(ir al contenido)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Herramientas para el contenido

Compártelo

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ver más noticias de este día

Euskararen Fonoteka jaio da nafar euskalkien aberastasuna zaintzeko xedez

viernes, 14 de mayo de 2004

Luis Campoy Zueco Hezkuntza kontseilariak eta Pedro Pegenaute Garde Unibertsitate eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak Nafarroako Euskararen Fonoteka inauguratu dute gaur goizean. Proiektua elkarlanean egin dute Unibertsitate eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak eta Euskal Kultur Erakundeak eta haren helburua da Nafarroako Erkidegoan eginiko euskalkien grabaketak gorde eta soinu-materiala horretan interesaturik dagoen edonoren eskura jartzea.


Julen Calvo, Campoy kontseilaria eta Pedro Pegenaute Fonotekaren aurkezpenean. ( ampliar imagen )

Euskarak badu Nafarroan aparteko euskalki aberastasuna, bere lekua galtzen ari dena batuaren etengabeko aitzinamenduaren aurrean. Bestalde, guraso eta seme-alaben artean hizkuntza ahoz transmititu den tokietan euskalki anitz desagertzen dira azken hiztunekin. Zenbait ikerketa proiektu, instituzionalak nahiz pribatuak, euskalkien altxor horretatik testigantza baliotsuak biltzen joan dira azken berrogei urteotan. Kasu gehienetan, grabaketa hauek kasetetan erregistratu dira. Nafarroako Euskararen Fonoteka Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren egoitzan kokatzen da (Navarrería kalea, 39) eta haren helburu nagusia da kultur ondare hau gordetzea euskarri iraunkor batean, hura hondatu eta galdu baino lehen.

Hortaz, Fonotekaren eginkizuna materiala digitalizatzea da, izan ere, kontua da materiala hauek guztiak ikertzaile eta oro har jendearen eskura jartzea kontsultatzeko erraza den sistema informatiko baten bitartez.

Hezkuntza kontseilariak Fonotekaren aurkezpenean gogoratu duen bezalaxe, 1999an hitzarmen bat sinatu zen Nafarroako Gobernuaren eta Euskal Kultur Erakundearen artean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak proiektuaren lehen zatia egin zuen. Harrez geroztik, Fonoteka handitzen eta berritzen joan da. Nola nahi ere, ez zen zerotik abiatu; izan ere, “Euskararen Mintzoak” izeneko argitalpenak baziren, 1990 eta 1993koak.


Fonotekaren beste iturriak hainbat ikerlan dira, Jose Maria Satrustegi, Iñaki Camino, Iñaki Gaminde, Orreaga Ibarra edo Patziku Perurenak eginak, eta hizkuntzalaritzari buruzko zenbait proiektu: Euskaltzaindiaren Hizkuntza Atlasa, Euskal Herriko Mapa Etnolinguistikoa, edo unibertsitate desberdinetako fondoak.


Kontseilariak azpimarratu duenez, Fonotekan entzuten ahal dira desagerturik dauden Erronkari Ibarreko, Zaraitzuko eta Arakilgo mintzoak, orain arte aditzerik ez zegoen soinu kalitateaz, eta horrez gain badago grabaketaren transkripzioak irakurtzeko aukera. Halaber, fonotekak ikerkuntza ahalbideratu eta historia, soziolinguistika, etnografia edo soziologiari lotutako ikerlanak egiteko aukera ematen du.


Kontseilariaren esanetan, Fonoteka sortu da Nafarroa batik bat euskalkien lurraldea delako, izan ere, euskalkien barietate guztiak baditu, bizkaiera salbu. Horregatik, Nafarroako Gobernuak hura babestu eta garatzeko ekimen desberdinak bultzatu ditu, eta horien artean Fonoteka nabarmentzen da.


Egindako lana lau fasetan banatzen da: materialen bilketa eta sailkapena: digitalizazioa; kontsulta, datuen gaurkotzea eta datu berriak sartzea ahalbideratzen dituen aplikazio informatiko batean digitalizaturiko materiala sartzea, eta bildu, sailkatu eta digitalizaturiko materiala zabaltzea.


Arrazoi praktikoei jarraikiz, sailkapena egin da zehatz-mehatz segituz Euskal Hiztegi Orokorrak euskalki, azpieuskalki eta barietateen artean egiten duen sailkapenari.


Interesatuek hitzordua telefonoz eskatu eta ondoko helbide honetara jo behar dute: Unibertsitate eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia, Santo Domingo kalea, z/g, 31001, Iruña, tfnoa: 848 42 64 58. Posta elektronikoa hauxe da: fonoteca.dguniversidades.plinguistica@cfnavarra.es


Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web