(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Etxebizitza :
    • 330/2008 Foru Agindua, urriaren 22koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 2009. eta 2010. urteetarako etxebizitza arloko kontrol eta ikuskapen plana onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

330/2008 Foru Agindua, urriaren 22koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 2009. eta 2010. urteetarako etxebizitza arloko kontrol eta ikuskapen plana onesten duena

 

(2008ko 148. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 5ean)

Atarikoa

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio etxebizitzaren arloan, baita lurraldearen antolamendu eta hirigintzaren arloan ere. Eskumen hori Nafarroako Gobernuari arlo horietan dagozkion ahalmen eta funtzio publikoak arautzen dituen lege multzoan gauzatzen da. Funtzio horietako bat ikuskapena da, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 40.1.c) artikuluak xedatzen duen bezala.

Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legea onesteak etxebizitza arloko ikuskapenari bultzada eman zion. Arauak etxebizitza arloko iruzurra kontrolatu eta prebenitzeari buruzko Titulu oso bat biltzen du. Arlo horretako aurreikuspenak benetan eraginkorrak izateko helburuz, ikuskapen jarduketaren bi ildo jorratzen ditu: alde batetik, ikuskatzeko eta administrazio datuak eskuratzeko ahalmenak dituen unitate berezi bat sortzea, eta bestetik, iruzurrari aurre egiteko bi urteko planak idaztea. Halaber, departamentuak koordinatzeko organo bat sortzen da; bertan ekonomia, ogasun eta etxebizitza arloetan eskumenak dituzten Departamentuen arteko lankidetza ezarriko da, etxebizitza arloko iruzurrari aurre egiteko bi urteko Plan horren helburuak zehazteari eta helburu horien betetze maila ebaluatzeari dagokionez.

Ikuskapen jardueran aplikatuta plangintzaren teknika aukeratu da, horrela ikuskapen jarduera objektiboa izanen dela ziurtatzen delako, objektiboa izatea beharrezkoa den aldetik; halaber, dagozkion ahalmenak erabiltzean arauen eragin handiagoa ezartzen da, eta gainera, plangintzari esker, ikuskapen jardueraren emaitzen jarraipena egin daiteke. Azken egitate horrek garrantzi handia du alderdi instrumentala soilik kontuan hartuta, etxebizitza arloko funtsezko politikak benetan aplikatuko direla bermatzen duen aldetik.

Modu horretan, etxebizitza arloko administrazio kontrola lau multzo handitan sistematizatu daiteke:

1.-Etxebizitzak sustatu eta eraikitzea: libreak, babestuak eta zaharberrikuntza babestuaren xede direnak. Arlo honetan helburua argia da: etxebizitzek eta beren eraikinek bizigarritasun eta irisgarritasun baldintzei buruzko foru araudia eta eraikuntzari buruzko estatuko oinarrizko araudia betetzen dituztela ziurtatzea. Etxebizitza libreetarako ezarritako helburuez gain, etxebizitza babestuen kasuan sustapena burutzea eragozten ahal duten oztopo guztiak saihesten saiatzen den kontrola ere aipatu behar da; horrela, sustatzaileari, orubearen baldintzei, hirigintzako araudia betetzeari, dena delako etxebizitza babestuaren motaren berariazko baldintzei eta esleitzeko aurreikusitako prozedurari buruzko administrazio agiriak gainbegiratzen dira.

2.-Etxebizitza babestuak esleitzea, salerosketako araubidean zein alokairuan. Deialdi publikoa dagoela eta baremoa behar bezala aplikatzen dela bermatuko da, baita etxebizitza babestuaren esleipendunak sarbiderako eskakizun orokorrak betetzen dituela ere.

3.-Etxebizitza babestuak eskualdatu eta lagatzea, kostubidez zein doan. Kasu honetan ere kontrolaren bitartez egiaztatu nahi da etxebizitza babestuak eskakizunak betetzen dituzten pertsonek erabiltzen dituztela eta jabaria eskualdatzeko negozio juridikoaren prezioak eta gainerako ezaugarriek legea betetzen dituztela.

4.-Etxebizitza babestuen erabilera eta xedea. Etxebizitza babestuak beren jabeen edo errentarien bizileku ohiko eta iraunkor gisa erabiltzen direla zaintzea.

Eta jarduketa-ardatz horietan oinarritzen dira kontrol eta ikuskapen plan honetan aurreikusten diren oinarrizko ildoak.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. Etxebizitza arloko kontrol eta ikuskapen plana onestea 2009. eta 2010. urteetarako. Foru agindu honen eranskinean dago.

2. Kontrol eta ikuskapen plana Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

ERANSKINA. 2009. eta 2010. urteetarako etxebizitza arloko kontrol eta ikuskapen plana

ERANSKINA

I.-Jarduketa-ardatzak:

-Etxebizitzak sustatu eta eraikitzea.

-Etxebizitza babestuak esleitzea.

-Etxebizitza babestuak eskualdatu eta lagatzea.

-Etxebizitza babestuen erabilera eta xedea.

II.-Sustatu eta eraikitzea:

1.-Helburuak:

-Eraikuntzako eta zaharberrikuntza babestuko obren kalitate teknikoa hobetzea.

-Eraikuntzari buruzko oinarrizko araudia guztiz bete dadila ziurtatzea.

-Eraikinen erabiltzaileei eraikin horien gastu energetikoaren berri ematea, horrela eraginkortasun energetikoari buruzko sentsibilizazio soziala sortzen laguntzen baita.

-Kontsumitzaile eta erabiltzaileek etxebizitza arloan dituzten erreklamazioetan jardutea.

2.-Organo arduraduna:

-Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atala. Zaharberrikuntza babestuko obren kasuan EEZBen laguntza izanen du.

3.-Kontrol jarduketak:

A.-Proiektuan:

a) Etxebizitza libreak: Obra hasi baino lehen, proiektuak araudia betetzen duen egiaztatuko da, hauei dagokienez:

-Gutxieneko bizigarritasun baldintzak (martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretua, gutxieneko bizigarritasun baldintzak arautzen dituena, urtarrilaren 16ko 5/2006 Foru Dekretuaren bidez aldatua).

-Oztopo fisikoak (Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko erregelamendua onesten duen ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretua).

-Eraikuntzaren Kode Teknikoa.

-Telekomunikazioen azpiegiturak (otsailaren 27ko 1/1998 Errege Lege Dekretua eta otsailaren 22ko 279/1999 Errege Dekretua).

Agirien bidez ondoko hauek egiaztatuko dira:

-Proiektuaren osotasuna, agiriei dagokienez: memoria, planoak, baldintza-agiria eta aurrekontua.

-Segurtasun eta osasunari buruzko azterlana (urriaren 24ko 1627/1997 Errege Dekretua) sartu dela.

-Eraikinaren energia egiaztagiria (urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretua) sartu dela.

Kontrol maila: espedienteen %100.

b) Etxebizitza babestuak: proiektuak nahitaez bete beharreko araudia betetzen duen egiaztatuko da, dela baldintza teknikoetan (etxebizitza libreen berdinak), dela baldintza juridiko eta administratiboetan:

-Gutxieneko bizigarritasun baldintzak (martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretua, gutxieneko bizigarritasun baldintzak arautzen dituena, urtarrilaren 16ko 5/2006 Foru Dekretuaren bidez aldatua).

-Oztopo fisikoak (Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko erregelamendua onesten duen ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretua).

-Eraikuntzaren Kode Teknikoa.

-Telekomunikazioen azpiegiturak (otsailaren 27ko 1/1998 Errege Lege Dekretua eta otsailaren 22ko 279/1999 Errege Dekretua).

-Proiektuaren osotasuna, agiriei dagokienez: memoria, planoak, baldintza-agiria eta aurrekontua.

-Dena delako etxebizitza babestuaren motaren berariazko araudia betetzea.

-Aurrekontuaren balioa, ezarritako gutxieneko eta gehieneko balioen artean.

Agirien bidez ondoko hauek egiaztatuko dira:

-Segurtasun eta osasunari buruzko azterlana (urriaren 24ko 1627/1997 Errege Dekretua) sartu dela.

-Eraikinaren energia egiaztagiria (urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretua) sartzea.

-Eraikinean beste proiektugile batzuek egindako instalazioei buruzko proiektu partzialak sartzea, bidezkoa bada.

-Tokiko plangintzaren baldintzak betetzeari buruzko hirigintza txostena.

Administrazio agiriei dagokienez, hauek aztertuko dira:

-Sustatzaileari buruz:

.Sozietatea eratzeko eskritura publikoak, merkataritzako erregistroa eta identifikazio fiskala.

.Eskatzailearen identifikazioa eta ordezkatzen duen ahalmena, etab.

-Orubeari buruz:

.Erregistroaren ziurtagiria, finkaren jabariari buruz.

.Sustapena garatzea eragozten duen edo etorkizunean esleipendunei mugak ekarriko dizkien kargarik ez izatea.

.Lurraren eta urbanizazioaren balioa zehaztea, ezarritakoa gainditzen ez duela egiaztatzeko.

.Udalaren egiaztagiria, lurren hirigintzako kalifikazioari eta hiri zerbitzuen hornidurari buruzkoa.

-Etxebizitzen esleipenari buruz:

.Salerosketa edo atxikipen kontratuaren eredua.

.Deialdi publikoaren prozedura.

.Esleipenean aplikatu beharreko baremoa, etxebizitza alokairurako bada.

.Sustatzaileari laguntzen dion entitatearen hitzarmena.

.Norberak erabiltzeko sustatzen diren etxebizitzen kasuan.

-Azken bi urteetako PFEZren aitorpenak.

-Famili unitateko kide bat ere beste etxebizitza baten titularra ez dela adierazteko aitorpena.

-Gainbegiratu beharreko beste agiri batzuk:

.Obrak iraun bitartean eskatzen diren aldaketak.

Kontrol maila: espedienteen %100.

c) Zaharberrikuntza babestua: proiektuak nahitaez bete beharreko araudia betetzen duela egiaztatuko da, dela baldintza teknikoetan dela baldintza juridiko eta administratiboetan. Agirien bidez ondoko hauek egiaztatuko dira:

-Proiektuaren osotasuna, agiriei dagokienez: memoria, planoak, baldintza-agiria eta aurrekontua, obrari halakorik eskatzen ahal bazaio. Beharrezkoa izan ezean, memoria bat, aurrekontu bat eta eraikinaren argazki bat aurkeztu direla egiaztatuko da.

-Eskatzailearen identifikazioa eta ordezkatzeko duen ahalmena, bidezkoa bada.

-Jabetza erregistroaren ohar soila, etxebizitzaren edo eraikinaren titulartasunari buruzkoa.

-Eraikuntza data eta katastroko erreferentzia.

-Obrak egiteko aurreikusitako epea.

-Obra lizentzia, edo hura aurkezteko konpromisoa.

-Sustatzailea maizterra bada: jabearen baimena.

-PFEZren aitorpenaren kopia.

Kontrol maila: espedienteen %100.

B.-Obraren amaiera:

a) Etxebizitza libreak: Obrak onetsitako proiektuaren arabera egin direla ziurtatuko da. Agirien bidez ondoko hauek egiaztatuko dira:

-Obra amaierako ziurtagiria.

-Udal lizentziak.

-Eraikinaren Liburuaren laburpena.

-Hasieran onetsitako proiektuari dagokionez aldaketarik egon bada, aldaketa horiek proiektuaren fasean adierazten den araudia betetzen dutela egiaztatuko da.

Kontrol maila: espedienteen %100.

Obra amaierako ikuskapena: Iruñerrian dauden eta 10 etxebizitza baino gehiago dituzten eraikin amaituak ikuskatuko dira, eraikuntza lana burutu ondoren.

Ikuskapen maila: amaitutako etxebizitzen %50.

b) Etxebizitza babestuak: obra proiektuaren eta behin behinean kalifikatutako zehaztapenen arabera egin dela egiaztatuko da. Ondorio horietarako, agiri hauek egiaztatuko dira:

-Obretarako udal lizentzia edo lehen aldiz erabiltzeko lizentzia.

-Obra amaierako planoak, behin-behinean kalifikatu zen planoarekin alderatuta aldaketarik egon bada.

-Obra berriaren adierazpena jabetza erregistroan inskribatu izanaren frogagiria.

-Obra amaierako ziurtagiria, obra zuzendu duten teknikariek sinatua eta dagozkien lanbide elkargoek ikus-onetsia.

-Obrak iraun bitartean eguneratu den Agindu eta Bisiten Liburua.

-Eraikinaren suteen aurkako aseguru poliza.

-Eraikinaren Liburuaren laburpen-fitxak.

Ikuskapen maila: babestutako espedienteen %100.

c) Zaharberrikuntza babestua: obrak baimendutako proiektuaren arabera egin direla eta burutzeko gastuak diru-laguntza jasotzeko behar bezala justifikatu direla egiaztatuko da. Ondorio horietarako, agiri hauek gainbegiratuko dira:

-Behin-behineko kalifikazioaren jatorrizko agiria.

-Obra amaierako ziurtagiria, proiekturik egon bada.

-Jarduketari dagozkion fakturak.

-Diru-laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskaera.

Ikuskapen maila: babestutako espedienteen %100. Ikuskapena normalean dagokion EEZBk egiten du.

4.-Prozedurak:

-Aldez aurretiko txostena eta Bizigarritasun zedula, etxebizitza libreen kasuan.

Arauketa: Gutxieneko bizigarritasun baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuaren 9, 10, 11, 12 eta 13. artikuluak.

-Behin-behineko kalifikazioa eta behin betiko kalifikazioa, jarduketa babestuetarako.

Arauketa: Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuaren 34, 35, 36, 39, 40, 41, 82, 83 eta 84. artikuluak.

5.-Hartu beharreko neurriak:

a) Araudiak:

-Nafarroako Gobernuak eraikinen ziurtagiri energetikoari buruzko erregelamenduzko araudia onestea.

-Nafarroako Gobernuak kontsumitzaileei etxebizitza arloko informazioa emateari buruzko erregelamenduzko araudia onestea.

b) Informazio neurriak:

-Araudia etxebizitza eraikinei aplikatzeari buruzko "eskuliburu" bat egitea eta web orri baten bitartez zabaltzea.

III.-Etxebizitza babestuak esleitzea.

1.-Helburuak:

-Etxebizitza babestuak esleitu baino lehen deialdi publikoa egiten dela eta legezko baremoa zorrotz aplikatzen dela bermatzea.

-Etorkizunean etxebizitzen esleipendun direnek etxebizitza babestua lortzeko eta diru-laguntzak eskuratzeko legezko eskakizunak betetzen dituztela bermatzea.

2.-Organo arduraduna:

-Etxebizitza Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomiko eta Plangintzarako Atala.

3.-Kontrol jarduketak:

Kontratuan: Etxebizitza babestuen esleipendunek gutxieneko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatuko da. Bereziki hauek egiaztatuko dira:

a) Etxebizitzaren eskuratzaile edo esleipendunak etxebizitzen araubide bakoitzerako eta laguntzen modalitate bakoitzerako ezarritako ahalmen ekonomikoko eskakizunak betetzen dituela, familiaren diru-sarrera ponderatuak eta, bidezkoa bada, ondare ondasunak barne direla.

Zehazki, honako hau egiaztatuko da:

-Etxebizitza Zerbitzuan aurkeztutako errenta aitorpenak behar bezala aurkeztu direla Nafarroako Zerga Ogasunean.

-Aurkeztutako errenta aitorpenak eta Nafarroako Zerga Ogasunean aurkeztutakoak bat datozela.

-Nafarroako Zerga Ogasunak aurkeztutako aitorpenak berrikusi edo egiaztatu ondoren aitortutako zerga oinarrien zenbatekoa aldatu ez duela.

-Esleipendunaren edo eskuratzailearen ondarearen zerga oinarriak ez duela sorrarazten ondare hori aitortzeko betebeharrik, Ondarearen gaineko Zergaren ondorioetarako.

Egiaztapen horiek guztiak errazteko, Ekonomia eta Ogasun Departamentuarekin informazioa elkartrukatzeko sistema sortuko da.

b) Etxebizitza baten eskuratzaile edo esleipenduna edo bere famili unitateko beste edozein kide beste etxebizitza baten edo etxebizitza zati alikuota baten jabariaren nahiz erabilera edo gozamen eskubide errealaren titular ez dela.

Arlo honetan honako jarduketak sartzen dira:

-Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko datu baseetara sartzea edo datuak gurutzatzea etxebizitza babestua eskuratzeko jarduketa guztietarako.

-Bizilekua Nafarroatik kanpo duten eskuratzaileen kasuan, eta haien inguruabarrak ikusirik bidezkoa dela uste bada, lurralde nazionaleko ondasun higiezinen titulartasunari buruzko ziurtagiria aurkezteko eskatuko da (kontsulta Indize Zentralean). Ziurtagiri hori Jabetza Erregistroak egiten du. Kasu horretan, herritarrak berak egin behar du tramitea Erregistroan.

b) Etxebizitza baten eskuratzaile edo esleipendunak edo bere famili unitateko beste kide batek ere etxebizitza baten edo etxebizitza zati alikuota baten jabari osoa edo erabilera edo gozamen eskubide erreala eskualdatu ez duela. Eskakizun hori bete izana egiaztatzeko, eskuratzaile edo esleipendunei buruzko informazio fiskala eta Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko datu base historikoak kontsultatuko dira.

d) Etxebizitzaren eskuratzaile edo esleipendunak egoitza-baimena duela, agiri hori eskatzen ahal den kasuetan, eta Nafarroako udalerri batean erroldaturik dagoela. Eskatzailearen errolda agiria egiaztatuko da.

Etxebizitza babestuen salerosketan baremoa zuzen eta bidezkoa den eran aplikatzeari dagokionez, emandako puntuazioa zuzena den ala ez egiaztatuko da:

a) Etxebizitza-premia frogatua. Hau aztertuko da:

-Eskabidea sinatu zuten eskatzaileen eta beraien famili unitateetako kideen kopurua eta identifikazioa.

-Etxebizitzaren erosketaren eskritura publikoa, egiaztagiria edo Jabetza erregistroko informazio ohar soila eta eskatzailearen famili liburua, famili unitateko kide kopuruaren araberako metro karratuen kopurua txikiegia dela-eta etxebizitza desegoki baten titularra izateagatik puntuak ematen badira. Halaber, pertsona minusbaliatuen beharrizanetara egokitzen ez dela egiaztatzeko dagokion Lanbide Elkargoak ikus-onetsitako txosten teknikoa eskatuko da, inguruabar horregatik puntuak lortu badira.

-Etxebizitzaren eskuratzaile edo esleipendunak 25 urteko edo gehiagoko adina izateagatik eta bere guraso edo tutoreen bizilekuan bizitzeagatik puntuak lortu bazituen, erroldako datuen arabera bizikidetasunari buruzko ziurtagiria dagoela egiaztatuko da.

-25 urteko edo gehiagoko adina edo 40 urtekoa edo gutxiagokoa izateagatik, eta etxebizitza libre edo babestu baten errentamendu kontratua legearen arabera idatziz eginda izateagatik puntuazioa lortu bada, kontratu hori aurkezteko eskatuko da, eta errentatzailearen diru sarrerei buruzko informazio ekonomikoa Zerga Ogasunarekin gurutzatuko da.

-Familia ugarientzat: Familia, Haur eta Kontsumo Zuzendaritzak emandako indarreko titulua dagoela. Titulu hori izateko inguruabarrek irauten dutela egiaztatuko da.

b) Famili unitatean %65eko edo hortik gorako ezgaitasun onartua duten pertsona bat edo batzuk daudela: Nafarroako Mendekotasun Agentziak egindako ziurtagiria dagoela egiaztatu beharko da.

c) Kenkarirako eskubidea duen eta 6.000 euro baino gehiagoko kopurua duen etxebizitzarako aurrezki-kontuaren titulartasuna, kontu horren antzinatasunaren urte bakoitzeko: kontzeptu hori egiaztatzeko, eskuratzaile edo esleipendunak etxebizitzarako kontua duen finantza entitateak sinatutako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta informazio hori Nafarroako Zerga Ogasunean dagoen informazioarekin alderatuko da.

d) Eskabideak aurkezteko epealdia amaitzen denerako, Nafarroako udalerri bateko edo batzuetako erroldan jarraian egotea: hori egiaztatzeko, esleipendunaren errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

e) 35 urtetik beherako edo 65 urtetik gorako adina duen eskatzaile bat edo gehiago: hori egiaztatzeko, esleipendunek edo eskuratzaileek beraiek etxebizitza eskaeran aurkeztutako NANaren edo egoitza-agiriaren fotokopia alderatuko da.

f) Guraso bakarreko familia bateko burua izatea, seme edo alaba batekin edo gehiagorekin: agiri judizialak soilik aztertuko dira, eta bidezkoa bada, esleipendunaren bizilekuan erroldaturik dauden pertsonen ziurtagiria eta eskuratzaile edo esleipendunak aurreko ekitaldietan kontzeptu horregatik errenta aitorpenean eginiko kenkaria ere bai.

Era berean, dauden erreserbak eskuratzeko eskakizunak betetzen direla egiaztatuko da; organismo egokiek (Gizarte Segurantza, Gobernuaren Ordezkaritza, ...) eginiko ziurtagirien bidez.

Kontrol maila: administrazioaren ikus-onespenerako aurkeztutako kontratuen %100.

4.-Prozedurak:

-Administrazioak lehenengo eskualdaketako etxebizitza babestuen salerosketa eta alokairu kontratuak ikus-onestea.

Arauketa: Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legearen 13, 17, 18, 22 eta 23. artikuluak eta 5. xedapen iragankorra, eta Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuaren 3, 19, 24, 26, 38, 43 eta 45. artikuluak.

5.-Hartu beharreko neurriak:

-Ogasunarekin informazioa elkartrukatzeko sistema ezartzea.

-Inguruko Autonomia Erkidegoekin akordioak egitea etxebizitza babestuen eskatzaile eta esleipendunei buruzko informazioaren elkartrukea bideratzeko.

-Etxebizitza Babestuen eskatzaileen Errolda ustiatzea.

-Etxebizitza babestuak sustatzen dituzten enpresentzako zabalkunde kanpaina, salerosketako kontratuak ikus-onesteko aurkezterakoan erantsi behar diren agiriei buruz.

-Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko datu baseetara zuzenean sartzea.

-Informazio agiriak egitea eskatzaileek etxebizitza babestu bat eskuratzeko bete behar dituzten gutxieneko eskakizunei eta sarbideko baremo bakarrean ezarritako puntuazioei buruz.

-Etxebizitza babestuen sustatzaileei salerosketako eta alokairuko kontratuen ereduak ematea. Kontratu horietan agertu beharko dira etxebizitza babestuei aplikatzen ahal zaizkien klausula berezi guztiak, arreta berezia esleipendunen babesean jarrita, kontsumitzaile eta erabiltzaile diren aldetik.

-Lankidetza hitzarmena egitea jabetza erregistratzaileekin, Departamentuak zuzenean etxebizitzaren titulartasunari buruzko erregistroko datuak eta etxebizitza babestuen esleipendun eta eskuratzaileek azken bost urteetan eginiko eskualdaketei buruzkoak eskuratzen ahal ditzan.

-Eskabideak aurkezteko epea irekirik duten etxebizitza babestuko sustapenei buruzko publizitatea web orrian agerraraztea.

IV.-Etxebizitza babestuak eskualdatu eta lagatzea.

1.-Helburuak:

-Etxebizitza babestuaren hartzailea legean etxebizitza babestuak eskuratzeko ezarririk dauden eskakizunak betetzen dituen pertsona bat izan dadila bermatzea.

-Babes publikoko araubidea duen etxebizitza baten erosleak ordaindu beharrekoa ez den beste edozein gainprezio, prima edo kopuru jasotzeko debekua kontrolatzea.

-Etxebizitza babestuaren alokairuagatik gainprezioa jasotzeko debekua kontrolatzea.

-Bidezkoa bada, etxebizitza babestua eskuratzeko jaso diren laguntzak itzuli direla egiaztatzea, baldin eta eskualdatzaileak horiek eskuratu baditu eta etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikaziotik 5 urte baino gutxiago igaro badira.

-Etxebizitza babestua bere eranskinekin (garajea edo/eta trastelekua) batera eskualda dadila kontrolatzea, etxebizitzak eta eranskinek batera eskualdatu beharreko unitate banaezina osatzen dutelako. Halaber, etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikazioari buruzko zedulan eranskin gisa agertzen ez den lokal bat etxebizitzarekin batera eskualdatzen ez dela egiaztatuko da.

2.-Organo arduraduna: Etxebizitza Zerbitzua eta VINSA.

3.-Kontrol jarduketak: eskualdaketaren berri ematen den unean:

a) Eskualdaketa kostubidezkoa denean hauek egiaztatuko dira:

-Etxebizitzak salmenta prezioaren eta errentaren mugarik duen, eta eskualdaketaren prezioa legean ezarrita dagoenarekin bat datorren.

-Kasuan kasu, emandako laguntzak itzuli diren.

-Etxebizitzaren egoera zein den, eta inguruan etxebizitza babestuaren eskaririk dagoen.

-Etxebizitzaren egoera eta ezaugarriak, eta etxebizitza hori programa sozialetarako erabiltzerik dagoen.

-Eskuratzaileak etxebizitza babestuaren hartzaile izateko eskakizunak betetzen dituen (diru sarrerak eta beste etxebizitza baten titulartasuna).

-Eskualdatzailearen eta eskuratzailearen artean famili loturarik dagoen.

b) Eskualdaketa doakoa bada, hauek egiaztatuko dira:

-Lagapen hartzaileak etxebizitza babestu baten hartzaile izateko eskakizunak betetzen dituela.

-Etxebizitzaren behin betiko kalifikaziotik 5 urte igaro direla.

c) Etxebizitza babestuaren salerosketako eskritura publikoa aurkezten denean hau egiaztatuko da:

a) Eskualdaketa aldez aurretik jakinarazi dela.

b) Jakinarazteko ezarririk dauden eskakizun guztiak bete direla.

c) Jabetza edo eskubide erreala ez dela eskualdatu aldez aurretiko jakinarazpenaren ondorioak iraungi ondoren, edo eskualdaketa jakinarazi direnez bestelako baldintza batzuetan egin ez dela.

Aurreko baldintzetako bat bete ez dela egiaztatuz gero, dena delako etxebizitzari dagokionez atzera eskuratzeko eskubidea erabiliko da.

d) Etxebizitza babestuen alokairuak egiaztatzeko, datuak gurutzatuko dira hauekin:

-Emantzipatzeko oinarrizko errenta eskuratzeko aurkeztutako kontratuak.

-Alokairuko Poltsarako aurkeztutako etxebizitzak.

-Alokairuagatiko desgrabazioa duten zergadunen datu fiskalak.

Kontrol maila: jakinarazten diren etxebizitza babestuen eskualdaketa eta lagapenen %100.

4.-Prozedurak:

-Etxebizitza babestuen eskualdaketa edo lagapenak kontrolatzea.

Arauketa: Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legearen 26, 27, 28, 29, 30, 31 eta 32. artikuluak eta Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuaren 6. xedapen gehigarria.

5.-Hartu beharreko neurriak:

-Etxebizitza babestu bat erosle edo errentatzaile gisa eskuratzeko bete behar diren eskakizunei buruzko dibulgazio kanpaina.

V.-Etxebizitza babestuen xedea eta erabilera.

1.-Helburua:

-Etxebizitza babestuak jabearen edo errentariaren bizileku ohiko eta iraunkor gisa erabiltzen direla ziurtatzea, baita bigarren etxebizitza gisa inola ere erabiltzen ez direla eta okupatu gabe geratzen ez direla ere.

-Gizarteari ohartaraztea etxebizitza babestuak okupatu behar direla.

2.-Organo arduraduna: Etxebizitza Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomiko eta Plangintzarako Atala, eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Etxebizitzako Araubide Juridikoaren Atala, Foruzaingoaren laguntzarekin.

3.-Kontrol jarduketak:

a) Kontrolak: Ondoko jarduketa hauek eginen dira:

-Etxebizitza babestuen erosleei errekerimenduak bidaltzea urtero, uraren, argindarraren, gasaren eta bestelako horniduren kontsumoak egiaztatzeko ondorioetarako.

.Errekerimenduak bidaltzeko lehentasunezko irizpideak:

-Iruñean eta Iruñerrian dauden etxebizitzak.

-Lurzoru publikoan sustatu diren etxebizitzak (Sarriguren,

Mendillorri, udal lurzoru ondarea, ...).

-Laguntza ekonomikoak jaso dituzten titularrak bizi direneko

etxebizitzak.

-Behin betiko kalifikazioa eman denetik urtebete baino

gehiago duten etxebizitzak.

Kontrol maila: 1.000 etxebizitza babestu urtean.

-Etxebizitza babestua bizileku ohiko eta iraunkor gisa erabiltzeko betebeharra urratzeagatik zehapena jaso zuten titularrak ikuskatuko ditu Foruzaingoak, etxebizitzak okupatu gabe jarraitzen duen egiaztatzeko. Zehapena ezarri eta hurrengo urtean eginen da bidalketa.

Kontrol maila: zehapena jaso dutenen %100.

-Zaharberrikuntza babestuen sustatzaileei errekerimenduak bidaltzea urtero, uraren, argindarraren, gasaren eta bestelako horniduren kontsumoak egiaztatzeko ondorioetarako.

.Errekerimenduak bidaltzeko lehentasunezko irizpideak:

-5.000 eurotik gorako finantzaketa kualifikatua jaso duten

etxebizitzak.

-Zaharberrikuntzari buruzko espedientearentzat behin betiko

kalifikazioa eman denetik urtebete baino gehiago duten etxebizitzak.

Kontrol maila: 500 etxebizitza zaharberritu urtean.

b) Foruzaingoak ikuskapenak eginen ditu, etxebizitzak okupatzen diren ala ez lekuan bertan egiaztatzeko, eta ikus-onetsi gabeko alokairurik dagoen egiaztatzeko beharrezkoak diren ikerketak egiteko.

.Ikuskapenetarako lehentasunezko irizpideak:

-Okupaturik daudela uste izateko kontsumo txikiegiak

aurkezten dituzten etxebizitzak.

-Jabeek eskatu zaizkien agiriak eman ez dituzteneko edo beste

administrazio egiaztapenak egin ez dituzteneko etxebizitzak.

-Salaketa bat jarrita duten etxebizitzak.

Ikuskapen maila: 200 etxebizitza urtean.

c) Ikuskapenaren ondorioz zehapen espediente bat egiten bada, ezarri beharreko zehapen graduazioari dagokionez, astungarri gisa, kontuan hartuko da etxebizitza babestuak hutsik egoteak gizartean zein eragin duen eta zehaturiko jabearen etxebizitza babestua dagoen eskualdean etxebizitza babestuen eskaria nolakoa den.

4.-Prozedurak:

-Etxebizitza babestuen xedea eta erabilera kontrolatzea:

Arauketa: Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legearen 34, 35, 36, 37, 38, 39, 40, 41, 42 eta 43. artikuluak.

5.-Hartu beharreko neurriak:

-Etxebizitza arloko ikuskapen eta zehapenari dagokion guztia zentralizatzeko administrazio unitate bat sortzea.

-Foruzaingoarekiko lankidetza protokolizatzea eta indartzea.

-Araudia aldatzea. Horrela, etxebizitza okupatzeko errekerimendu gutxiago egin beharko dira etxebizitza hori desjabetzeko; edo are gehiago, etxebizitza babestu bat denbora luzean okupatu gabe duen pertsona bat desjabetzeko aukera aurreikusten ahalko da.

-Etxebizitza babestuak bidezko arrazoiengatik okupatu gabe dauden ala ez zehazteko prozedura baterako arauak ematea.

-Etxebizitza babestuen jabeei etxebizitza babestu bat eskuratzeak dakartzan eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa ematea, batez ere bizileku ohiko eta iraunkor gisa erabiltzeko beharrizanari dagokionez.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa