(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Enplegua :
    • 15/2012 Foru Dekretua, martxoaren 14koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

15/2012 Foru Dekretua, martxoaren 14koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2012ko 63. NAOn argitaratua. Akats zuzenketa, 2012-04-13ko NAO. Aldaketak: 19/2013 Foru Dekretua, martxoaren 20koa; 18/2014 Foru Dekretua, otsailaren 14koa; 6/2015 Foru Dekretua, otsailaren 4koa)

Atarikoa

Apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuaren bidez sortu zen Nafarroako Enplegu Zerbitzua, erakunde autonomo administratibo gisa, orduko Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari atxikia, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari enpleguaren arloan dagozkiokeen eginkizunak betetzea eta zerbitzuak ematea du esleituta.

Nafarroako Gobernuko lehendakariak uztailaren 1ean emandako 10/2011 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua ezarri ziren. Foru Dekretu hori 131. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 2an.

Era berean, uztailaren 26ko 109/2011 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, eta hari atxiki zitzaion Nafarroako Enplegu Zerbitzua, geroko garapena galarazi gabe. Dekretu hori 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 29an.

Foru dekretu honen xedea da estatutu berri batzuk onestea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren egitura organiko berria finkatu eta garatzeko, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren egitura berriari egokiturik.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Gobernu Kontseiluak aldeko txostena eman zion 2011ko abenduaren 2an foru dekretu honen proiektuari.

Horiek horrela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko martxoaren 14ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onestea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dira. Horien testua honen ondotik erantsi da.

Lehen Xedapen Gehigarria. Izendapenak.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

a) Enplegurako Laguntzen Ataleko buruarena, Aukera Berdintasunerako Atalekoa izanen baita.

b) Lan-munduan Sartzeko eta Aukera Berdintasunerako Ataleko buruarena, Enplegua Sustatzeko Atalekoa izanen baita.

c) Kudeaketa Administratiboaren Ataleko buruarena, Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Ataleko buruarena izanen baita.

d) Iruñeko 1. Enplegu Agentziako buruarena, Iruñeko 2. Zabalguneko Enplegu Agentziako buruarena izanen baita.

e) Iruñeko 2. Enplegu Agentziako buruarena, Iruñeko Yamaguchiko Enplegu Agentziako buruarena izanen baita.

f) Iruñeko 3. Enplegu Agentziako buruarena, Iruñeko Arrotxapeko Enplegu Agentziako buruarena izanen baita.

g) Bitartekaritza eta Behatoki Zerbitzuko zuzendariarena, Bitartekaritza eta Orientazio Zerbitzua izanen baita.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Aurrekontuko aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari aurrekontuan beharrezkoak diren aldaketak egin ditzan, foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen irailaren 13ko 59/2010 Foru Dekretua.

Azken Xedapenetan Lehena. Arauak emateko gaitasuna.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

NAFARROAKO ENPLEGU ZERBITZUAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izaera juridikoa eta atxikipena.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa da, bere nortasun juridiko berezitua du, baita kudeatzeko autonomia ere, bere xedeak betetzeko.

2. Nafarroako Enplegu Zerbitzua Nafarroako Gobernuaren Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari atxikitzen zaio. Horrek izanen du kontrola haren eraginkortasunaren eta eragimenaren gainean, Foru Komunitatearen Administrazioko beste organo batzuei dagokien kontrola ukatu gabe.

2. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskumenen eremua.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokio Foru Komunitateko Administrazioak enplegu politiken plangintza, exekuzio eta kontrolari buruz gizarte-eragileekin adostuta dituen eskumenak baliatzea, enpleguaren sustapenari, lanaren merkatuan sartzeko aukera berdintasunari, enplegurako lanpostu, bitartekaritza, orientazio eta prestakuntzari eta Nafarroako enplegu egoerari eta politiken analisiari buruz ezartzen diren zerbitzu eta programen kudeaketa koordinatuaren bitartez.

2. Bereziki, aurreko lerroaldean deskribatu den eskumen eremua garatzeko, eginkizun hauek baliatzea dagokio:

a) Kontratazioa lagundu eta bultzatuko duten programak prestatu eta proposatzea.

b) Foru Komunitateko enplegurako prestakuntza kudeatu, planifikatu eta koordinatzea.

c) Lanbide kualifikazioa sustatzea, enplegurako eta lanbide heziketako eta laneko esperientziaz eta prestakuntzarako bide ez formalen bidez lortutako gaitasun profesionalak egiaztatzeko programen bitartez.

d) Lan merkatuaren eskaintzaren eta eskaeraren bitartekari lanean aktiboki parte hartzea.

e) Enplegurako behatoki dinamikoa ezartzea, gainerako eginkizunen euskarri tekniko gisa.

f) Lanbide orientaziorako zerbitzuak indartzea, lan munduan sartu ahal izateko.

g) Enplegurako politika aktiboak zehaztuko dituzten ekintzak, planak edo programak planifikatu, prestatu eta onestea eta horien jarraipena egitea, Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten gizarte eragileekin batean eta haiekin adostuta.

h) Enplegurako politika aktiboen programak kudeatzea.

i) Entitate pribatu eta publikoen ekimena bultzatzea, enplegua bultzatuko duten neurriak hartzeko.

j) Talde andeatuenen edo baztertuak izateko arriskuan direnen enplegua sustatzea.

k) Lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna bultzatzen duten politika aktiboak indartzea.

l) Enpleguaren kudeaketa hobea eta sustapena bultzatzen dituen beste edozein.

m) Zehapen ahalmena erabiltzea, Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gorde ez dituen lan arloko arau-hausteetan.

3. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren antolaketa orokorra.

1. Hauek dira Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendaritza organoak:

-Gobernu Kontseilua.

-Batzorde Iraunkorra.

-Zuzendari kudeatzailea.

2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, bere zuzendaritza organoen mende, unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzua.

b) Prestakuntza Zerbitzua.

c) Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua.

d) Bitartekaritza eta Orientazio Zerbitzua.

II. KAPITULUA. Egitura organikoa

1. atala. Gobernu Kontseilua

4. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Gobernu Kontseilua, hiru aldeko ordezkaritza duena, honela osatzen da:

a) Administrazioaren ordezkariak:

a.1) Kontseiluburua: lan arloko eskumena duen departamentuko kontseilaria.

a.2) Kontseiluburuordea: lan arloko eskumena duen zuzendari nagusia; kontseilariaren partez ariko da hura kanpoan denean.

a.3) Kontseilukidea: industria arloan eskumena duen zuzendari nagusia.

a.4) Kontseilukidea: ekonomia arloan eskumena duen zuzendari nagusia.

a.5) Idazkaria: Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzuko zuzendaria.

b) Sindikatuak ordezkatuz, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien duten sindikatuek izendatutako lau kide, Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan xedatutakoari jarraituz.

c) Enpresa erakundeak ordezkatuz, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak izendatutako lau kide.

2. Zuzendari kudeatzaileak ere, hizpidea duela baina botorik ez, parte hartuko du Gobernu Kontseiluaren bileretan.

5. artikulua. Eskudantziak.

Gobernu Kontseiluari ondoko eskudantzia hauek dagozkio:

a) Enplegurako politika aktiboak zehaztuko dituzten ekintzak, planak edo programak onestea.

b) Erakundearen aurrekontu proiektua prestatu eta onestea ekitaldi bakoitzean, eta Nafarroako Gobernuari proposatzea, onets dezan.

c) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa eta zuzendaritza lana kontrolatu, gainbegiratu eta ebaluatzea.

d) Aldeko txostena ematea zuzendari kudeatzailearen izendapenari eta kargu-uzteari.

e) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen aldaketa proposatzea kontseiluburuari, Nafarroako Gobernuak onets dezan.

f) Erabakiak kontseiluburuaren esku uztea, tramite kontuak direnean edo presakoak.

g) Batzorde Iraunkorraren esku egonik, ezagutu edo onetsi beharrekotzat jotzen dituen gaiak ezagutu eta, behar denean, onestea.

h) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikitako ondarea administratzea.

6. artikulua. Bilkuren araubidea eta erabakiak hartzea.

1. Kontseiluburuak deituta, Gobernu Kontseiluak bi hilabetean behin eginen du bilera arrunta; aldiz, bilera berezia, kontseiluburuak deituta, bere ekimenez edo hiru aldeen ordezkaritza osatzen duten aldeetako batek proposatuta.

2. Hiru aldeko ordezkaritza osatzen duten aldeek aho batez hartu beharko dituzte Gobernu Kontseiluaren erabakiak.

Hartzen diren erabakiek balioa izan dezaten, hiru aldeko ordezkaritza osatzen duten aldeetako bakoitzak gehiengo osoz onetsi beharko ditu 4.1 artikuluko a) eta c) ataletan ezarritako ordezkaritzetan, eta sindikatuen gehiengo osoz 4.1 artikuluko b) atalaren kasuan.

3. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko gai zerrendan sartua ez dagoen ezer; bai, aldiz, Gobernu Kontseiluko kide guztiak bildu edo ordezkatuta daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

2. atala. Batzorde Iraunkorra

7. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Batzorde Iraunkorra, hiru aldeko ordezkaritza duena, honela osatzen da:

a) Administrazioaren ordezkariak:

a.1) Kontseiluburua: Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea

a.2) Kontseilukidea: lan arloan eskumena duen zuzendari nagusia.

a.3) Idazkaria: Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzuko zuzendaria.

b) Sindikatuak ordezkatuz, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien duten sindikatuek izendatutako lau kide, Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan xedatutakoari jarraituz.

c) Enpresa erakundeak ordezkatuz, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak izendatutako bi kide.

2. Batzordeburuak deituta, Batzorde Iraunkorrak hilabetean behin eginen du bilera arrunta; aldiz, bilera berezia, batzordeburuak deituta, bere ekimenez edo hiru aldeen ordezkaritza osatzen duten aldeetako batek proposatuta.

3. Hiru aldeko ordezkaritza osatzen duten aldeek aho batez hartu beharko dituzte Batzorde Iraunkorraren erabakiak.

Hartzen diren erabakiek balioa izan dezaten, hiru aldeko ordezkaritza osatzen duten aldeetako bakoitzak gehiengo osoz onetsi beharko ditu, artikulu honen lehenengo puntuan ezarritako ordezkaritzetan.

4. Batzorde Iraunkorreko buruak prestatu eta onetsiko du haren eguneko gai zerrenda, bere ekimenez edo hiru aldeko ordezkaritza osatzen duten aldeetako batek proposatuta. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko gai zerrendan sartua ez dagoen ezer; bai, aldiz, Batzorde Iraunkorreko kide guztiak bildu edo ordezkatuta daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

8. artikulua. Eskudantziak.

1. Eskudantzia hauek dagozkio Batzorde Iraunkorrari:

a) Enplegu politiken plangintzan parte hartzea eta horiek garatzen dituzten arauen aldeko txostena egitea.

b) Enplegurako politika aktiboak zehaztuko dituzten ekintzak, planak edo programak prestatzea eta horien jarraipena egitea, eta ekonomikoki kuantifikatzea.

c) Gobernu Kontseiluko buruari bileretarako deia egin dezala proposatzea eguneko gai zerrendarekin batera

.

9. artikulua. Lan batzordeak.

1. Gobernu Kontseiluaren eta Batzorde Iraunkorraren barrenean sektoreko lan batzordeak eratzen ahal dira; organo horiek osatzen dituzten erakundeen ordezkariak, hark izendatuak, izanen dira kideak.

2. Gobernu Kontseiluak edo Batzorde Iraunkorrak agintzen dizkien azterlan eta proposamenak egiteko eratuko dira lan batzordeak; hark ere ezarriko die funtzionatzeko eta erabakiak hartzeko araubidea.

10. artikulua. Ordezko araudia.

Estatutu hauetan aurreikusten ez den hartan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak organo kolegiatuentzat ezartzen duen araubidea izanen dute kapitulu honetan aurreikusitako organo kolegiatuetako kideek, baita funtzionamenduak eta antolaketak ere.

3. atala. Zuzendari kudeatzailea

11. artikulua. Izendapena.

1. Nafarroako Gobernuari dagokio, foru dekretu baten bidez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea izendatu eta kargutik kentzea, erakunde autonomo hori zein departamenturi dagoen atxikita, hango titularrak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak haren alde emandako txostena duela.

2. Kargua hutsik dagoenean eta zuzendari kudeatzailea izendatu arte, lan arloko eskumena duen zuzendari nagusiak beteko ditu haren eginkizunak modu iragankorrean.

12. artikulua. Ordezkoa.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ordez, hura kanpoan, eri edo karguan aritzeko aldi baterako ezinduta badago, hark berak izendatzen duen erakunde autonomoko zerbitzuko zuzendaria ariko da.

13. artikulua. Zuzendari kudeatzailearen eskudantziak.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari esleitutako eskumenei buruz, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ordezkaritza gorena izatea.

b) Nafarroako Enplegu Zerbitzuko unitate organiko guztien zuzendaritza eta antolaketa.

c) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren esku utzitako programak eta jarduketak kudeatzea, haren helburuak bete daitezen.

d) Arloko araudiak erakunde autonomoen ordezkariei esleitzen dizkien kontratazio administratiborako ahalmenak erabiltzea.

e) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuen aurreproiektua Gobernu Kontseiluari proposatzea.

f) Erakunde autonomoari esleitutako aurrekontu programak gauzatzeko, era guztietako ordainketa eta gastuak baimentzea, behar bezala funtziona dezan.

g) Ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak eta bide judizial zibilaren eta lanekoaren aurretiko erreklamazioak (langileriaren arlokoak izan ezik) ebaztea, baita gainerako espediente administratiboak ere, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ebaztea badagokio.

h) Nafarroako Enplegu Zerbitzuan ari diren langileen buru izatea eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan edo horren ordezko izan litekeen araudian erakunde autonomoen gobernu organoei ematen zaizkien eskudantzia guztiak. Foru dekretu horretan Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoen eskudantziak zehazten dira langileriaren arloan.

i) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikitako ataletako, bulegoetako eta unitate parekatuetako burutzen bitarteko izendapena egitea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena eman eta gero.

j) Zein departamenturi dagoen atxikita, hango kontseilariak edo erakundeko Gobernu Kontseiluak agintzen dizkion eginkizun guztiak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren jarduketa eremukoak badira.

4. atala. Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzua

14. artikulua. Eginkizunak.

Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzua unitate organiko horizontal bat da, eginkizun hauek betetzen dituena:

a) Xedapen orokorrak aztertu eta prestatzea.

b) Aholkularitza juridikoa ematea zuzendaritza organoei eta unitate administratiboei, haien eginkizunak bete ditzaten.

c) Jarduteko irizpide uniformeak planifikatu eta ezartzea eremu funtzional bakoitzean, administrazio prozeduraren arloan.

d) Ekoizpen administratiboaren hobekuntza eta kalitatea planifikatu, haien ezarpenari jarraipena egin eta Nafarroako Enplegu Zerbitzua modernizatzea.

e) Enplegu Atariaren edukiak eta zerbitzuak koordinatzea, baita Administrazio Elektronikoarekin zerikusia duten beste zerbitzu batzuk ere.

f) Europar Batasuneko Egiturazko Funtsekin batean finantzatutako programa eragileak koordinatu eta jarraipena egitea.

g) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren komunikazio eta hedakuntza koordinatu eta laguntza teknikoa ematea.

h) Erabiltzaileek aurkeztutako kexa eta iradokizunak koordinatzea.

i) Kudeaketa ekonomiko-administratiboa.

j) Nafarroako Enplegu Zerbitzua osatzen duten gainerako zerbitzuek gauzatu beharreko programen kontrol juridikoa.

k) Araudia bildu eta mantentzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagozkion gaietan.

l) Zuzendari kudeatzaileak ebatzi beharreko gaietako espedienteak koordinatzea, onets daitezen.

m) Zuzendari kudeatzaileak onetsitako ebazpenak erregistratu, artxibatu eta zaintzea.

n) Zuzendari kudeatzailearen ebazpenen fede eman eta ziurtagiriak egitea, baita Nafarroako Enplegu Zerbitzuan diren dokumentu eta datuen kasuan ere.

o) Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langileei dagokienez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak idazkari nagusi teknikoei esleitzen dizkien eskudantziak.

p) Enplegu Behatokiaren eginkizunak koordinatzea.

q) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

15. artikulua. Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzuaren egitura.

Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Kudeaketa Ekonomikoaren Atala.

b) Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atala.

16. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Atalaren eginkizunak.

Kudeaketa Ekonomikoaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gastu eta diru-sarreretako aurrekontuen programak kudeatu eta haien exekuzioa kontrolatzea.

b) Kontabilitateko ekintzak koordinatu eta betearaztea, ezarrita dagoen kudeaketa sistema ekonomiko finantzarioa aplikatuta.

c) Irizpide komunak prestatzea ekonomiaren arloan eta prozeduren diseinuan, diru-laguntzen eta kontratuen kudeaketan aplikatzeko.

d) Ohiko erabilerako ondasun arrunten hornidura kudeatzea.

e) Komunikazioetako azpiegiturak eta ondasun inbentariagarriak kudeatzea.

f) Enplegu Atariaren edukiei eta zerbitzuei jarraipena egin eta kontrolatzea, baita Administrazio Elektronikoarekin zerikusia duten beste zerbitzu batzuk ere.

g) Bere zerbitzuko zuzendariak, dagokion jarduketa eremuan, agintzen dizkion eginkizun guztiak.

17. artikulua. Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atalak izanen dituen eginkizunak.

Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontratazio administratiborako espedienteak kudeatu eta kontrolatzea.

b) Aginduzko txosten juridikoak egitea beharrezko duten espedienteetan, bai eta eskatzen zaion beste edozein ere.

c) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren egintzen kontra jarritako administrazio errekurtsoen ebazpen proposamenak prestatzea.

d) Bide zibilaren eta lanekoaren aurretiko erreklamazioei buruzko txostenak prestatzea.

e) Funtzionarioen eta lan-kontratudunen arloko deialdiak koordinatzea.

f) Langileak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta lan baldintzak betetzen diren ere.

g) Dokumentazioa erregistratzeko prozesuak koordinatu, kudeatu eta kontrolatzea.

h) Zerbitzu publikoen kalitatearen eta hobekuntzaren arloko ekintzak koordinatzea.

i) Erabiltzaileek aurkeztutako kexa eta iradokizunei jarraipena egitea.

j) Bere zerbitzuko zuzendariak, dagokion jarduketa eremuan, agintzen dizkion eginkizun guztiak.

5. atala. Prestakuntza Zerbitzua

18. artikulua. Eginkizunak.

Prestakuntza Zerbitzuak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Enplegurako prestakuntza garatzen eta kualifikazio sistema eta esperientziaren egiaztapena ezartzen laguntzea.

b) Laneko esperientziaz eta prestakuntzarako bide ez formalen bidez lortutako gaitasun profesionalak egiaztatzeko prozedura diseinatu eta koordinatzea.

c) Aurreko letran aipatutako gaitasun profesionalak egiaztatu eta erregistratzea eta lanbide ziurtagiriak erregistratzea.

d) Beste administrazio, erakunde publiko, antolakunde, entitate eta enpresa batzuekin batean aritu eta haiekin koordinatzea, enplegurako lanbide prestakuntzaren eremuan.

e) Langileen lanbide kualifikazioa hobetzera bideratutako prestakuntzaren lehentasun eta beharrak aztertu eta diagnostikatzea sustatzea, eta prestakuntza programak egokitzea.

f) Enplegura bideratutako lanbide prestakuntza ezartzen aktiboki parte hartzea.

g) Foru Komunitatean garatzen diren enplegurako lanbide prestakuntzako programa eta ekimen guztiak planifikatu, koordinatu, kudeatu eta sustatzea.

h) Bere jarduketa eremuan ezarritako diru-laguntzak programatzea.

i) Nafarroako Kualifikazioen Institutuarekin lan egitea lan merkatuak eskatzen dituen kualifikazioak zein diren zehazten.

j) Bere zerbitzua kudeatzeko egokiak diren sistema informatikoak planifikatu eta ezartzea.

k) Zerbitzuko programa eta zerbitzuen informazioa hobetuko duten prestakuntzaren eta enpleguaren gaineko estatistikak programatzea.

l) Ekoizpen munduaren eskakizunei egokitutako prestakuntza eta enplegu programak orientatzea, batez ere lan munduan sartzen zail diren taldeei begira.

m) Europar Batasuneko edo nazioarteko ekintza eta proiektuetan, bere kudeaketaren eremuko gaiei lotuak direnetan, parte hartzea.

n) Kalitate eta modernizazio irizpideak ezartzea zerbitzuaren eremuko gaietan.

o) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

19. artikulua. Prestakuntza Zerbitzuaren egitura.

Prestakuntza Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Enplegurako Prestakuntza Garatzeko Atala.

b) Enplegurako Lanbide Prestakuntzako Programen eta Kalitate Jarraipenaren Atala.

c) Enplegurako Lanbide Prestakuntza Kudeatzeko Atala.

d) Zentro Berekien eta Esperientzia bidezko Egiaztapenerako Atala

.

20. artikulua. Enplegurako Prestakuntza Garatzeko Atalaren eginkizunak.

Enplegurako Prestakuntza Garatzeko Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Enplegurako prestakuntza eredua diseinatzen laguntzea.

b) Enplegurako prestakuntza planifikatu, antolatu eta programatzeko lanetan laguntzea.

c) Prestakuntzaren kalitatea hobetzeko planak proposatzea.

d) Prestakuntzaren arloko praktika egokiak zehaztea.

e) Nafarroako Gobernuak koordinaziorako ezarritako irizpideei jarraituz, laguntza ematea eta ardura hartzea sortzen diren tresna eta gailuak ezar daitezen eta funtziona dezaten Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eremuan, kualifikazio sistema garatu izanaren ondorioz.

f) Laneko esperientziaz eta prestakuntzarako bide ez formalen bidez lortutako gaitasun profesionalak egiaztatzeko prozeduran lagundu eta parte hartzea.

g) Energia Berriztagarrien eta Energia Eragimenaren Erreferentziako Zentro Nazionalari laguntzea.

h) Berrikuntza eta laguntza ekintzak garatzea, enplegurako prestakuntzaren eremuan.

i) Koordinazio teknikoa, enplegurako prestakuntzaren garapenean esku hartzen duten entitate eta erakundeekin.

j) Bere zerbitzuko zuzendariak, dagokion jarduketa eremuan, agintzen dizkion eginkizun guztiak.

21. artikulua. Enplegurako Lanbide Prestakuntzako Programen eta Kalitate Jarraipenaren Atalaren eginkizunak.

Enplegurako Lanbide Prestakuntzako Programen eta Kalitate Jarraipenaren Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Langabeen, lanean dihardutenen, talde berezien eta lan munduan sartzen zail direnen enplegurako prestakuntza programak proposatu eta prestatzea.

b) Langileen prestakuntza bultzatzea enpresan, beharrak diagnostikatuz eta/edo prestakuntza planen bitartez enpresan.

c) Prestakuntza ekintzen programazioa proposatzea, zerbitzuan atzemandako beharren ondorioz edo Enplegu Behatokiak atzemandako lanpostu eskaeren prospekzioaren ondorioz.

d) Espezialitateen fitxategia ezarri, kudeatu eta eguneratzea.

e) Prestakuntzako ikastetxe eta entitateak baimentzeko azterlana eta proposamena egitea, enplegurako lanbide prestakuntza eman dezaten.

f) Enplegurako prestakuntza emateko inskribatuta eta/edo egiaztatuta dauden Ikastetxeen Erregistroa kudeatzea.

g) Prestakuntza hedatzeko euskarriak prestatzea eta haren eskaintzaren behar bezalako hedakuntza bermatzea.

h) Prestakuntzako ikastetxe eta entitateekin eta enplegu agentziekin koordinatzea.

i) Prestakuntza ekintzen kontrola, jarraipen teknikoa eta ebaluazioa, enplegurako lanbide prestakuntzaren kalitatea ziurtatzearren.

j) Bere zerbitzuko zuzendariak, dagokion jarduketa eremuan, agintzen dizkion eginkizun guztiak.

22. artikulua. Enplegurako Lanbide Prestakuntza Kudeatzeko Atalaren eginkizunak.

Enplegurako Lanbide Prestakuntza Kudeatzeko Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Enplegurako lanbide prestakuntzako programetarako eta enpresa planetarako laguntzen eta diru-laguntzen oinarri arautzaileak prestatu eta proposatzea.

b) Enplegurako lanbide prestakuntzako programetarako eta enpresa planetarako laguntzen eta diru-laguntzen espedienteak kudeatu, kontrolatu eta tramitatzea.

c) Beka eta laguntzen espedienteak kudeatu, kontrolatu eta tramitatzea, enplegurako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzat.

d) Enplegurako lanbide prestakuntzako programetan eta enpresa planetan kudeatutako laguntzen eta diru-laguntzen exekuzioari jarraipena egitea.

e) Prestakuntza Arloko programei buruzko adierazle eta estatistikak prestatzea.

f) Diru-laguntza, beka eta laguntzen justifikazio finantzariorako irizpideak ezartzen lan egitea, baita finantza kontrolaren arloko laguntza teknikoa kontratatzeko baldintza teknikoak ezartzen ere.

g) Prestakuntza kudeatzeko tresna informatikoen beharrak atzematea.

h) Diru-laguntza, beka eta laguntzen prozeduren eta kudeaketaren gaineko kontrol eta auditoretzei erreparatzea.

j) Bere zerbitzuko zuzendariak, dagokion jarduketa eremuan, agintzen dizkion eginkizun guztiak.

23. artikulua. Zentro Berekien eta Esperientzia bidezko Egiaztapenerako Atalaren eginkizunak.

Zentro Berekien eta Esperientzia bidezko Egiaztapenerako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Iturrondo Prestakuntza Zentroaren eta Energia Berriztagarrien eta Energia Eragimenaren Erreferentziako Zentro Nazionalaren (Enplegurako Prestakuntzaren Arloa) prestakuntza ekintzen eta jardueren koordinazioa, programazioa eta gauzatzea.

b) Prestakuntza arloko ekintza berritzaileen garapena eta esperimentazioa bi zentroetan.

c) Energia Berriztagarrien eta Energia Eragimenaren Erreferentziako Zentro Nazionalaren (Enplegurako Prestakuntzaren Arloa) teknologia arloko ekintzak koordinatu, programatu eta gauzatzea, baita Estatuko Zerbitzu Publikoarekin energia berriztagarrien sektorean adosten diren lan planak ere.

d) Bi zentroetan egiten diren prestakuntza ekintzak ebaluatu eta haien gaineko txostena egitea, baita Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin adosten diren lan planei dagozkienak ere.

e) Bi zentroetako langileen antolaketa eta zuzendaritza lana.

f) Otsailaren 15eko 229/2008 Errege Dekretua aplikatuz enplegurako prestakuntza eremuan dagozkiokeenak. Dekretu horren bidez, Erreferentziako Zentro Nazionalak arautu ziren lanbide prestakuntzaren arloan.

g) Enpresen prospekzioko jarduerak kudeatzea, lan merkatuaren bilakaerari egokitutako prestakuntza ekintzak eskaintzeko.

h) Kualifikazioen sistema nazionala garatzea.

i) Laneko esperientziaz eta prestakuntzarako bide ez formalen bidez lortutako gaitasun profesionalak egiaztatzeko prozedura antolatu, kudeatu eta betearaztea, indarreko araudiak ezartzen duenarekin bat.

j) Bere zerbitzuko zuzendariak, dagokion jarduketa eremuan, agintzen dizkion eginkizun guztiak

.

24. artikulua. (indargabetua)

6. atala. Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua

25. artikulua. Eginkizunak.

Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Lanpostuak sortzea, lanpostuek irautea eta enpleguaren iraunkortasuna bultzatzen duten programak prestatu eta kudeatzea.

b) Ekimena eta autoenplegua sustatzen dituzten programak prestatu eta kudeatzea.

c) Gazteen enplegurako berariazko laguntza programak prestatu eta kudeatzea.

d) 50 urtetik gorako langabeentzako berariazko laguntza programak prestatu eta kudeatzea.

e) Berariazko laguntza programak prestatu eta kudeatzea, lan merkatutik baztertutako taldeak edo baztertuta gelditzeko arriskua dutenak lan munduan sartzeari begira.

f) Emakume langabeentzako berariazko laguntza programak prestatu eta kudeatzea.

g) Enplegurako politika aktiboak gauzatzea eta, hala denean, diseinatzea, enplegua eta aukera berdintasuna sustatzearen arloan.

h) Enplegu sustapenaren, aukera berdintasunaren eta lan-hobi berrien arloan, Europar Batasuneko Egiturazko Funtsekin batean finantzatutako programa eragileetan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagozkiola, ageri diren neurriak koordinatzea.

i) Enplegua eta aukera berdintasuna sustatzearen arloan garatutako politiken ebaluazioa.

j) Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean ezarritako kontratu erreserba betetzen den kontrolatzea, eta kontrol horren emaitzaren txostena Kudeaketako Zuzendaritzari igortzea.

k) Kalitate eta modernizazio neurriak ezarri eta abian jartzea zerbitzuaren eremuko gaietan.

l) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

26. artikulua. Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuaren egitura.

Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Enplegua Sustatzeko Atala.

b) Aukera Berdintasunerako Atala.

27. artikulua. Enplegua Sustatzeko Atalaren eginkizunak.

Enplegua Sustatzeko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lanpostuak sortu eta mantentzeko laguntza programak kudeatzea.

b) Enpleguaren egonkortasun programak kudeatzea.

c) Gazteen enplegurako berariazko laguntza programak kudeatzea.

d) Emakume langabeentzako berariazko laguntza programak kudeatzea.

e) Autoenplegua sustatzeko programak kudeatzea.

f) Ekimena sustatzeko programak kudeatzea.

g) Gizarte ekonomiari laguntzeko berariazko laguntza programak kudeatzea.

h) Toki entitateek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek interes orokor edo sozialeko obrak edo zerbitzuak kontratatzeko laguntzak kudeatzea.

i) Enpleguaren arloan tokiko garapena sustatzeko programak kudeatzea.

j) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendariak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

28. artikulua. Aukera Berdintasunerako Atalaren eginkizunak.

Aukera Berdintasunerako Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Enplegurako Zentro Berezientzako laguntzak kudeatzea.

b) Gizarteratze Zentroentzako laguntzak kudeatzea.

c) Lan merkatutik baztertutako taldeak edo baztertuta gelditzeko arriskua dutenak lan munduan sartzeko berariazko programak kudeatzea.

d) Prestakuntzako eta enpleguko programa mistoak kudeatzea.

e) Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean ezarritako kontratu erreserba betetzen den kontrolatzeko beharrezkoak diren lan teknikoak egitea.

f) Enplegu sustapenaren, aukera berdintasunaren eta lan-hobi berrien arloan, Europar Batasuneko Egiturazko Funtsekin batean finantzatutako programa eragileetan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagozkiola, ageri diren neurriak koordinatzea.

g) 50 urtetik gorako langabeen eta luzaroko langabeen enplegurako berariazko laguntza programak kudeatzea.

h) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendariak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

7. atala. Bitartekaritza eta Orientazio Zerbitzua

29. artikulua. Bitartekaritza eta Orientazio Zerbitzuaren eginkizunak.

Bitartekaritza eta Orientazio Zerbitzuak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Lan bitartekaritzaren sistema koordinatu eta kudeatzea.

b) Enplegu agentziak koordinatu eta haien kudeaketa kontrolatzea.

c) Lan munduan sartu eta hartara orientatzeko jarduketa guztiak bultzatu eta kudeatzea.

d) Enplegu Zerbitzu Publikoetako informazio sistemen aplikazio informatikoak koordinatzea, horiekin lankidetzan aritzea eta jarraipena egitea.

e) Eures sarea zuzentzea.

f) Estatistikan aritzen diren erakunde publikoekin koordinatzea.

g) Entitate laguntzaileekin koordinatzea bitartekaritzaren eta orientazioaren arloan.

h) Lan merkatuaren prospekzioa.

i) Informazioaren eta Orientazioaren Sare Bateratua zuzendu eta koordinatzea.

j) Kalitate eta modernizazio irizpideak ezartzea zerbitzuaren eremuko gaietan.

k) Enpresaburuek lan kontratuak legeak ezarritako moduan erregistratzeko edo, kasuaren arabera, jakinarazteko duten betebeharrari buruzko exekuzio eginkizunak; halaber, lan kontratuak bukatzen direnean, enplegu agentziari jakinarazi beharrari dagozkionak.

l) Nafarroako Foru Komunitatearen barrenean soilik aritzen diren enplegu agentziak baimendu, kontzesioa eman, berritu, aldatu eta deuseztatzeko proposamena.

m) Lan bitartekaritzaren arloan izaten diren itunak, lan hitzarmenak eta diru-laguntzak kudeatzea.

n) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

30. artikulua. Bitartekaritza eta Orientazio Zerbitzuaren egitura.

1. Bitartekaritza eta Orientazio Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

-Orientazio Atala.

-Bitartekaritza Atala.

2. Orobat, unitate organiko hauek atxikitzen zaizkio Bitartekaritza eta Orientazio Zerbitzuari, atal gisa:

-Iruñeko 2. Zabalguneko Enplegu Agentzia.

-Iruñeko Yamaguchiko Enplegu Agentzia.

-Iruñeko Arrotxapeko Enplegu Agentzia.

-Tuterako Enplegu Agentzia.

3. Orobat, aipatu zerbitzuari atxikitzen zaizkio, ezarriko diren mailarekin eta eginkizunekin, Altsasu, Agoitz, Lizarra, Lodosa, Doneztebe eta Tafallako Enplegu Agentziak eta Iruñeko eta Iruñerriko Enpresen Agentzia.

31. artikulua. Orientazio Atalaren eginkizunak.

Orientazio Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Langileen aldeko lanbide orientazio eta informazioko ekintzak proposatu, gauzatu eta koordinatzea, lan munduan sartu eta igo daitezen laguntzeko

b) Lanbide Orientazioaren eta Informazioaren Sarea koordinatzea.

c) Lan merkatuetako kualifikazio beharrak aztertzea.

d) Unibertsitateko ikasleei eta Lanbide Heziketa Arautukoei lan arloko informazioa eta orientazioa emateko zeregina sustatzea.

e) Lan munduan sartzea zail duten taldeentzako lan orientazioko sistemak proposatu eta gauzatzea.

f) Enplegu agentzietako orientazioa koordinatzea.

g) Eremu horretan aritzen diren entitateek egindako orientazio programak kontrolatzea.

h) Enplegu agentzietako teknikariak koordinatu eta haiei aholku ematea, langileen hautaketa teknikoaren arloan.

i) Hautaketa teknikoaren prozesuetarako behar diren proba psikoteknikoak kudeatzea.

j) Lan munduan sartzeko orientazio eta prestakuntza.

k) Bere zerbitzuko zuzendariak, dagokion jarduketa eremuan, agintzen dizkion eginkizun guztiak.

32. artikulua. Bitartekaritza Atalaren eginkizunak.

Bitartekaritza Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Bitartekaritza prozesuari aplikatzen ahal zaion sistema informatikoa diseinatu, mantendu eta ustiatzea.

b) Zerbitzuko unitate periferikoei euskarri teknikoa eskura jarri eta haien funtzionamendua gainbegiratzea.

c) Enplegu eskatzaileen historial profesionalak erregistratu eta eguneratzea.

d) Enplegu eskaintzen kudeaketa koordinatzea.

e) Bitartekaritza prozesuan aplikatutako sistema informatikoen erabileraren ardura dutenen prestakuntza kontrolatu eta gidatzea.

f) EURES sarea kudeatu eta koordinatzea.

g) Lan eskaintzen jarraipenari buruzko estatistikak prestatu eta lanpostuen bilakaera behatzea, Enplegu Behatokiarekin koordinatuta.

h) Enpresaburuek lan kontratuak legeak ezarritako moduan erregistratzeko edo, kasuaren arabera, jakinarazteko duten betebeharrari buruzko exekuzio eginkizunak koordinatzea; halaber, lan kontratuak bukatzen direnean, enplegu agentziari jakinarazi beharrari dagozkionak.

i) Nafarroako Foru Komunitatearen barrenean soilik aritzen diren enplegu agentziak baimendu, kontzesioa eman, berritu, aldatu eta deuseztatzeko proposamenak kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

j) Lan bitartekaritzaren arloan izaten diren itunak, lan hitzarmenak eta diru-laguntzak kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

k) Bere zerbitzuko zuzendariak, dagokion jarduketa eremuan, agintzen dizkion eginkizun guztiak.

33. artikulua. Iruñeko 2. Zabalguneko Enplegu Agentziaren, Iruñeko Yamaguchiko Enplegu Agentziaren, Iruñeko Arrotxapeko Enplegu Agentziaren eta Tuterako Enplegu Agentziaren eginkizunak.

Aipatu enplegu agentzietako bakoitzak, zein bere lurralde eremuan, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren izenean solaskide izatea tokiko agenteekin, enplegurako politika aktiboen arloan.

b) Enplegu agentziako langileak gidatu eta antolatzea, esleituak dituen xedeak bete ditzaten.

c) Zerbitzuak eta aholkuak ematea enplegu eskatzaileei, langileei, enpresaburuei eta, hala denean, erakunde publikoei zein pribatuei, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan.

d) Zerbitzu eskaintzen eta enplegu eskaeren kudeaketa administratiboa, eta informazioa eta laguntza ematea herritarrei.

e) Deszentralizazio administratiboko prozesuak proposatzea eta zerbitzuak hobetzea enplegurako politika aktiboen arloan.

f) Agintariekin, solaskide sozialekin, prestakuntza zentroekin eta enpleguari zein prestakuntzari loturiko entitateekin koordinatzea.

g) Tokian tokiko lan merkatuetako jarduketak proposatu, gauzatu eta koordinatzea, haietan atzemandako beharren arabera.

h) Diharduen lurralde eremuan enplegu eta prestakuntza arloan dauden beharrak atzeman eta aztertzea.

i) Lan merkatuan esku hartzeko ereduak proposatu eta gauzatzea.

j) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren jarduketa, programa eta zerbitzuak Nafarroa guztira zabaltzeko jarduketak proposatu eta garatzea.

k) Lan bitartekaritzaren arloan Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera aritzen diren entitateekin koordinatzea.

l) Zerbitzuko zuzendariak, dagokion jarduketa eremuan, agintzen dizkion eginkizun guztiak.

8. atala. Ataletik beherako unitate administratiboak

34. artikulua. Sortu, aldatu edo kentzea.

Bulegoak, edo ataletik beherako edo haren pareko unitate administratiboak sortu, aldatu edo kentzeko, dagokion departamentuko kontseilariaren foru agindua beharko da, aldez aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloko departamentuek txostena eginda.

III. KAPITULUA. Araubide juridikoa

35. artikulua. Ondarearen gaineko araubidea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ondarearen gaineko araubidea Nafarroaren ondareari buruzko araudian erakunde autonomoetarako oro har ezarritakoa izanen da.

36. artikulua. Langileen araubidea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langileen araubidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileena izanen da.

37. artikulua. Kontratatzeko araubidea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kontratazio araubidea Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuak erregulatzen dituen araudian erakunde autonomoentzat aurreikusitakoa izanen da.

38. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baliabide hauek izanen ditu finantzabide:

a) Bere esku jartzen diren ondasun eta eskubideak.

b) Ondasun eta eskubide horien ondoriozko produktu eta errentak.

c) Jasotzen ahal dituen diru-sarrera arrunt eta bereziak.

d) Nafarroako aurrekontu orokorretan esleitzen zaizkion diru kopuruak.

e) Administrazioek edo entitate publikoek ematen dizkioten diru-laguntzak (arruntak zein kapitalekoak).

f) Entitate pribatuen eta norbanakoen dohaintzak, legatuak eta bestelako ekarpenak.

g) Esleitzen zaizkion gainerako baliabideak.

39. artikulua. Araubide ekonomikoa eta finantzarioa.

Nafarroako Foru Ogasuna erregulatzen duen araudiak erakunde autonomoentzat oro har ezarritakoa izanen da aurrekontuen, ekonomia eta finantzaren, kontu-hartzailetzaren, kontrol finantzarioaren eta kontabilitatearen araubidea.

40. artikulua. Egintzen araubide juridikoa.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen gisa emanen ditu bere egintza administratiboak.

2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ematen dituen egintza administratiboek, bide judizial zibilaren eta lanekoaren aurretiko erreklamazioak eta ondare-erantzukizunari buruzkoak izan ezik, ez dute bide administratiboa amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal zaie, zein departamenturi dauden atxikita, hango titularrari zuzenduta.

3. Erakunde autonomo hau zein departamenturi atxikita dagoen, hango kontseilariaren esku dago foru agindu baten bidez Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen egintza deusezak ofizioz berrikustea, egintza deuseztagarriak kaltegarri deklaratzea eta kargak ezartzen dituztenak edo kalterako direnak ezeztatzea.

4. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da organo eskuduna bide judizial zibilaren eta lanekoaren aurretiko erreklamazioak ebazteko, langileriaren arloko erreklamazioak izan ezik, horiek funtzio publikoaren arloko kontseilari eskudunak ebatziko baititu Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak nahitaezko txostena eman ondoren.

Bide judizial zibilaren edo lanekoaren aurretiko erreklamazioak erabakitzen dituzten ebazpenen kontra, demanda jartzen ahal da jurisdikzio eskudunari zuzendua.

5. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da organo eskuduna bere funtzionamenduaren ondoriozkoak diren ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak ebazteko, bai zuzenbide publikoko harremanetan bai zuzenbide pribatukoetan.

Ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak erabakitzen dituzten ebazpenen kontra aukerako berraztertze-errekurtsoa jartzen ahal da, ebazpena eman zuen organoari berari zuzendua.

41. artikulua. Defentsa juridikoa.

Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoari dagozkio Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aholkularitza juridikoa eta hura epaiketan ordezkatzea eta defendatzea, urtarrilaren 29ko 12/2014 Foru Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera.

 

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa