(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Arau orokorrak :
    • 269/2007 Foru Agindua, azaroaren 19koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kideak izendatzeko prozedura garatzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

269/2007 Foru Agindua, azaroaren 19koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kideak izendatzeko prozedura garatzen duena

 

(2007ko 149. NAOn argitaratua, azaroaren 30ean)

Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak ezartzen du botere publikoen jarduketen funtsezko helburu izanen dutela, besteak beste, gizarte premiak konpontzeko komunitatearen partaidetza sustatzea, batez ere gizatalde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateenak. Gizarte zerbitzuaren sistema iradokitzen duten printzipioen artean, herritarren partaidetza aurreikusten da. Horrela, botere publikoek pertsonek, taldeek eta entitateek sistemaren funtzionamenduan parte har dezaten sustatu eta bermatu beharko dute.

Arestian azaldutakoarekin bat, foru legearen V. titulua, "Kontsulta eta partaidetza organoak" izenekoa, gizarte zerbitzuen sisteman herritarren partaidetza moduak arautzen ditu, horrela, partaidetza organikoa Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren eta Nafarroako Gobernuak sortzen ahal dituen gizarte zerbitzuen kontseilu sektorialen bidez artikulatzen du. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua gizarte zerbitzuen gaietan, kontsulta eta partaidetza organo gisa arautzen da, eta kideak eta horiek izendatzeko modua, eginkizunak, antolamenduaren eta funtzionamenduaren araubidea eta eginkizunen arautze zehatza erregelamenduz ezarriko dira.

Legezko aurreikuspen hori betetzeko, ekainaren 18ko 50/2007 Foru Dekretuak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua arautzen du (83. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2007ko uztailaren 6koa) Foru dekretu horren 5. artikuluak Kontseiluaren osaera arautzen du, Kontseiluaren osoko bilkura hurrengo hauek osatuko dute: lehendakaria (gizarte zerbitzuen arloan eskudun den Departamentuko kontseilaria), lehendakariordea (aipatu departamentuko ordezkari bat), idazkaria (departamentu bereko idazkari tekniko nagusia) eta, gutxienez 26 kide.

Kideen artean aurreikusitako Nafarroako lanbide elkargoetako batek 3 ordezkari izendatzea aurreikusten da, baita zehazten diren esku-hartze eremu bakoitzetik gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateetako ordezkari bana. Foru agindu honen helburua da kide horiek izendatzeko prozedura garatzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Zerbitzuei buruko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz, agindu dut:

Lehena

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kideen izendapen prozedura garatzen duten arauak onestea, foru agindu honen eranskinarekin bat.

Bigarrena

Foru agindu hau jakinaraztea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

ERANSKINA

1. artikulua. Nafarroako lanbide elkargoetako kide ordezkarien izendapenerako prozedura.

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua arautzen foru dekretuaren 5.3.g) artikuluak, hurrengo Nafarroako lanbide elkargoetako baten 3 kide ordezkari izendatuko direla ezartzen du: gizarte lana eta gizarte laguntzaileak, psikologoak, medikuak, erizainak edo erizaintzako unibertsitateko diplomadunak, lan bidezko terapeutak, fisioterapeutak, soziologoak, gizarte graduatuak, gizarte hezitzaileak, abokatuak eta ekonomialariak.

2. Lanbide elkargoen ordezkariak gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularrak izendatuko ditu, haiek proposatuta, estatutuetan ezarritakoarekin bat. Hautagai-zerrendak aurkezteko 15 egun naturaleko epea egonen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hautagai-zerrendak idatziz aurkeztu beharko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan administrazio publikoei zuzendutako eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

3. Ezarritako epea iraganik soilik 3 hautagai-zerrenda aurkezten badira, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kide izendatuko ditu.

Aipatu epea iraganik hautagai-zerrenda nahikorik aurkezten ez bada, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak berak izendatuko ditu ordezkariak, izendatuek onartu ondoren.

3 hautagai zerrenda baino gehiago aurkezten bada, bozketa eginen da aurkeztatutako hautagaien artean aukeratzeko. Bozketa baliozkoa izan dadin, lanbide elkargo interesdunen gehiengoak bertaratu beharko du, bestela bigarren bozketa bat eginen da, eta bertan gehiengo bera eskatuko da. Bigarren bozketa honetan eskatzen den gehiengoa bertaratzen ez bada, hirugarren eta azken bozketa bat eginen da. Bertan ez da inolako gehiengorik eskatuko.

Lehendabiziko bozketa 2007ko abenduaren 10ean eginen da, astelehenarekin, 11:00etan, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian, Yanguas y Miranda kaleko 27an. Bigarren bozketa, beharrezkoa bada, abenduaren 11n eginen da, asteartearekin, lehendabiziko bozketaren ordu eta toki berean. Hirugarren bozketa, beharrezkoa bada, abenduaren 12an eginen da, asteazkenarekin,aurreko bozketen ordu eta toki berean.

Bozketa egitea beharrezkoa ez bada, eskatzen den hautagai-zerrenda kopurua aurkeztu ez delako edo soilik 3 aurkeztu direlako, departamentuaren webgunean (www.cfnavarra.es/BienestarSocial/) eta prentsa iragarkiaren bidez emanen da horren berri.

Bozketan aurkeztutako hautagaiak identifikatuko dira, baita hauek proposatu dituen profesionalen elkargoa ere. Bozketaren ondorioetarako, artikulu honen 1. idatz-zatian aipatzen diren lanbide elkargoek bakoitzak boto bana izanen dute. Eskubidea lanbide elkargoaren ordezkaritza izan edo elkargoak berak izendatzen duenak gauzatuko du. Bozketan hautesle bakoitzak nortasun agiri nazionala erakutsi beharko du, baita bere elkargoa ordezkatzea ahalbidetzen dion titulua ere. Hiru deialdiak egin eta bozketa gauzatu ez bada, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak berak izendatuko ditu ordezkariak, izendatuek onartu ondoren.

2. artikulua. Gizarte zerbitzuen ekimen pribatuko entitateen kide ordezkarien izendapenerako prozedura.

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua arautzen duen foru dekretuaren 5.3.j) artikuluak, gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateetako kide ordezkari bana izendatuko dela ezartzen du, ondoko esku-hartze eremu bakoitzetik: familia, adingabeak, ezgaitasuna, hirugarren adina, immigrazioa eta gizarte bazterketa.

2. Ordezkariak gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularrak izendatuko ditu, entitateek proposatuta, Hautagai-zerrendak aurkezteko 15 egun naturaleko epea egonen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hautagai-zerrendak idatziz aurkeztu beharko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan administrazio publikoei zuzendutako eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

3. Ezarritako epea iraganik, 1. idatz-zatian aipatzen diren esku-hartze eremu bakoitzetik hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak zuzenean izendatuko du.

Aipatu epea iraganik esku-hartze eremuetan hautagai-zerrendarik aurkezten ez bada, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak berak izendatuko du ordezkaria, izendatuak onartu ondoren.

Esku-hartze eremuetako batean hautagai zerrenda bat baino gehiago aurkezten bada, bozketa eginen da aurkeztatutako hautagaien artean aukeratzeko. Bozketa baliozkoa izan dadin, inskribatutako entitateen %25ek bertaratu beharko du, bestela bigarren bozketa bat eginen da, eta bertan gehiengo bera eskatuko da. Bigarren bozketa honetan eskatzen den gehiengoa bertaratzen ez bada, hirugarren eta azken bozketa bat eginen da. Bertan ez da inolako gehiengorik eskatuko.

Lehendabiziko bozketan 2007ko abenduaren 10ean eginen da, astelehenarekin, 11:30ean, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian, Yanguas y Miranda kaleko 27an. Bozketa honetara familia eremuko entitateak bertaratuko dira. Gainontzeko eremuetako entitateak ordu erdiko aldearekin joanen dira bozketara, hurrenkera honekin: adingabeen eremuko entitateak 12:00etan; ezgaitasunaren eremukoak 12:30ean; hirugarren adineko eremukoak 13:00etan; inmigrazioaren eremukoak 13:30ean; eta gizarte bazterketaren eremukoak 14:00etan.

Bigarren bozketa, beharrezkoa bada, abenduaren 11n eginen da, asteartearekin, lehendabiziko bozketaren ordu eta toki berean. Hirugarren bozketa, beharrezkoa bada, abenduaren 12an, asteazkenarekin eginen da, aurreko bozketen ordu eta toki berean.

Bozketa egitea beharrezkoa ez bada, eskatzen den hautagai-zerrenda kopurua aurkeztu ez delako edo soilik bakarra aurkeztu delako, departamentuaren webgunean (www.cfnavarra.es/BienestarSocial/) eta prentsa iragarkiaren bidez emanen da horren berri. Hala balitz, bozketa egoera hori gertatu ez den eremuetan eginen da.

Bozketan aurkeztutako hautagaiak identifikatuko dira, baita hauek proposatu dituen entitatea ere. Bozketaren ondorioetarako, esku-hartze eremuetako entitateek boto bana izanen dute. Eskubidea bere entitatearen ordezkaritza izan edo entitateak berak izendatzen duenak gauzatuko du. Bozketan hautesle bakoitzak nortasun agiri nazionala erakutsi beharko du, baita bere entitatea ordezkatzea ahalbidetzen dion titulua ere. Hiru deialdiak egin eta bozketa gauzatu ez bada Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak berak izendatuko du ordezkaria, izendatuak onartu ondoren.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa