eta foru agindu bidez sailkatuko dira.

"Zentro gerontologikoetako eguneko egonaldietarako zerbitzua" gizarte-zerbitzuen zentro berritzat hartu beharra dago, baina, ezarritakoetan ezin sartu denez, haren berariazko sailkapena egiten da, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren 4. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Horrenbestez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 37. artikuluak ematen dizkion ahalmenak erabiliz, agindu du:

Lehena

"Zentro gerontologikoetako eguneko egonaldietarako zerbitzua" foru agindu honen eranskinean jasota dagoenaren arabera sailkatzea.

Bigarrena

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena

Foru agindu hau Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

ERANSKINA. Zentro gerontologikoetako eguneko egonaldietarako zerbitzua

Definizioa:

Zentro gerontologiko batek ematen dituen zerbitzuetako bat da, nagusiki funtzio hau bete behar duena: zaharrei babesa ematea, zaintzea, oinarrizko eginbeharretan laguntzea, eta haien higiene eta janari kontuez arduratzea.

Helburuak:

Laguntza eta babes sozio-sanitarioa eskaintzea 65 urtetik gorako pertsonei, behin betikoz zentro geriatrikoetara bidali beharrean.

Horrelako pertsonak zaintzeak ematen duen lanean familiei laguntzea, familiaren esparruan irauten duten bitartean.

Erabiltzaileak:

Zentroaren erabiltzaileen ezaugarriak dituzten adineko pertsonak.

Ematen diren zerbitzuak:

-Zaintza eta arreta.

-Eguneroko bizimodurako laguntza osoa.

-Botikak prestatu eta ematea.

-Lan bidezko terapiako jarduerak.

-Jolas eta josteta jarduerak.

-Zentroari interesgarri iruditzen zaizkion beste batzuk.

Langileak:

a) Zuzenean laguntzeko langileak gutxieneko proportzio hauei eutsiz zehaztuko dira: 0,06 bere buruaz baliatzen ahal den erabiltzaile bakoitzeko eta 0,20 laguntza behar duen erabiltzaile bakoitzeko.

b) Zerbitzua ematen den zentroko profesionalen babesa izango dute: OLT/EDU, terapeuta eta fisioterapeuta, medikua eta gizarte-langilea.

c) Zuzendaritza, gainbegiratzea eta jarraipena zentroko arduradunen eginbeharra izanen da.

Berariazko baldintzak:

a) Zentroan gehienez ere bederatzi ordu ematen ahalko dira egunero. Zentroaren eta erabiltzaileen ezaugarrien arabera ordutegia malgutzen ahalko da.

c) Indarra duten arauetan ezarritako tarifa eta laguntzak aplikatuko dira.

d) Orain dauden laguntzarekiko eguneko zentroei, zerbitzu honen ezaugarrietara egokitzen badira, izen hau emanen zaie: eguneko egonaldietarako zerbitzua.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa