(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Campoy sailburuak Zigako eskolako erreforma inauguratu du (Baztan)

osteguna, 2007.eko otsailak 1

Guztira 242.740 euro inbertitu dituzte obretan eta horietatik 157.781 Nafarroako Gobernuak jarri ditu



Hezkuntza sailburuak, Luis Campoy Zuecok, Baztango Ziga herriko Eskolako eraberritzea inauguratu du gaur goizean. Guztira 242.740 euro inbertitu dituzte obretan; Nafarroako Gobernuak 157.781 euro jarri ditu eta Baztango Udalak gainontzekoa, 84.959 euro. Inaugurazio-ekitaldian, sailburuarekin batera Baztango alkatesa, Virginia Alemán, eta Eskola eta Lanbide Irakaskuntzako zuzendari nagusia, Fermín Villanueva izan dira. Halaber, bailarako Udaleko beste zinegotzi batzuk ere bertaratu dira.


Eskolan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ematen dituzte. Obretan, eskola unitarioa zegoen eraikina (XX. mendearen hasierakoa) erabat berreraiki eta berregituratu dute, egituraren zimenduak eta hormak mantenduta. Ikastetxea berritu behar izan dute, hain zuzen, egituran kalteak eta gabeziak atzeman dituztelako, zahartasunak eragindakoak, hein handi batean.


Eraberritzea hiru fasetan burutu dute: obrak 2005. urteko bigarren seihilekoan hasi zituzten eta ikasturte honen hasieran amaitu dituzte. Erreformak iraun duen denboran, ikasleek herriko parrokia-etxean hartu dituzte eskolak, aldi baterako xede horretarako gaitu ondoren.


Hezkuntza Saila, Zentroen eta Ikasketa Laguntzen Zerbitzuaren bidez eta Udaleko teknikariekin elkarlanean, obretan aholkularitza- eta ikuskaritza-lanetan aritu da. Bestalde, Baztango Udalaren erantzukizunak izan dira zentroa eraberritzeko prozesua kudeatzea, dagokion kontratua adjudikatzea, lanen segimendua egitea, ziurtagiriak ordaintzea eta eraikina onartzea.


Zigako ikastetxe publikoa Baztango haraneko eskola unitarioetako bat da; gainerakoak Azpilkueta, Arizkun, Almandoz, Amaiur, Arraioz, Erratzu, Gartzain, Irurita eta Oronoz-Mugairin daude. Eskola horiek tratu hurbila eta lagunarteko giroa oinarri dituen hezkuntza eskaintzen dute eta, aldi berean, bikote gazteak haraneko herrietan finkatzea sustatzen dute; era horretan, zonako gizartea eta ekonomia biziberritu ere egiten dituzte.


Hamar eskolek antolamendua eta pedagogia koordinatuta lan egiten dute, hartara haran osoko ikasle guztiek hartu-emanak izaten dituzte eta elkar ezagutzen dute. Alde horretatik, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako ikasleak elkarrekin joaten dira Elizondora, Musikan, Ingelesean eta Soin Hezkuntzan adituak diren irakasleek ematen dituzten irakasgaietako eskoletara.


Zigako ikastetxe publikoan, azken ikasturte hauetan, 15-20 ikasle matrikulatu dira urtero. 2006/2007 ikasturtean, guztira 20 ikaslek eman dute izena: 7 Haur Hezkuntzan eta 13 Lehen Hezkuntzan; eta D ereduko (euskarazko) bi taldetan banatu dira. Talde horiekin hiru irakasle, bi tutore eta espezialista ibiltari bat izaten dira.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa