(ir al contenido)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Herramientas para el contenido

Compártelo

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ver más noticias de este día

Zabalik dago jadanik aurtengo Haur Kantari Txapelketan parte hartzeko izena emateko epea

martes, 27 de enero de 2004

Otsailaren 27an bukatuko da Haur Kantari Txapelketan parte hartzeko izena emateko epea. Aurtengo kanporaketak martxoaren 6tik aurrera eginen dira Donezteben, Tafallan, Berriozarren eta Lizarran, finala apirilaren 4an, goizeko 11etan, Iruñeko Gaiarre Antzokian jokatuko delarik.



Euskal Kantuzaleen Elkarteak Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren laguntzaz antolatzen duen txapelketa honen helburuak honako hauek dira: euskal kantagintza zabaldu eta haurrei erakustea, haurren zaletasuna piztea, kantuaren bidez haurrak hezitzea eta musikaren heziketa teorikoa praktikaren bidez ere bultzatzea.



Bi kategoria bereizten dira Haur Kantari Txapelketan, txikiak, hau da, 1993tik 1997ra jaiotako haurrei dagokiena, eta gaztetxoak, sail honetan 1989tik 1992ra jaiotakoak sartzen direlarik. Eskola edo ikastola bakoitzak bi talde, bat txikien kategoriakoa eta bestea gaztetxoena, eta beste bi ordezkari, bakarka edo binaka, aurkez ditzake, zentro bakoitzak gehienez ere lau ordezkari izanen dituelarik.



Kantari bakoitzak lau minutu inguruko kanta bakar bat aurkez dezake. Kanta zahar eta berriak eman daitezke, betiere herritar eran eta ez goi mailako polifoniaz, antolatzaileek uste baitute honelako koru eta abesbatzek beste txapelketa berezi batzuk dituztela.



Doinua, hitzak, ahotsa, trebetasuna, interpretazioa eta kantuaren ekarpena izanen ditu kontuan epaimahaiak, baina, kantu lehiaketa denez, beste deusen gainetik kantua baloratuko da, nahiz eta kantariak nahi duen musika laguntza eraman dezakeen. Musika laguntzaileak gazteak edo helduak izan daitezke.



Arantza Ezkurra Burlatako Musika Eskolako irakaslea, Mikel Juaniz Barañaingo Musika Eskolako irakaslea eta Pamplonesako kidea, eta Amaia Dominguez Agoizko eta Garinoaineko Musika Eskoletako irakaslea eta Iruñeko Orfeoiko kantaria izanen dira epaimahaikideak aurtengo edizioan.



Kategoria eta modalitate bakoitzeko lehenengo bientzat izango dira sariak. Epaimahaiak beste sari batzuk eman ditzake, betiere horretarako duen arrazoia zein den adieraziz.



Izen-ematea otsailaren 27ra arte egonen da zabalik 948141812 telefonora deituz. Ezinbestekoa da abestiaren hitzak eta partitura postaz, e-postaz edo faxez bidaltzea helbide honetara: Kantuzaleen Elkartea, Descalzos kalea, 50, behea, 31001 Iruñea. E-posta:

euskokultur@terra.es.

Lehendabiziko kanporaketa Doneztebeko Bordatxon izanen da martxoaren 6an, arratsaldeko 5etan. Martxoaren 13an, arratsaldeko 5etan hemen ere, Tafallako kanporaketa eginen da. Martxoaren 20an, ordu berean, beste kanporaketa bat antolatu da Berriozarko Mendialdea eskolan. Azken kanporaketa martxoaren 27an izanen da, goizeko 11etan, Lizarrako Golem zinemetan. Finala aprilaren 4an, goizeko 11etatik aurrera jokatuko da Iruñeko Gaiarre antzokian.



Kanporaketa ospatzen den herri bakoitzean aldameneko herrietakoek parte hartzeko lehentasuna izanen dute, eta soilik puntuaketaren arabera aurreneko gelditzen diren hogei partaideak aurkeztuko dira finalean.



Haur Kantari Txapelketaren aurtengo edizioaren aurrekontua 12.000 eurokoa da.


Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web