(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Bi Nafarroen Biltzarraren hirugarren edizioa, Orreagan Bi Nafarroen Biltzarraren hirugarren edizioa, Orreagan ostirala, 2007.eko martxoak 23

Gaur goizean, Orreagara, Bi Nafarroen Biltzarraren (Séminaire sur la Navarre ) hirugarren ediziora Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón, eta Atlantikoko Pirinioetako Kontseilu Orokorreko lehendakariordea, Barthélemy Agerre, bertaratu dira. Biltzarrean mugaren bi aldeetako ordezkari eta irakasleek parte hartu dute.


Bi Nafarroen inguruko mintegira

Bi Nafarroen inguruko mintegia. ( irudia handitu )

Biltzarrera bertaratu den jendeari Jesús Labiano prioreak egin die harrera, Orreagako Kolegio-elizan; prioreak erromesaren bedeinkapena eman du. Ondoren, lan-saioak hasi dituzte Itzandegian; han, Atlantikoko Pirinioetako Kontseilu Orokorreko lehendakariordea eta Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilariak hitz egin dute lehendabizi.


Corpas kontseilariak nabarmendu du Pirinioetako bi aldeen arteko harremana ona dela, eta gauzatzen ari diren proiektu bateratuak aipatu ditu, adibidez: Panorama bilduman Donibane Garaziren inguruan argitaratuko den alea, industri arkeologiari buruzko aldizkari baten argitalpena, Juan Huarte de San Juan Zientzia Kolegioarekin elkarlana, eta Donejakue Bidearen seinaleztatzea Donibane Garazin.


Bestalde, kontseilariak jakinarazi du hurrengo Biltzarra Donapaleun egingo dela.


Ondoren, Alcalako Unibertsitateko Alfredo Floristán Imízcoz irakasleak hitzaldi bat eman du: "Desde 1512: Navarra en la monarquía de España". Irakasleak esan duenaren arabera, konkistaren ondorioz bi Nafarroak orduan eraikitze bidean zeuden Espainiako eta Frantziako monarkietan sartzeko prozesua hasi zen. Irakaslearen iritziz, "anexioaz eta konkistaz hitz egitea egokia da, baina borondatezko bateratzea eta eranstea ere badira, garaiaren eta taldearen interesen arabera". Alde horretatik, nabarmendu du konkistak herrialdeko boterearen barne-harremanak hautsi zituela eta adierazi du konkistaren ondorioz nortasun kolektiboa berriz osatu behar izan zutela. Bukatzeko esan du hemendik bost urtera, konkistaren bosgarren mendeurrenean, ez direla ospatu behar "konkista eta haustura bakarrik, baita bi Nafarroak Frantzian eta Espainian sartzeko prozesua eta gaur egungo topaketa ere".


Pierre Bidart irakasleak esan du "bi Nafarroak hirurehun urtean inkomunikatuta" egon direla.


Esku-hartze horien ondoren, mugez gaindiko lotura kulturalen gaineko mahaingurua egin dute. Mahainguruan hauek parte hartu dute: Víctor Manuel Arbeloa; Jean-Jacques Loustaudaudine, Donapaleuko alkatea; Lucien Humic doktorea, Amigos de la Vieja Navarra elkarteko lehendakaria; Juan Ramón Corpas Mauleón, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilaria; eta José Fernández D’Arlás, Urdazubi/Urdaxeko Donejakue Bidearen Lagunak elkarteko lehendakaria. Biltzarra 13.15ean amaitu da eta partaideek Orreagako Museoa bisitatu dute.


Bi Nafarroen Biltzarra Nafarroako Gobernuak sustatzen du, Atlantikoko Pirinioetako Kontseilu Orokorraren, Amigos de la Vieja Navarra elkartearen eta Izpegi Batzordearen laguntzarekin. Urtero egiten da, Pirinioetako bi alderdien arteko trukeak eta kultur harremanak bultzatze aldera. Lehen Biltzarra 2005ean egin zen, Baigorrin; bigarrena, berriz, iaz, Nafarroako Artxibo Nagusian.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa