Autogobernua

Significado

Forua


Nafarroan, "Foru" hitzak legeak eta ohiturak (zibilak zein politikoak, administratiboak edo ekonomikoak) dakarzkigu gogora. Azken batean, haren atzean bertako lege erregimena eta mendeetan izandako autogobernua ageri dira.

Nafarroako Jauregiaren aurrealdean idatzita dago Obanosko Infantzoien goiburua: Pro libertate patria gens libera state ("Zutik, gizon libreok, aberri librearen alde!"). Horren arabera, bada, norberaren askatasuna eta askatasun publikoak elkarri lotuta daude. Eta hori da, hain zuzen, Nafarroako Foruaren funtsa

Foruak eskubidea aitortzen die nafarrei beretzat ondorio zuzenak izan ditzakeen zernahiz  erabakitzeko, horretan muga bakarra batasun konstituzionala errespetatzea delarik. Halaxe gauzatzen da autonomia Nafarroan, Espainiako beste herrialdeekiko elkartasunean oinarrituz, alegia. Foruak zintzotasuna eskatzen du, eta elkarbizitzarako oinarrizkoa den ezaugarri horrek beti izan behar du nagusi.

Foruak itun baten emaitza dira, Nafarroak aldi bakoitzean Estatuaren botere subiranoa zeukanarekin prestu eta irmo adostua. Hasieran, monarkia nafarraren printzipioak zirenak ahoz transmititzen ziren, eta XIII. mendeaz geroztik idatzirik jaso ziren "Fueros y Compilaciones" (Foru Bildumak) deitzen ziren haietan. Mila urte baino gehiago dira Nafarroak bere foru erregimenari eusten diola, eta aldian aldiko egoerari moldatu ditu itunen bidez. Nafarroako Foruek, herritarren artean ezagunak bainoago maiteak izan diren arren, gaur egun indar osoa dute, eta ezinbesteko tresna dira aurrerapena, ongizatea eta askatasuna areagotzeko bidean.

Hortaz, bada, Nafarroako Foruek indartsu eusten diote XXI. mendean, guztion geroaren berme demokratikoa baitira, eta aurrerantzean ere askatasun kolektiboak eta garapen maila handiagoak ziurtatuko dizkiete nafarrei.

Erresuma

                 
 

Sorrera eta bilakaera

Sortu zenean, IX. mendean, Nafarroako Erresumaren izena Iruñeko Erresuma zen, eta hasieratik haren gobernu-tresna izan zirenak, Foruak alegia, bertakoen antzinako ohituretan oinarrituta zeuden. Litekeena da geroago, Erdi Aroan, erromatarren eta bisigodoen zuzenbidearen kutsua baitaratu izana.

Nafarroan, boterean parte hartzen zuten agintariak (Erregea, Auzitegiak, Gorteak) eta kontrol erakundeak (Gorteak, Erresumako Diputazioa) oinarri teorikoak izan ziren Erresumako jardun politikoa egituratzeko. Gizartea, Erregimen Zaharrean ohikoa zenez, estamentuetan antolatua zegoen, eta horrenbestez, ezin esan liteke Nafarroako erregimena "demokratikoa" zenik, hitz horrek gaur duen adieraren arabera. Dena den, demokratikoa ez bazen ere, bazen, ordea, konstituzionala, agintarien eta agindupekoen artean gauza guztiz argia baitzen aginte politikoa Erresumako oinarrizko arauen menpe zegoela eta Erresumak kontrol erakundeak izan behar zituela.

Nafarroako autogobernuak historian izan duen bilakaera azterturik, lau aldi bereiz daitezke: 1) IX. mendetik 1515era bitartean Nafarroa erresuma independente bat izan zen; 2) 1515tik 1839ra bitartean Nafarroa Espainiako Koroak bereganatutako erresuma bat izan zen, eta Erregea izan ezik, gainontzeko instituzio guztiak atxiki zituen; 3) 1841etik 1982ra arte Nafarroa Espainiako probintzia bat izan zen, autonomoa administrazio eta zerga alorretan, eta 4) 1982tik, 1978ko Konstituzioaren eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen ondorioz -azken hori Nafarroako autonomia estatutuak duen izena da- Nafarroak, Foru Komunitate bilakatua eta Espainiako autonomien estatuaren osagai, bere instituzio demokratikoak ditu, eta autogobernu maila jasoa dauka.

Garai horietan Erresumako ordezkaritza-instituzioak ondoko hauek izan ziren:

1. Erresuma independentea: Erregea, Gorteak, Errege Kontseilua, Gorte Nagusia (Cort orokorra) eta Kontuen Ganbara.

2. Espainiak bereganatutako erresuma: lehengo instituzio berberak, haietako bat salbu, Erregea Espainiakoa baita, eta Erregeorde baten bidez gobernatzen du. Gorteek garrantzi handiagoa dute, eta Erresumako Diputazioa sortzen da.

3. Espainiako probintzia: Probintzi Diputazioa dauka, eta geroago Foru Kontseilu Administratiboa ere bai.

4. Foru Komunitatea: Lehendakaria, Gobernua eta Parlamentua.

1512an gerra galduta, Nafarroa Gaztelaren eskuetara pasatu zen, baina erresuma izaerari eutsiz eta berezko instituzioak gordez. Erregearen ordezkaria, erregeordea, Iruñean egonen zen, eta Erresumak beste instituzio politiko batzuk izanen zituen: Errege Kontseilua, goi mailako justizia organoa izanen zena; Gorte Nagusia, auzitegi tekniko gisa jardunen zuena, eta Kontuen Ganbara, Ogasun eta Ondare auziez arduratuko zena.

Erdi Aroko monarkiatik Aro Modernora iragateak eta erregearekiko urruntasunak -fisikoa eta psikologikoa- Erresumako Gorteen garrantzia areagotu zuten, eta nafarren ordezkari bilakatu zuten Erregearen asmoen aurrean. Izan ere, Nafarroako Gorteek Espainiako beste erresumetakoek baino ahalmen handiagoa izan zuten, batez ere Koroaren esku utzi beharreko diru kopuruari zegokionez (dohaintza). Gorteek Koroaren arau guztiak aztertu behar zituzten, haietan bidegaberik edo kontraforurik ote zegoen jakiteko.

Bi bide zeuden Erregearengandik zetozkeen bidegabekeriei aurre egiteko: foru-baimena eta legeak argitaratzea. Tresna horietako lehenaren arabera, erregearen zedulek foru-baimena jaso behar zuten Erresumako Errege Kontseiluaren partetik, lehenago Erresumako Diputazioari entzunda. Hala ere, legeak berrestean erregeak aldaketak egin zitzakeen Gorteen erreguan, Erresumaren interesen kaltean. Horrelakoetan Gorteak argitaratzeko eskubideaz balia zitezkeen, tramite hori betetzen ez bazen legeak ez zuelako indarrik.

Gaztelan sartzean, Nafarroan dinastia berri bat ezarri zen, eta nazioartean zuen entzutea galtzearekin batera, Erresumak gerra eta bakea deklaratzeko eskubidea ere galdu zuen. Hala ere, Nafarroak erresuma izaten jarraitu zuen, Estatu baten bereizgarri diren instituzioekin: botere legegilea (Gorteak), botere betearazlea (Errege Kontseiluaren eta Erresumako Diputazioen esku) eta botere judiziala, azken auzialdia Nafarroan gauzatzen zen eta. 

Lege Itundua. Erresuma izazetik probintzia izatera


Lehenengo Gerra Karlistaren ondorioz (1833-1840) Nafarroak erresuma izaera galdu zuen. Bergarako Hitzarmenean, 1839an, Espartero jenerala prest agertu zen lege proiektu bat aurkez zedin gomendatzeko; Gobernuak Gorteetan aurkeztuko zuen lege proiektuaren helburua Nafarroako Foruak berrestea edo aldaraztea izanen zen. Azkenean, Gobernuak Foruak berresten zituen lege bat promulgatu zuen, beti ere batasun konstituzionala hautsi gabe.

Prozesu horren emaitza, 1841 Lege Itundua, "foru erregimenaren" abiapuntua izan zen. Harrezkero Nafarroa ez zen erresuma izanen, eta horren trukean autonomia handia emanen zitzaion.

Lege Itunduaren 26 artikuluek alor desberdinak arautzen zituen: gobernu militarra eta politikoa, justizia administrazioa, udalak, mendiak eta Ogasun gaiak.

Lege Itundua eman zenetik Nafarroako Diputazioa gobernu baten eginkizunak hartu ditu bere gain: aurrekontuak onartu, zergak bildu, errepideez eta bideez arduratu, mendiak arautu eta zaindu... poliki-poliki oraingo administrazio batenak bezalako zerbitzuak emateraino.

Foru Hobekuntza


Foruen Berrintegrazioa


1978ko espainiar konstituzioan, lehen aldiz espresuki babesten eta errespetatzen dira Nafarroako eskubide historikoak, eta Nafarroako instituzioentzat sistema demokratikoa ezartzen du.

1979. urtean, sufragio unibertsalaren bidez hautatu ziren Nafarroako Parlamentua —Espainiako lehen ganbera autonomikoa— eta Foru Aldundia. Handik urte batera, Nafarroako esparru juridikoa eta instituzionala berritzeko ituna negoziatzeko prozesuari hasiera eman zioten, eta, ondorioz, 1982. urtean, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobeagotzeko Lege Organikoa(NFEBHLO) aldarrikatu zen.

Hobeagotzearekin foru eraentza eguneratzeaz gain, Nafarroako autogobernu sekularra sakontzen da. Lege Organikoan, hitzaurrea, atariko titulua eta hiru titulu daude. Lehen tituluan, Nafarroako foru erakundeak ezartzen eta arautzen dira (Parlamentua, Gobernua eta Gobernuko Lehendakaria). Bigarren tituluan, Nafarroako ahalmenak eta eskumenak jorratzen dira; hirugarrenean, berriz, erreforma-prozesua erregulatzen da.

Hobeagotzea bitan berritu da:

2001. urtean, aldatu egin zen Nafarroako Gobernuko Lehendakaria automatikoki hautatzeko prozesua ezabatzearren, eta Lehendakariari Parlamentua aurrez desegiteko ahalmena eman zitzaion.

Bigarren aldaketa, zabalagoa, Nafarroako Gobernuak bultzatu zuen 2009. urtean, 1982. urteko testua egungo errealitate juridiko-politikora egokitze aldera. Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak hartutako akordioaren bidez berritutako testua 2010eko martxoaren 18an sinatu zuten, eta, Lege Organiko gisa urriaren 27ko 7/2010 Lege Organikoan aldarrikatu zen. 

Espainiako eta Nafarroako Gobernuek adostutako testuaren bidez, hogei bat artikulu aldatu ziren, erantsitako eta aldatutakoen artean, baina aldaketarik handiena izan zen legealdiaren epea beste lau urterako luzatzea Nafarroako Parlamentua aurrez deseginez gero eta hauteskunde berriak deitzea. Era berean, Ganbera desegitea ere jaso zen, eratu eta handik hiru hilabetera Foru Erkidegoko Lehendakaria hautatu ez bada. Azkenik, Nafarroak Europar Batasuneko erabakietan parte hartu behar duela jaso zen, haren eskumeneko edo intereseko gaietan.

Onartutako testuan, baita ere, 1982ko testua kontzeptu eta terminologia aldetik eguneratu ziren. Nafarroako instituzio-garapenetik sortutako erakunde publikoak aipatu ziren espresuki,  lehengo erredakzioan ez zeudenak; hau da, Herriaren Defentsaria eta Nafarroako Kontseilua. Halaber, Nafarroak onartutako eskumenekin lotutako beste batzuk izendatu ziren, dagoeneko ez zeuden figurak ezabatu eta betetako aginduak arautzen zituzten lau xedapen iragankor indargabetu ziren.

Foru Eraentzaren xedapen nabarmenenak

Sinboloak. Armarria, bandera eta ereserkia


Nafarroaren armarria, bandera eta ereserkia Foru Komunitatearen sinbolo ofizialak dira. Haietako lehen biak zehazturik ageri dira Forua Hobeagotzeko Lege Organikoan.  Ereserki ofiziala jasota dago Nafarroako Parlamentuaren 24/2003 Foru Legean, apirilaren 4koa, eta lege horrek Nafarroaren sinbolo guztien erabilera arautzen du.

Armarria

1982ko abuztuaren 10eko Lege Organikoak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzkoak (NFEBHLO), ondokoa adierazten du 7.1 artikuluan:

"Nafarroako armarria, hondo gorriaren gainean paraturiko urrezko kateez da, katemailaz osaturiko zortzi besoen elkargunean esmeralda bat dutela eta ororen gainean, berriz, Errege koroa, Nafarroako antzinako Erresumaren sinboloa".

Goiko artikuluan azaltzen dena Nafarroaren armarri historikoa da -urrezko kateak atzealde gorriaren gainean-. Hasieran Antso VII.a Azkarraren armarria izan zen, bereizgarritzat hartu baitzuen 1212an, penintsularen Errekonkista garaietan, Nafarroa, Gaztela eta Aragoiko erregeek gerlari musulmanak garaitu zituztenean Navas de Tolosan, oraingo Jaen probintzian. Armarriko kateak Miramamolin Berdea errege mairuaren denda inguratzen zutenak dira, Santxo Azkarrak berak hautsi baitzituen bere ezpatarekin. Erdian dagoen esmeraldak errege mairuak durbantean zeramana irudikatzen du.

Santxo Azkarrak irudi hori aukeratu zuen bereizgarri heraldikotzat, ordura arte erabiltzen zuen arrano beltzaren ordez. Geroago, erregearen armarria Erresumaren armarri bihurtu zen, eta era desberdinetan irudikatu zen (kate, barra edo esferatxoekin) 1910era arte, urte hartan Foru Diputazioak armarriaren irudi ofiziala izanen zena onartu baitzuen.

1931n, Bigarren Espainiako Errepublika eratu zenean, errege koroaren ordez gaztelu edo gotorleku baten antza zeukan koroa bat jarri zen armarriaren goialdeen, eta 1937an errege koroa berreskuratu zen. Urte berean San Fernandoren Gurutze Ereinozduna gehitu zitzaion armarri ofizialari, Franco Jeneralak kondekorazio hori eman baitzion Nafarroari 1936ko altxamenduari lotzeagatik. Nafarroako Parlamentuak, 1981eko Arau batez, lehengo itxurarekin moldatu zuen armarria, eta handik hilabete batzuetara NFEBHLOk lege lerrunaz jantzi zuen.

Bandera

Foru Hobekuntzarako Lege Organikoaren 7.2 artikuluaren arabera: "Nafarroako bandera kolore gorrikoa da, eta erdian armarria du."

Nafarroaren bandera Foru Komunitatearen sinboloa izan da 1910etik, urte hartan Foru Diputazioa haren ezaugarriak zehaztu baitzituen, eta kolore gorria aukeratu zuen armarri ofizialaren hondoa kolore berekoa zelako. Gainera, erabaki zuen Nafarroako Jauregiko balkoian jasoko zela erlijio-jaiegunetan (San Fermin, San Frantzisko Xabierkoa, San Migel eta Andre Sortze Garbiaren egunean, uztailaren 16an -Navas de Tolosako batailaren eguna-, eta beste egun gogoangarri batzuetan).

NFEBHLO onartu zenetik, 1982an, bandera ofizialak beti egon dira Nafarroako Jauregiaren fatxadan eta beste egoitza ofizial batzuetan.

Nafarroako Sinboloei buruzko Foru Legean hala ezarrita, bandera Foru Komunitateko eraikin zibilen kanpoaldean eta barrualdean jarriko da, bertako toki nabarmen batean eta Espainiaren banderaren nagusitasuna gutxietsi gabe.

1.- Toki entitateei eta erakundeei banderak uztea

2.- Udalei Nafarroako banderak uztea

Ereserkia

Nafarroako Sinboloei buruzko Foru Legearen arabera, Nafarroaren ereserkia "Gorteen Ereserkia" da. Haren jatorrizko doinua, "Erresumako Sarrera Martxa" izeneko pasaklaustro barrokoa, Iruñeko Katedraleko klaustroan jotzen zen, Nafarroako Gorteko kideak batzarretara zihoazenean.

Martxa hori aurreko mendetik jotzen zen ospakizun ofizial nagusietan, eta Nafarroaren izatezko ereserkitzat hartzen zen arren ez zitzaion izaera ofizialik aitortu 1985era arte, aipatutako Foru Legea onartu zen arte, alegia.
        
Nafarroako Gobernuak ereserkiaren harmonizazio ofiziala onartu zuenean, 1993an, Manuel Iribarrenek 1971n idatzitako hitzak erantsi zizkion. Hona hemen ereserkiaren hitzak, Jose Maria Azpirozek euskaratuak:

Deskargatu Nafarroaren ereserkia: 

1. Sakelako telefonorako bertsioa

2. Musika erreproduzigailurako bertsioa (MP3 formatua): Pablo Sarasate Orkestra, Iruñeko Orfeoira eta Santo Tomás Abesbatza

Nafarroako Gobernuak ereserkiaren harmonizazio ofiziala onartu zuenean, 1993an, Manuel Iribarrenek 1971n idatzitako hitzak erantsi zizkion. Hona hemen ereserkiaren hitzak, Jose Maria Azpirozek euskaratuak:

NAFARROAKO ERESERKIA:
Nafarroa, / lur haundi ta azkar, / beti leial, / zure ospea da / antzinako lege zaharra / Nafarroa, / gizon askatuen sorlekua, / zuri nahi dizugu gaur / kanta / Gaiten denok bat, / denok gogo bat / behin betiko iritsi dezagun / aintza, bake eta / maitasuna

Erakundeak

Lehendakariak eta kontseilariek osatzen dute Nafarroako Gobernua. Lehendakaritzari dagokio Nafarroako Gobernuaren ekintza zuzentzea. Bere burua eta ordezkaria da, kideak izendatzen ditu eta bere ekintza koordinatzen du. Bestalde, Legebiltzarrak Nafarroako herria ordezkatzen du, legegintza-ahala erabiltzen du, Nafarroako Aurrekontuak eta Kontuak onartzen ditu, Gobernuaren ekintza bultzatu eta kontrolatzen du, eta ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion beste eginkizun batzuk betetzen ditu.

 

Nafarroako Parlamentua

Nafarroako Parlamentuaren webgunea. Osoko bilkurak eta batzordeak zuzenenan. Legegintza eta jarduera parlamentarioa.


Nafarroako Gobernua

Gobernua eta haren kideak. Presidenteari eta Gobernuaren egoitzari buruzko informazioa. Aurrekontuak.


Lehendakaria

Ezagutu Nafarroako Lehendakaria eta bere jarduera.

Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa

Nafarroako finantzaketa-sistema propioa da. Konstituzioak babestuta dauden bere eskubide historikoetatik eratorria da.

Foru Ogasunak bere lurraldeari dagozkion zergak ezartzeko eta biltzeko ahalmena du. Lortutako diru-sarrerekin, bere eskumeneko zerbitzu publikoak finantzatzen ditu (osasuna, hezkuntza, gizarte-politikak, errepideak eta abar) eta, ekarpen ekonomikoaren bidez, Estatuari bere gain hartuta ez dituen eta, beraz, bere lurraldean Estatuko administrazioak eskaintzen dituen eskuduntzei dagokien zenbatekoa ordaintzen dio.

Sistema hori eraentzeko, Hitzarmenak Nafarroaren eta Estatuaren arteko zerga- eta finantza-harremanak ezartzen eta bateratzen ditu eta ekarpen ekonomikoa kalkulatzeko mekanismoa finkatzen du.

Sistema hori XIX. mendearen erdialdean sortu zen, Nafarroak Erresuma izaera galdu zuenean eta espainiar merkatu bakarra deitu daitekeenean sartu zenean. Iraun duen 170 urte baino gehiagotan, mota guztietako erregimen politiko eta zerga-erregimenekin batera existitu du, Europar Batasunak Europako Merkatu Bateraturako ezarritako eskakizunetara egokitu arte.

Informazioa gehiago Hitzarmen Ekonomikoari buruz