(ir al contenido)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Herramientas para el contenido

Compártelo

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ver más noticias de este día

Nafarroako Gobernuak Joaquin Lizarragaren “Doctrina Christioaren Cathechima” liburua argitaratu du

viernes, 04 de marzo de 2005

Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Turismo Departamentuak Joaquin Lizarraga (1748-1835) idazle nafarraren literatur lana biltzen duen Doctrina Christioaren Cathechima euskarazko liburua argitaratu du. Juan Apezetxea Teologia irakasle emerito eta euskaltzaina arduratu da argitalpen honetaz.


Joaquin Lizarraga Elkano bere jaioterriko elizako apaiza izan zen hirurogeita hiru urtez, 1771tik 1835 arte, hil zen urtea arte alegia. Ekoizpen literarioa 1771 eta 1821 urteen artean egin zuen eta tamaina desberdineko hamasei kodizetan bilduta dago, osotara ongi zaindutako hizki txikiz osatutako bost mila orri. Kodize hauetatik zazpi Nafarroako Artxibategi Nagusian gordeta daude, bost Iruñeko Apaizgaitegian, eta gainerakoak Iruñea eta Hondarribiko komentu kaputxinoetan.


Lizarraga euskal letretako figura erraldoia da, Villasante eta beste aditu batzuen ustez izugarrizko balio literarioa eta filologikoa duena. Hizkuntzalaritzaren aldetik ere balio handikoa da bere lana, erabiltzen duen euskara Iruñerrian eta inguruetan hitz egiten zena baita. Luis Luciano Bonaparte printzeak ezagutarazi zuen lehendabizikoz XIX. mendearen erdialdean, eta 1868an egin zuen azken sailkapenean, zalantza handiak izan ondoren, Eguesibarreko euskara, Lizarragaren testuetakoa hortaz, Hegoaldeko goinafarrera deitu zuen euskalkian sartu behar zela erabaki zuen. Gaur egun erabat desagertu bada ere, XIX mendean artean Nafarroan euskalkirik hedatuena zen.


Erlijiosoa da Lizarragaren ekoizpena eta helburu pastorala zuen. Berak dioenez, material hori elizan erabiltzeko eta beste apaiz batzuei laguntzeko zen. Gaiei dagokionez, lau atal nagusitan sar daitezke: dotrina eta katekesia, semoiak eta homiliak, santuen bizitzak, eta gai erlijiosoen inguruko bertsoak. Horrez gain, Eukaristiari buruzko saiakera luzea idatzi zuen, 446 foliokoa, eta San Juanen Ebanjelioaren itzulpen txukun bat ere egin zuen.


XX. mendean R.M. de Azkue, P. Iraizoz, D. Inza, Angel Irigaray, B. Fagoaga, Koldo Mitxelena, F. Ondarra edo Jose Maria Satrustegi bezalako adituek sakondu zuten Lizarragaren lanean.


Nafarroako Gobernuak argitaratu duen Doctrina Christioaren Cathechima liburuan Joaquin Lizarragak Katiximaren lau zatien inguruan egindako iruzkinak aurki daitezke. Egilearen jatorrizko grafia gorde nahi izan du Juan Apezetxea transkriptoreak, eta era berean jatorrizko puntuazioari eutsi dio.


Juan Apezetxea Goizuetan jaio zen, eta Iruñeko Apaizgategiabn ikasi ondoren Teologian doktoretza lortu zuen. Euskaltzaina, Iruñeko Artzapezpikutzako Euskarazko Pastoralaren Departamentuko zuzendariordea eta Basaburuako parrokoa da. Nafarroako Kultura eta Euskara Kontseiluetako kide izan da.


Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web