Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Maria Kutz Peironcely Osasun kontseilariak jakinarazi du gripearen kontrako txertaketa-kanpaina abenduaren 15a arte luzatuko dela aurten; halaber, gripea hartzeko arriskua duten biztanleak prebentzio-neurri hori hartzera animatu ditu.
Kanpainarako 116.000 txerto eskuratu ziren; urriaren 17an hasi ziren jartzen eta azaroaren 30ean, atzo, bukatzeko asmoa zuten.
Ordea, kanpaina bi aste luzatzea erabaki dute, estaldura hobetze aldera; izan ere, aurten 2005ean adina txerto eman dituzte, gutxi gorabehera, txertoa hartzeko adina 65 urtetik 60 urtera jaitsi duten arren. Horrez gain, kontuan hartu dute aurtengo gripe-uhina aurreko denboraldietakoa baina handiagoa izan daitekeela.
Txertoa hauek hartzea komeni da: 60 urtetik gorako adindunek; bihotz-hodietako eta biriketako gaixotasunak eta gaixotasun metaboliko kronikoak dituzten haur eta helduek; egoitzetan bizi diren pertsonek; azido azetilsalizilikoa hartzeko tratamendu luzea duten haurrek eta nerabeek; adindunen eta mendetasuna duten pertsonen zaintzaileek; haurdun dauden emakumeek; osasun alorreko profesional eta laguntzaileek; irakasle, polizia eta suhiltzaileek; eta hegazti-granjetan lan egiten dutenek.
Nafarroan, 2005-2006 denboraldian, 9.989 gripe kasuren berri eman zuten; 2004-2005 denboraldian dezente gehiago izan ziren, 24.912, hain zuzen, eta 1998-99 denboraldian askoz ere gehiago: 51.580.
Kasu horietatik %1,8 txertoa jasotako pertsonak ziren eta %98,2 txertoa hartu gabeko pertsonak.
Iaz, arrisku gehien duten biztanleen, hau da, 65 urtetik gorako adindunen %63,43 txertatu ziren.
Jakina den bezala, gripearen sintomak hauek dira: sukar handia (39-40º), hotzikara, burukomina, giharretako eta artikulazioetako mina, eztarriko mina, eztula eta sudurreko kongestioa.
Gripea ez harrapatzeko txertoa jartzea komeni da eta, oro har, giro-aldaketa bortitzak saihestea, likido asko edatea, ez erretzea, doministiku edo eztul egiterakoan musuzapia aurpegian jartzea eta analgesiko antitermikoak erabiltzea, sekula ez antibiotikoak, salbu medikuak aginduta bada.