(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Enplegua :
    • Foru Agindua, 1998ko otsailaren 5ekoa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, etorkinendako prestakuntza programak eta Nafarroako Foru Komunitatean integratzekoak egiteko laguntzak emateko prozedura arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Foru Agindua, 1998ko otsailaren 5ekoa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, etorkinendako prestakuntza programak eta Nafarroako Foru Komunitatean integratzekoak egiteko laguntzak emateko prozedura arautzen duena

 

(1998ko 23. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 23an)

Atarikoa

1998ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1997 Foru Legean, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuarentzako kontusailen barruan, 83200/4810/3221 kontusailaren azpian, "Etorkinak prestatu eta integratzeko jarduerak" izeneko 31070-4 lerroa agertzen da, 30.000.000 pezetakoa.

Aurrekontuetan kontusail berri hori sartu da Departamentuak harturiko erabaki politiko baten ondorioz, bere aurrekontuen kargura, etorkinak Nafarroako Foru Komunitatearen gizartean eta lan munduan integratzeko plan baten bidez, arlo horretan modu iraunkorrean jarduteko helburua duena. Hori erabaki da Europako Elkartearen Enplegurako Ekinbideen barruan, Europako Fondo Sozialaren laguntzekin, hainbat esperientzia piloto berritzaile garatu ondoren.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak 3. artikuluan zehazten du dirulaguntzen banaketaren oinarrian publizitate, konkurrentzia eta objetibotasun printzipioak egonen direla.

Lanerako prestakuntza edo prestakuntza jarraitua berrantolatzen duen otsailaren 13ko 31/1995 Foru Dekretuak ezarri zuen beharrezkoa zela prestakuntza eta integraziorako jarduketak egiteko baldintzak eta horietarako laguntzak eskuratzekoak zehazteko deialdia egitea eta ahalmena eman zien deialdiak egin behar dituzten departamentuetako kontseilariei aipatu Foru Dekretua garatzeko behar diren xedapenak eman zitzaten.

Aipaturiko arauak ikusirik, abenduaren 4ko 565/1995 Foru Dekretuak ezarri bezala, Nafarroako Enplegurako Prestakuntzaren Kontseilutik jaso beharreko aholkularitza harturik, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak agindu du:

1. artikulua. Deialdia.

Foru Agindu honen bidez Nafarroako Foru Komunitatean etorkinen aldeko programak egiteko laguntza eta dirulaguntzen deialdia egiten da.

Foru Agindu honen bidez iragartzen diren laguntza eta dirulaguntzak "Etorkinak prestatu eta integratzeko jarduerak" izeneko aurrekontuko dotazioaren kargura finantzatuko dira, urteko aurrekontuetan ezartzen den mugen barrenean.

2. artikulua. Programen xedea.

Programen xedea da etorkinak Nafarroako bizitza ekonomiko eta sozialean sartu eta parte hartu dezaten lortzea, mailaz maila, elkarrekiko errespetu eta onarpen giroan.

3. artikulua. Programen edukia eta lehentasunak.

1.-Prestakuntza arloa.

Edukia:

Gizarte hartzailearen hizkuntza eta kulturak ikasteko programak, batez ere eskolen bitartez eta metodologia didaktikoak erabiliz, hizkuntz zein kultur mugak gainditzearren.

Jatorrizko hizkuntza eta kultura ikasi eta mantentzeko programak, jatorrizko herrietako zein hartzaileetako agintariek Nafarroan arlo honetan garatzen duten lana osatzearren.

Emakumezko etorkinendako programak, ingurune berrian hobeki moldatzeko gaitasun eta ezagupideak garatzearren.

2.-Lan baldintzen esparrua.

Edukia:

Lan eta gizarte arloko informazio eta aholkularitza programak, enplegu eta laneko eskubideei buruzkoak, etorkinen eta gainerako langileen arteko lan aukerak berdintzera bideratuak.

Aurreprestakuntzarako programak, lanerako prestakuntzarako irakaskuntza jardueretan zein irakaskuntza arautuan sartzera bideraturikoak.

Etorkinak izateagatik lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten etorkinen autoenplegurako programak eta haiendako lan poltsak eratzekoak.

Lanerako lanbide heziketako programak, hurbileko helburua enplegurik gabeko etorkinak lana aurkitzea edo duten lanpostua mantentzea dutenak.

Lehentasunak: lehentasuna izanen dute nola edo hala enplegu bat lortu edo mantentzea ekar dezaketen programek, lanbide heziketaren arloan eskumenak dituzten entitate publikoekin lankidetzan egiten badira.

3.-Etorkinen egoeraren etengabeko jarraipena.

Edukiak: etorkinen egoeraren etengabeko jarraipenerako sistema osatzen duten aldagaiak hobeki ezagutzeko informazioa eskaintzen duten azterketa berariazkoak.

Nafarroako lan munduan dagoen atzerriko eskulanari buruzko ikerketak.

Nafarroan dauden Europako elkarteko biztanle atzerritarren portaerak aztertzeko ikerketak.

4. artikulua. Laguntza motak.

Laguntza fondo galdurako dirulaguntza gisakoa izanen da. Programak, proiektuak eta jarduerak laguntzeko diru-zenbatekoa aldakorra izanen da, jardueraren izaera eta eraginaren arabera. Dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu inolaz ere onuradunak garatuko duen jardueraren kostua, dela bakarrik hartua, dela beste administrazio publikoek edo Espainiako zein nazioarteko ente publiko edo pribatuek emandako laguntzei gehituta.

5. artikulua. Laguntzen onuradunak.

Dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira, irabazteko asmorik izan gabe, etorkinen aldeko programak garatzen dituzten erakunde pribatuak.

6. artikulua. Erakunde pribatuen araubidea.

Erakunde horiek aurkeztu beharreko eskaera eta dokumentazio osagarria, balorazio irizpideak, onuradunen beharkizunak, gastuen justifikazioa, dirulaguntza ordaintzeko bidea eta espedienteen izapide eta ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 8ko 8/1997 Foru Legeak arautuko ditu, deialdi honetan agertzen diren zehaztapenak kontuan harturik.

7. artikulua. Eskatzaileen beharkizunak.

Erakunde eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legeari jarraikiz eratuak izatea.

b) Irabazteko asmorik ez izatea.

c) Helburuak lortzeko egitura eta gaitasun nahikoa izatea. Etorkinekin egindako programetan eskarmentu operatiboa ere egiaztatu beharko dute.

d) Dirulaguntzaren xede diren programen eduki oinarrizkoa osatzen duten jarduerak erakundeak berak zuzenean kudeatu eta burutzea, salbu eta, jardueraren izaera dela eta, azpikontratua behar dutenak.

e) Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga beharkizunen ordainketan egunean daudela egiaztatzea.

f) Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentutik aurretik harturiko dirulaguntzen erabilera justifikatua izatea, horrelakorik izan bada.

8. artikulua. Dokumentazioa.

Entitate eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Dirulaguntzarako eskaera formala.

b) Erakunde edo entitatearen nortasuna egiaztatzeko dokumentazioa. Horretarako, eraketa eskrituraren, estatutuen edo erregistroko idazpenaren kopia aurkeztu beharko da, salbu eta lehendik dokumentazio hori Lan Zuzendaritza Nagusian baldin badago eta aldaketarik ez badu izan.

c) Entitate eskatzailearen legezko ordezkarien datu pertsonalak eta, halakorik bada, ahalorde-agiria, eta, halaber, jakinarazpenetarako helbide bat eta programaren arduradunen izen-abizenak.

d) Dirulaguntza hartu nahi duen programa edo jarduera bakoitzaren memoria.

e) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia konpultsatua.

f) Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga beharkizunak bete dituela egiaztatzeko agiriak.

g) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, behar bezala betea, dirulaguntzarik ematen bada bertan sartzeko.

Jardueren memorian programa burutzeko aurreikusi den aurrekontu orokorra sartuko da eta eskatzen den dirulaguntzaren zenbatekoa.

Gastuen eta langileri gastuen kontzeptu guztiak zehaztuko dira, ongi bereiziz kudeaketa eta administrazioko gastuak (ezin izanen dira langileri gastuen atalean sartu entitateetako zuzendaritza batzordeetako edo zuzendaritza kontseiluetako kide izategatik etorritako gastuak).

Errealak ez diren datuak aurkeztu direla egiaztatzen baldin bada, dela eskaeran, memorian edo dokumentazioan, eskaturiko dirulaguntza bertan behera utz daiteke, okerraren garrantziaren arabera, etor daitezkeen gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

9. artikulua. Eskaerak aurkezteko tokia eta egunak.

Eskaerak eta dagokion dokumentazioa Departamentuko Lan Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko dira, baina Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan zehaztu tokietan ere aurkez daitezke.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10. artikulua. Balorazio irizpideak.

Dirulaguntzak adjudikatzeko, aurrekontu-sail guztietan sarturiko aurrekontu orokorraz gain, honako balorazio irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1.-Eskatzaileen balorazio irizpideak:

Eskatzaileen izaera eta ezaugarrien arabera finkatuko dira.

Europako Elkartearen Enplegurako Ekinbideen barruan, Horizon kapituluan, Europako Fondo Sozialaren laguntzekin, aurretik etorkinekin egindako proiektuen kudeaketa lana baloratuko da bereziki.

2.-Programak baloratzeko irizpideak:

a) Behar sozialaren ebaluazioa eta ekinbide publiko zein pribatuak estaltzen ote duen.

b) Helburuak finkatzea eta helburu horiek nola moldatzen diren entitatearen baliabideekin eta jardueren egutegiarekin.

c) Proiektuaren eragina, erabiltzaileen zenbatekoa eta horiengan izanen duen eragina.

d) Programa bakoitzaren aurrekontua: finantzazio bideak eta erabiltzaile bakoitzaren batezbesteko kostua.

e) Programa garatzeko esparrua.

f) Diruz lagundu diren aurreko programen emaitzen balorazioa.

g) Programa nola koordinatzen den Administrazio Publikoen beste programekin eta, bereziki, Nafarroako Gobernuko beste departamentuek garatzen dituztenekin.

Nolanahi ere, bereziki baloratuko dira esku hartzeko plan integralak, aipaturiko programa bat baino gehiago hartzen dituztenak alegia, etorkinak gizartean eta lan munduan integratzera bideraturikoak.

11. artikulua. Izapidea eta ebazpena.

Lan zuzendari nagusiak emanen ditu eskaerei buruzko ebazpenak, haiek aurkezteko epea amaitu eta, gehienez ere, hiru hilabeteko epearen barruan.

Ebazpenak arrazoituak izanen dira eta interesatuei jakinaraziko zaizkie. Bertan bidezko diren errekurtso-bideak zehaztuko dira.

Ebazteko aipatu den epearen barruan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskera ezetsi dela ulertuko da.

Laguntza hauek ematea aurrekontuetako kontusailean horiek ordaintzeko diru aski izatearen baldintzapean egonen da.

12. artikulua. Ordaintzeko modua.

Ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:

-Dirulaguntza onartu eta zati bat ordaintzeko Lan zuzendari nagusiak emanen duen Ebazpenean erabakiko da zenbateko osoaren % 50 ordaintzea, Enplegu eta Ekonomia Sozialaren Zerbitzuaren adostasun txostena jaso ondoren.

-Onartutakoaren % 30 gehiago, entitate onuradunak harturiko lehenbiziko aurrerakinaren adinako gastuen egiaztagiriak aurkeztu ondoren. Ordainketa hori Lan zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez aginduko da.

-Azkeneko zatia, programa bukatutakoan, Foru Agindu honen 14 eta 15. artikuluetan adierazten diren ordainagiriak, egiaztagiriak eta dokumentazioa aurkeztu ondoren. Azken ordainketa hori Lan zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez aginduko da.

Nolanahi ere, ekainaren 19ko 8/1997 Foru Legearen 18. artikuluko 2. puntuan aurreikusitako kasuetan, aurrerakinak jaso ahal izateko, onuradunak zuzenbidearen arabera onargarri diren abal edo bermeak aurkeztu beharko ditu.

13. artikulua. Dirulaguntzen onuradunen beharkizunak.

Dirulaguntzen onuradunak beharkizun hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza kobratu baino lehen, egiaztatzea Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga beharkizunetan egunean dagoela.

b) Dirulaguntza hau jaso aurretik, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentutik jasotako dirulaguntzen erabilera behar bezala justifikatua izatea, baldin eta haiek justifikatzeko epea eskaerak aurkeztekoaren ondotik amaitu baldin bada.

c) Kasuan kasuko zenbatekoak espreski onetsitako kontzeptuetarako erabiltzea eta emateko ebazpenean ezartzen duen epean kudeatzea.

d) Programen oinarrizko eduki diren jarduerak zuzenean burutzea. Beraz, ezin izanen da zerbitzu azpikontrataziorik edo berariazko kontrataziorik egin, Lan Zuzendaritza Nagusiak propio baimentzen dituenak izan ezik.

e) Dirulaguntzaren erabilera egiaztatu, segimendua egin eta ikuskatzeko jarduerak onartzea eta, halaber, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuan dagoen kontuhartzailetza delegatuaren finantza kontrola.

f) Espainiako edo nazioarteko beste Administrazio edo ente publikoetatik, programa horretarako jasotako laguntza eta dirulaguntzen berri ematea Lan Zuzendaritza Nagusiari.

g) Lanerako Lanbide Heziketako ikastaroetarako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek ikasleen lan jardunaren segimendua egin beharko dute eta horren berri eman Lan Zuzendaritza Nagusiari.

h) Diruz laguntzen diren programen berri emateko erabiltzen den materialean modu ikusgarrian jartzea Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren logotipoa.

Gainera, kasua bada, programak laguntza emateko ebazpenaren edukiari egokitzeko beste memoria bat aurkeztu beharko dute.

14. artikulua. Gastuen justifikazioa.

Onuradunek jasotako dirulaguntzaren kontura egindako gastuen justifikazioa egin beharko dute, laguntza emateko ebazpenean adierazten den epearen barruan, gastua egin dutela egiaztatzeko agiri egokien bidez, dirulaguntzaren izaeraren arabera.

Kasu guztietan, dirulaguntza hartzen duten entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Entitatearen legezko ordezkariaren ziurtagiria, honakoak egiaztatzeko:

Dirulaguntzarekin burutu diren jarduera edo programak.

Beste administrazio publikoetatik edo beste ente publiko zein pribatuetatik (Espainiakoak zein nazioartekoak), programa horietarako dirulaguntzarik jaso ote duen. Baiezkotan, laguntzaren helburua eta zenbatekoa adierazi beharko dira eta dirulaguntza onartu izanaren egiaztagiriak aurkeztu.

b) Gastuak azaltzeko memoria, dirulaguntza hartu duen jardueraren kontzeptuak zein ordainagiriri dagozkion argitzeko. Gastuen ordainagiri bakoitzari zenbaki bat eman beharko zaio eta zerrenda ordenatua aurkeztu.

c) Langileri gastuak finantzatu diren kasuetan: kontratu eta nominen kopiak, programetan lan egin duten pertsonek sinatuak, Gizarte Segurantzaren kotizazioen egiaztagiriak eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagozkion atxikipenak Nafarroako Ogasunean sartu izanarenak.

Zerbitzuaren berariazko kontratazioa egin baldin bada, kontratuaren kopia eta emandako zerbitzuarengatik ordaindurikoaren agiriarena aurkeztu beharko dira eta, orobat, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren matrikulako alta-agiriaren kopia eta zerga hori azkeneko zergaldian ordaindu izanaren agiria. Horiez gainera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion zenbatekoa atxiki eta Nafarroako Ogasunean sartu dela egiaztatu beharko da.

d) Diruz lagunduriko programa garatu bitartean, onarturiko kontzeptuen barruan, egindako gainerako gastuen jatorrizko faktura edo ordainagiriak.

Zilegi izanen da jasotzen den dirulaguntzaren kontura justifikatzea aurrekontu ekitaldi horretan berean, dirulaguntza ordaindu aurretik, egindako gastuak, horrelakorik izan bada, beti ere diruz laguntzen den programaren barruko jarduerei dagozkien kostu errealak baldin badira.

Egiaztagiriak ekartzeko finkaturiko epean horiek guztiak aurkezten ez badira, Lan Zuzendaritza Nagusiak errekerimendua egin dezake hogei eguneko epearen barruan ekar ditzaten. Horrekin batera, jakinaraziko die errekerimenduari erantzun ezik, justifikatzeko beharkizuna urratu dutela ondorioztatuko dela eta Foru Agindu honetako hamazazpigarren eta hemezortzigarren idazatietan zehazturikoa aplikatuko dela.

15. artikulua. Jardueren memoria.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek jarduera amaitu eta hilabeteko epea izanen dute Lan Zuzendaritza Nagusian ebaluazio memoria bat aurkezteko, diruz lagunduriko jardueren emaitzei buruzkoa.

Memoria horietan, gutxienez, honako datu hauek agertu beharko dute:

1.-Entitatearen izena.

2.-Programaren izena.

3.-Programaren edukiaren azalpen laburra.

4.-Programa noiz garatu den.

5.-Laburpen ekonomikoa: emandako dirulaguntza eta programaren likidazioaren egoera, finantzabidearen arabera eta gastuen kontzeptuen arabera sailkatua.

6.-Zuzeneko erabiltzaileen kopurua.

7.-Eskaturiko aldaketak: horien beharraren azterketa.

8.-Programa zein eskualdetan garatu den.

9.-Erabilitako metodologia eta baliabideak.

10.-Egindako jarduketak.

11.-Programaren edo jardueren xede izan diren giza-taldeak

ikastaroak egin baldin badira, ikasleen izen-abizenak, atzerritarren identifikazio zenbakia (AIZ-NIE), adina eta lan egoera zehaztu beharko dira, eta ikasleen lan baimena, indarrean egon beharko duena, edo aita, ama edo tutorearena, eta ikastaroaren eguneroko asistentzia agiria aurkeztu beharko dira.

12.-Aurreikusitako helburuak, ahal den neurrian kuantifikatuak.

13.-Programan lorturiko emaitzak, kuantifikatuak eta baloratuak.

14.-Aurreikusitako helburuetatik izandako desbideraketak.

15.-Ondorioak.

16. artikulua. Segimendua eta kontrola.

Dirulaguntzen onuradunak behartuta daude Lan Zuzendaritza Nagusiak, jardueren hasierari, hasierako helburuen aldaketari eta jardueren amaierari buruz, aldizka eska diezaiekeen informazioa ematera.

Orobat, dirulaguntzen hartzaileek onartu beharko dituzte Lan Zuzendaritza Nagusiak, laguntzen erabileraren inguruan, egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak eta, halaber, indarra duen legeriari jarraikiz, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko kontuhartzailetza delegatuak egin ditzakeenak.

17. artikulua. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Dirulaguntzak hartzen dituzten entitate eta erakundeak, dirulaguntzen inguruko administrazio arau-hausteei buruz, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27 eta 28. artikuluetan ezarritako erantzukizunen eta zehapen araubidearen menpe egonen dira.

18. artikulua. Diru-itzulketak.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan adierazitako kasuetan, jasotako kopuru osoa edo zati bat itzuli beharko da eta, horrekin batera, halaber, dirulaguntza ordaindu zenetik aurrerako berandutzagatiko korrituak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritako moduan.

19. artikulua. Aplikatu beharreko xedapenak.

Foru honetan xedatutakoa ez dagoen orotan, honakoak aplikatuko dira: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea eta lanerako lanbide prestakuntza edo prestakuntza jarraia berrantolatzen duen otsailaren 13ko 31/1995 Foru Dekretua.

20. artikulua. Indarra hartzea.

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa