Lagun egiteko animaliak

Konpainia-animaliei, jabeen betebeharrei eta baimendutako jarduerei buruzko gakoak

Konpainia-animaliak dira etxean egon daitezkeen espezieak edo jarduera jakin batzuk egiteko erabili daitezkeenak. Jabeak du haien ongizatearen ardura. Horretarako, legeek zenbait betebehar eta debeku ezartzen dituzte. 
 

Zer espezie dira konpainia-animaliak?

Honako espezie hauek eduki ditzakezu konpainia-animalia gisa: 

  • Txakurrak, katuak eta hudoak, nahiz eta etxe batean ez bizi. 
  • Etxeko abereak edo animalia basatiak, jasota badaude estatuko legeak erregelamendu batean zehaztuko duen zerrendan. 
  • Abeltzaintzako animaliak, jabeak konpainia-animaliatzat inskribatzen baditu. 
  • Ehiza-hegaztiak eta akuarioko animaliak, ez badira espezie exotiko inbaditzaileak edo espezie babestuak.


Honako espezie hauek ezin dituzu eduki konpainia-animalia gisa: 

  • Animalia pozoitsuak.
  • Pertsonei edo beste animalia batzuei kalte egiten ahal dieten animaliak.
  • Espezie babestuak.
  • Espezie inbaditzaileak.

Nola identifikatu behar dut nire txakurra, katua edo hudoa?

Nahitaezkoa da txakurrak, katuak eta hudoak mikrotxip batekin identifikatzea, erregistroan inskribatzea (zehazki, Lagun Egiteko Animaliak Identifikatzeko Nafarroako Erregistroan) eta identifikazio-pasaporte bat edukitzea.  Albaitariaren bidez egiten da hori..

 Lagun Egiteko Animaliak Identifikatzeko Nafarroako Erregistroa kontsultatu dezakezu, honetarako:


Jabe batek txakurra, katua edo hudoa pertsona juridiko baten izenean inskribatu ahal izateko, 94/2022 Foru Dekretuaren 8.7 artikuluan jasota ez badago (adibidez, abeltzaintzako ustiategien titularrak, gune zoologikoa pertsona juridiko baten izenean duten hazleak), baimena eskatu behar du.

Jabea naizen aldetik, zer beste betebehar ditut?

  • Elikagai osasungarri eta orekatuekin elikatu. Ez elikatu osasun-kontrolik izan ez duten animalien erraiekin, hilotzekin eta beste hondakin batzuekin. 
  • Bizitzeko egokia den espazio bat eman, espeziea eta tamaina kontuan hartuta, eta higiene- eta osasun-baldintza egokiak bermatu. 
  • Mugitzeko eta ariketa fisikoa egiteko askatasuna eman. 
  • Harreman sozial egokia bermatu.
  • Txakurrak, katuak eta hudoak  amorruaren kontra txertatu urtero, eta aldian behin parasitoak kendu. 
  • Urtero albaitari-kontrola egin. 
  • Animaliak gaixotasun edo lesio baten sintomak dituenean, albaitariarengana joan behar duzu berehala, eta inoiz ez medikatu albaitariak agindu gabe. 
  • Zure animaliak jokabide- eta bizikidetza-arazoak dituenean, erregistraturiko hezitzaile batengana edo animalien portaeran aditua den profesional batengana jo, bereziki txakurren kasuan. Hemen erregistratu zaitezke Nafarroako txakur-trebatzaile gisa.  
  • Ez utzi kalterik eragiten pertsonei, beste animalia batzuei edo ingurune naturalari. Ez dituzu aske utzi behar toki publikoetan edo sarbide publikoko toki pribatuetan.
  • Udal-ordenantzak bete. Txakurren kasuan, bide publikoan gorotzak jaso eta pixa garbitu behar duzu, animalia uhalaz lotuta eraman...
  • Arriskutsua izan daitekeen txakur baten jabea bazara, erantzukizun zibileko asegurua eduki behar duzu, hirugarrenei eragindako kalteak estaliko dituena gutxienez 120.000 eurorekin.
  • Ez utzi zure animaliari ugaltzen zuk jakin gabe. Zure txakurra edo katua kalera ateratzen bada zuk kontrolatu gabe, esterilizatu egin beharko duzu. Nafarroan ez da nahitaezkoa katuak esterilizatzea 6 hilabete bete aurretik.

Jabeendako debekuak

  • Ezin duzu txakur edo katu bat terrazan eduki modu iraunkorrean.
  • Ezin duzu txakurra toki batean lotuta eduki modu iraunkorrean; soilik denbora labur batez, eta arrazoi justifikatua dagoenean. 
  • Txakurren kasuan, ezin dituzu erabili urkatze-lepokoak, lepoko arantzadunak eta lepoko elektriko batzuk. Animaliari kalteak eragiten ahal dizkioten lepoko elektrikoak soilik erabil daitezke albaitari profesional batek edo trebatzaile batek hala zehazten duenean, eta soilik aldi baterako.
  • Ezin duzu kirurgiarik egin konpainia-animalia baten itxura aldatzeko, hala nola txakur bati belarriak edo buztana moztea. Halakoak egiten ahalko dira albaitari profesional batek beharrezkotzat jotzen baditu arrazoi medikoengatik, ziurtagiri bidez justifikatu ondoan.
  • Ezin zara etxetik kanpo egon hiru egunez baino gehiagoz zure maskota gainbegiratu gabe utzita. Txakurren kasuan, epe hori ezin da 24 ordu baino luzeagoa izan. 
     

Ez bada betetzen animaliak babesteko foru- edo estatu-mailako legeetako betebehar edo debekuren bat, zehapena izan daiteke ohartarazpen bat egitea, edo isuna jartzea, 200 eta 200.000 euro artekoa.

Arau-haustea delitutzat hartzen bada (adibidez, animalia bati tratu txarrak ematea, abandonatzea edo hiltzea), auzi penala izanen da.

Ostalaritzako negozioetan, eraikin publikoetan eta garraio publikoan sartzea

  • Ostalaritzako negozioetan sartzea araututa dago toki bakoitzeko udal-ordenantzan. Negozio horiek ez dute zertan baimendu konpainia-animaliak haietara sartzea, baina, baimentzen ez badute, kartel edo seinale bat jarri beharko dute kanpotik ikusteko moduan.
  • Eraikin publikoetara sartu daitezke, salbu eta berariaz debekatuta badago eta hala adierazita badago eraikinaren sarreran, ikusteko moduan. 
  • Garraio publikoan ere bidaiatu dezakete, baldin eta pertsonendako, beste animalia batzuendako eta gauzendako arriskutsuak ez badira, betiere udal-ordenantzetan ezarritakoa betez.

Zer betebehar ditut katu-koloniekin?

  • Katu-kolonietan bizi diren katuak konpainia-animaliatzat hartzen dira, eta legeak babesten ditu beste edozein animalia bezala.
  • Kolonia bateko katuen osotasuna, segurtasuna eta bizi-kalitatea errespetatu behar dituzu.

Animaliak haztea, erostea eta adoptatzea

Haztea

  • Nafarroan, animaliak merkataritzarako hazteko, beharrezkoa da Lagun Egiteko Animalien Zentroen Erregistroan inskribatuta egotea. Hemen inskribatu zaitezke hazkuntza-zentro gisa.
  • Etxean umealdi bat izan dezakezu, baina legeak ezarritako mugak bete behar dituzu; besteak beste, ezin izanen dituzu kumeak saldu. 

Erostea:

  • Animaliak denda batean erosten ahal dituzu, debekaturiko animaliak ez badira. Hala ere, txakurrak, katuak eta hudoak, 2024ko irailaren 29tik aurrera, jaio ziren hazkuntza-zentroan baizik ez dira erosten ahalko. 
  • Debekatuta dago animaliak Internet bidez erostea. Erregistratutako haztegietan edo baimendutako dendetan baizik ezin dituzu erosi. 

Adoptatzea:  

Animaliak hiltzea eta eutanasia

Konpainia-animaliak hiltzea debekatuta dago legedian. Kasu hauetan, baimenduta dago animaliak hiltzea eta eutanasia: 

  • Eutanasia baimenduta dago, baldin eta albaitari batek egiten badu, berak hala iritzita, animalia batek ez dezan alferrik sufritu edo ezin badu bizi-kalitate onargarria izan lesio baten ondorioz. 
  • Animaliak hiltzea baimenduta dago pertsonen edo animalien segurtasuna bermatzeko, osasun publikorako arriskua badago edo larrialdi bat badago, justifikatuta dagoenean, eta agintaritza eskudunak baimendu ondoan.

Zer egin behar dut...?

  • ...animalia galtzen bada: salaketa jarri edo galdu dela jakinarazi agintaritza eskudunari, 48 ordu iragan baino lehen.
  • …animalia hiltzen bada: hilotza entregatu baimendutako enpresa bati, erraustu edo ehortzi dezan. Enpresak ziurtagiri bat eman beharko dizu. Ziurtagiri horrekin, albaitari batengana jo beharko duzu identifikazio-erregistroan baja eman diezaion zure maskotari. 

Argibide gehiago

Gehiago jakin nahi baduzu estatuko eta Foru Komunitateko araudiari buruz, Nafarroako Gobernuak egindako agiria kontsultatu dezakezu. Konpainia-animaliei buruzko ohiko galderetan sakontzen du agiri horrek. Hona hemen: 

Konpainia-animaliei buruzko gida (PDF, 4MB)