Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuko Kontsumo Zerbitzuak, gabonetako ospakizunak direla eta, hainbat aholku praktiko eman ditu
Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lana Departamentuak, bere Kontsumo Zerbitzuaren bidez, datozen gabonetako ospakizunak direla eta, hainbat aholku praktiko eskaintzen ditu. Aholku hauek kontsumo arduratsuaz hitz egiteaz gain, garai honetan egin ohi diren erosketei buruzkoak dira. Gobernuak, kontsumitzaileen eskura kontsumitzailearentzako oinarrizko Informazio Puntua ere badu; bertan, 848 42 77 33 telefonoaren eta infoconsumo@cfnavarra.es helbide elektronikoaren bidez, kontsultak era pertsonalizatuan jasotzen dira.
Datozen jaietan, Nafarroako familia bakoitzaren batezbesteko gastua aurten, 904 euro ingurukoa izango da; horietatik, 407 euro etxean egiten diren bazkari eta afarietarako bideratzen da (%45); 136 euro loterian gastatzen da (%15); 108 euro jostailuak erosten (%12); 100 euro kotilioi eta festetan (%11); 90 euro helduen oparitan (%10); eta 63 euro bidaietan gastatzen da (%7).
Gabonetako gastua kontrolatzea xedetzat hartuta, Nafarroako Gobernuko Kontsumo Zerbitzuak erosketak aurreratzea gomendatzen du; erosketak era arrazionalean egitea, aurretik osatutako zerrendaren arabera; hainbat saltokitako prezioak konparatzea; eta gastua zaintzea. Halaber, kontsumoa gure beharrizan errealen araberakoa izatea gomendatzen da; ondasun osasungarri eta iraunkorrak eskuratzea; kontsumo solidarioa bultzatzea; kontsumoa neurtzea; eta kontsumo arduratsua sustatzea.
Elikadurari dagokionez, Kontsumo Zerbitzuak irudimenezko menuak aukeratzea gomendatzen du, eta ez garai honetan eskaera handia duten osagaietan oinarritutakoak; kontsumitu behar diren kantitate eta jangaiak soilik prestatu; ondorengo egunetan berrerabil daitezkeen platerak egin; eta mahaian eseri behar diren pertsonen adina eta nahia kontuan izan.
Opariak erosi aurretik, gomendagarria da oparia egin nahi zaien pertsonen eta euren gustuen inguruko zerrenda bat osatzea; prezioak saltoki desberdinetan konparatu; produktuak alda daitezkeen eta, hala balitz, zein baldintzatan, galdetu; produktuek argibide garbiak dituzten egiaztatu eta bermearen papera etxera eraman; eta saltzaile ibiltariak saihestu.
Garai honetan, gastu handienetakoa energiarena da. Gauzak horrela, energia aurreztea garraio publikoa erabiliz lor daiteke; gaikako zabor-bilketarako dauden edukiontziak erabiliz; ez aukeratu beharrezko ez diren ontzi edo paketeak; eta garai honetarako eskuratu diren zuhaitzak Mankomunitateak jasotzeko jarri dituen puntuetan utzi.
Bizilekuetan gomendagarria da beharrezko ez diren argiak itzaltzea; tentsio gutxiko eta iraupen luzeko bonbilla halogenoak erabiltzea, gehiago argitzen baitute eta energia %80 arte aurrezten baitute; ez sartu oraindik bero dauden elikagaiak frigorifikoan; 30º eta 40º bitarteko garbiketa zikloak erabili ; labea kantitate gutxiko elikagaiak prestatzeko ez erabili, ezta berriz berotu edo izotza kentzeko ere; eta iturriak irekita ez utzi, ezta gehienezko potentziara ireki ere. Erosketei dagokionez, egun hauetan etxetresna elektrikoak erosten badituzu, energiari dagokion etiketa begiratzea gomendatzen da, eraginkortasun energetikoaren gradua, zarata maila eta kontsumo ezberdinak bertan egiaztatu baitaitezke.