Ikusi egun honetako albiste gehiago
Gobernuak 10 milioi euro inguru emango ditu garapen lankidetzarako lau deialdiren diru-laguntzarako
asteazkena, 2006.eko abenduak 13
Nafarroako Gobernuak, Gizarte Ongizatea, Kirola eta Gazteria Departamentuaren bidez, 10 milioi euro inguru emango ditu garapen lankidetzarako lau deialdiren diru-laguntzarako. Azken aldian María Isabel García Malok onartu dituen beste hainbat foru agindutan horrela adierazi da. Foru aginduak Nafarroako Aldizkari Ofizialean pasa den azaroaren 29an argitaratu ziren, 143. zenbakian.
Deialdien edukia gaur goizean Gizarte Ongizateko zuzendari nagusiak, Carlos Esparzak, eta Nazioarteko Garapen Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendariak, Andrés Carbonerok azaldu dute. Azalpen horiek Iruñako "Fuerte del Príncipe" Gazteen Egoitzan ospatu duten ekitaldiaren barnean eman dituzte. Ekitaldira Nafarroako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GGKE) izenean laurogei pertsona izan dira.
Lau deialdietarako eskariak aurkezteko epea abenduaren 29an bukatuko da. Deialdiekin Nafarroako II. Lankidetza Plan Zuzentzaileak proposatzen dituen erreformarako tresnak jarriko dira martxan. Erreforma hori 2007. urte erdialdera bukatuko da argitalpen sortarekin: garapenerako urtez urteko programa edo proiektuen deialdiak, garapenerako hezkuntza-proiektuak eta laguntza tekniko, prestakuntza eta ikerketetarako proiektuak.
Aipatu ditugun lau deialdiak honako hauek dira:
- Gizartearen sentsibilizaziorako jarduerak egitea: GGKEekin batera finantzatzeko 500.000 euro emango dituzte. Helburua garapen-bidean dauden herrialdeak dituzten arazoak hobeto ulertzeko gizartearen sentsibilizazioa lortuko duten jarduerak egitea da. Jarduera horiek interesa sortu behar dute eta elkartasun eta lankidetza sustatu. Nafarroako erakundeek proposatutako ekintza horiek, besteak beste, dibulgazio-kanpaina edo informazio-zerbitzu gisa egin daitezke, bidezko merkataritza eta garapen-bidean dauden herrialdeetatik datozen produktuen kontsumo arduratsua sustatuz, erakusketak edo material didaktikoa eskainiz.
- Garapen lankidetzarako mikrojarduerak egitea: garapen-bidean dauden herrialdeetako beharrak era zuzenean asetzeko jarduerak. Nafarroako GGKEk proposatu dituzten jarduera txiki hauek herrialde horietako pertsonekin elkarlanean eramango dira aurrera. Beren helburua pobreziaren aurkako borroka eta herritarren bizi-kalitatea eta garapen ahalmen endogenoa hobetzea da. Horretarako, mikrojarduera gisa ekipamenduak eta azpiegiturak helburu dituzten eta zabalkunde txikiko eta izaera zehatzeko proiektuak onartuko dituzte. Deialdi honetarako 900.000 euro zuzenduko dira.
- Garapen lankidetzarako urtebeteko proiektuak egitea: 8,5 milioi euro emango dira GGKEekin batera finantzatzeko. Deialdi horren helburua garapen-bidean dauden herrialdeetako herritar baztertuen oinarrizko beharrak asetzea da. Nafarroako erakundeek proposatutako proiektu horiek herrialde horietako pertsonen laguntzarekin eramango dira aurrera eta beren xedea pobreziaren aurkako borroka eta herritarren bizi-kalitatea eta garapen ahalmen endogenoa hobetzea da.
- Elkartasunerako gazteen sentsibilizazio programa: Ikusi, Begiratu, Parte hartu eta Konta iezaguzu. 1995. urtetik Nafarroako Gobernuak garatu duen programa horren helburua gazteek borondatez nazioarteko lankidetza programetan parte hartzea sustatzea da. Programa horiek GGKEk bultzatu eta egiten dituzte, horren bidez elkartasunaren balorea piztuz. Gobernuak 65.000 euroko diru-laguntza emango dio deialdi honi, 20 eta 30 urte bitarteko gazteentzako gehienez 25 plaza finantzatzeko. Laguntza horien helburua GGKEek garatzen dituzten proiektuen bidez elkartasunaren balorea sustatzea da, Nafarroako gazteei garapen-bidean dauden herrialdeak ezagutu eta bertan egoteko esperientzia bizitzeko aukera emanez.