(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Sanz Presidenteak Elizondoko Foruzaingoaren Komisaria inauguratu du

asteazkena, 2007.eko otsailak 28

Nafarroako Gobernuaren Presidenteak, Miguel Sanz Sesma, gaur eguerdian, Elizondoko Foruzaingoaren Komisaria inauguratu du. Hogeita lau lagunek osatzen dute aipatutako komisaria eta herriko hiri-gunean kokatuta dago, hain zuzen ere, Santiago Etorbideko 57. zenbakian, Saskaitz plazaren izkinan.


Sanz Presidenteak Foruzaingoaren kideen formazioa errebisatu du, Elizondoko Komisariaren ondoan. ( irudia handitu )


Aipatutako Komisariak solairu bakarra du eta bertan honakoak hartzen ditu barne: hiru bulego (bi hiritarrenganako arretarako eta bat eragiketa-unitaterako), komunak, armazain eta artxiboa, eta ziega. Horietaz gain, telebistako zirkuitu itxia eta detekzio sistema modernoenak dauzka inguruko zonaldea kontrolatzeko eta zaintzeko. Hori guztia egiteko, Nafarroako Gobernuak 165.386 euro inbertitu ditu.


Elizondoko Foruzaingoaren Komisariak, bere jarduera-esparruaren barruan, 27 udalerriko 25.425 biztanleak artatuko ditu, honela banatuta: Anue (419), Arano (143), Arantza (628), Baztan (7.807), Ezkurra (200), Goizueta (814), Igantzi (504), Ituren (469), Labaien (279), Lantz (119), Lesaka (2.680), Odieta (317), Oitz (146), Saldias (122), Sunbilla (670), Ultzama (1.606), Urdazubi (391), Urrotz (197), Zubieta (393) eta Zugarramurdi (235). Aipatutako udalerrietako eremua 1.102 kilometro karratukoa da.


Adierazitako bost udal konposatuak dira, alegia, udalbatzez edo lekuez osatzen dira, Baztango kasuan bezala. Hain zuzen ere, horietako bakoitza honela osatzen da: Anue (Aritzu, Burutain, Egozkue, Esain, Etulain, Leazkue eta Olague); Baztan (Almandotz, Amaiur, Aniz, Arizkun, Arraioz, Azpilkueta, Berroeta, Elbete, Elizondo, Erratzu, Gartzain, Irurita, Lekaroz, Oronoz-Mugairi, Ziga); Bertizarana (Legasa, Narbarte eta Oieregi); Odieta (Anotzibar, Ziaurritz, Gaskue, Gelbentzu, Gendulain, Latasa, Ortiz eta Erripa); eta Ultzama (Alkotz, Arraitz-Orkin, Autza, Eltso, Eltzaburu, Gerendiain, Gorrontz, Ilarregi, Iraitzotz, Larraintzar, Lizaso, Suarbe, Urritzola-Galain eta Zenotz).


Sanz Presidenteak Elizondoko Foruzaingoaren Komisaria inauguratzeko oroitzapenezko plaka erakutsi du. Ezkerretik eskuinera, Foruzaingoaren zuzendaria, Baztango Alkatesa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilaria eta Elizondoko Komisaria zuzentzen duen Inspektoreordea. ( irudia handitu )


Hiritarrenganako zerbitzuak


Aipatu den bezala, hogeita lau foruzainek osatzen dute Elizondoko Foruzaingoaren Komisaria, zuzendariorde baten zuzeneko agindupean. Horien bidez, zerbitzuak hiritarren premietara eta arazoetara egokitu nahi dira, eraginkortasun-esparrurako oinarrizko segurtasun plan baten bitartez. Lehenik eta behin, bertako erakundeekin izandako bileren arabera, Komisariaren zerbitzuetako zorroa hurrengo puntuetan laburbildu daiteke: hiritarrenganako arreta, hiritarrek aurkeztutako salaketak, kexak eta iradokizunak biltzeko, dagokion ikerketaren helburuetarako; bide trafikoarekin eta segurtasunarekin lotutako gaien kontrola eta ikuskapena, prebentzio zein zehapen alderdian; motoz eta oinez patruilatzea, edozein eskaera artatzeko; toki erakundeei, elkarteei eta eskolei laguntzea eskatzen dutenean eta hiritarren segurtasunarekin lotutako gaiak direla eta, batez ere droga "salerosketa" eta adin txikikoak inplikatzen dituzten bestelako gaiak; eta aguazilekin eta segurtasuneko gainontzeko kidegoekin koordinatzea, batez ere, Guardia Zibilarekin.


Sanz Presidenteak hitzarmen baten berri eman du Baztango Udaltzaingoak Foruzaingoarekin datu-baseak konpartitu ahal izateko


Komisariaren inaugurazioa dela eta, Sanz Presidenteak esan du, laster Baztango Udalarekin atxikidura-hitzarmen bat sinatuko duela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak Nafarroako Udalerrien eta Udalbatzen Federazioak sinatutako hitzarmenari atxikitzeko. Beraren bidez, Baztango Udaltzaingoak Nafarroako Foruzaingoarekin irrati-telekomunikazioetako sareak eta datu-baseak konpartitu ahal izango du.


Bere hitzaldian, Presidenteak aipatu du bere Gobernuak legealdi honetan, polizia-esparruko eskumenen arabera, lasaitasuna eta bake elkarbizitza emateko premia sustatu dutela, eskubideen eta askatasunen eremuan, eta Osasun Publikoari buruzko Foru Legeari bultzada eman diotela. Halaber, esan du, Foruzaingoaren arloan, lurraldearen oreka hobea lortu behar dela, ahalik eta simetrikoenak diren zerbitzuak eskainiz, era horretan, Komunitatearen kohesio soziala eta garapen orekatsua hobetzearen alde egingo delako. Hori guztia dela eta, Sanz Presidenteak esana, Foruzaingoaren zerbitzuak deszentralizatu behar dira eta gainontzeko poliziekin dituen harremanak eta koordinazio mekanismoak hobetu behar dira nahita nahiez, batez ere, Nafarroako udaltzaingoekin.


Elizondoko Foruzaingoaren Komisaria Nafarroan egiten den bosgarrena da, Iruñean, Tuteran, Zangozan eta Tafallan daudenekin batera. Foruzaingoa hedatzeko prozesua martxoan zabalduko diren komisariekin osatuko da, alegia; Lizarrakoa eta Altsasukoa.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa