Nafarroako Foru Administrazioaren zorpetzea

Informazio eguneratua: kreditu-kalifikazioa (rating), zor publikoaren eta Nafarroako Gobernuak kontratatutako maileguen xehetasunak eta epemuga

Nafarroa, 2023aren amaieran, Espainian zorpetze maila baxuena duen erregioa izan da, BPGd-aren % 12arekin, Espainiako Bankuak argitaratutako zorraren datuek erakutsi bezala. Gehiegizko defizitaren protokoloaren arabera kalkulatzen du Bankuak autonomia erkidegoen zorra.

2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek (martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legearen bidez onetsiak) baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari zorpetze eragiketak egiteko, honako muga honekin: 2024ko amaieran zorraren saldo bizia ez dadila izan 77 milioi euro –aurreikusitako defizita, BPGd-aren % 0,3– baino handiagoa, urte hasieran zegoen saldoaren aldean. Defizit hori estaltzeak, gehi epemuga arrunta hurbil duten zorren birfinantzazioak (257 milioi euro), 334 milioi euro finantzatu beharra ekarriko luke.

Hala ere, zifra hori txikiagoa izan liteke baldin eta aurreko urteetan metatutako gehiegizko finantziazioekin konpentsatzen bada (superabiten ondorioz); beraz, espero da zorpetzea 2024an ere murriztea.

Eragiketak formalizatzeko egutegia finantza-merkatuen eta interes-tasen bilakaerak baldintzatuko du, eta formatu jasangarrian jaulkitzea lehenetsiko da.

Finantzaketa-eragiketa guztien xehetasunak eta zorpetze-zorroaren ezaugarriak hemen kontsultatzen ahal dira: 2024ko apirilaren 30a (2024ko apirilaren 30eko datuak) (eskuragarri dauden azken datuak).

Ikus, halaber, inbertsoreentzako aurkezpena (Presentation to investors), egoera ekonomikoari, finantzaketa jasangarriari, aurrekontuei eta zorpetzeari buruzko datuak baititu.

Kreditu-kalifikazioa
Nafarroako kreditu-kalifikazioa (rating) taularen goiko aldean dago, eskualde kaudimendunen artean. Gaur egun, AA- da, perspektiba egonkorrarekin, Standard & Poor’s agentziaren azken txostenak jasotzen duenaren arabera.

Espainiako erkidego batek izaten ahal duen kalifikaziorik handiena da, herrialdeari emandakoa baino bi maila gorago baitago. Horri esker, Nafarroak finantzaketa baldintza hobeak lortzen ahal ditu.

Nafarroako zorraren memoranduma

Nafarroak 3.146 milioi euroko zorpetzearekin amaitu zuen 2021a; aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, 471 milioi euro gutxiago da hori. BPGari dagokionez, zorra %15,2koa izan zen; zorpetze baxuena duen bigarren erkidegoa da, eta 2020arekin alderatuz gero, gehien murriztu duen eskualdea da (Iturria: Espainiako Bankua).

Nafarroako zorraren azken memorandumak datu horiek eta gehiago jasotzen ditu eta 90eko hamarkadatik zorpetzeak izan duen bilakaera islatzen du.

Finantzaketa jasangarria

Mugarri nabarmena da 2019ko apirilekoa: Nafarroa finantzaketa jasangarriaren merkatuan estreinatu zen, 50 milioi euroko jaulkipenarekin, 25 urtera. Harrezkero, Foru Komunitateak apustu hori sendotu du, eta bi bonu jasangarri gehiago jaulki ditu: bata 2020an, 75 milioi eurokoa, eta bestea 2022an, 125 milioi eurokoa, biak ere 20 urteko epemugarekin.

Horretarako, Nafarroako Gobernuak  finantzaketa jasangarriko esparru (Sustainability Bond Navarre Framework) bat egin zuen, bonu horiekin finantzatu beharreko proiektuak zehazteko. Esparru hori ikuskatua izan zen eta Sustainalytics enpresaren aldeko bigarren iritzi txosten (Navarre Sustainable finance second opinion) bat lortu zuen, oso positiboa, ICMAren Bonu Berde eta Sozialen Oinarrien estandarrak betetzen zituela egiaztatu zuena.

Esparru horretan ezarritako irizpideak betez, honako hauek daude eskuragarri:

Informazio gehiago nahi izanez gero,  Foru Komunitateko datu ekonomiko nagusiak kontsultatzen ahal dira, bai eta Nafarroaren finantzaketa-sistema propioa ere,  Hitzarmen Ekonomikoa, deitu ohi dena.