Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón, Urraulgoitin izan da gaur, Eparotzeko Santa Fe monumentu-multzoko ostatuaren inaugurazioan buru.
Eparotzeko garaia.
(
irudia handitu
)
Kontseilariaz gain, ekitaldian izan dira Urraulgoitiko alkatea, Martín Iriarte Vizcay; Cederna-Garalur erakundeko lehendakaria, Javier Esparza Gurrea; establezimenduko kudeatzailea, Asunción Díaz Güell; Urraulgoitiko Udaleko idazkaria, Josetxo Bayona; eta Cederna-Garalur erakundeko teknikaria, Carlos García Pascual.
Santa Fe multzo arkitektonikoa Urraulgoitiko Bailarako gune kultural eta espirituala da; Kultura Ondasun izendatu zuten uztailaren 26ko 235/1993 Foru Dekretuaren bitartez. Multzoak hiru arkitektura-elementu dauzka: Erdi Aroko basilika, XVII. mendeko klaustroa eta etxebizitza-eraikinak, beren patio eta XV. mendeko garaiarekin; azken elementu horri eraikin zibil ere esaten zaio.
Etxebizitzen alderdian hotel txiki bat dago eta gaur eguerdian inauguratu da; hotelak dauzka sei logela bikoitz, jangela eta taberna. Proiektua Urraulgoitiko Udalak sustatu du eta Nafarroako Gobernuak 581.528 euro jarri ditu; zenbateko horrekin ordaindu dira proiektua idazteko aurrekontuaren %90 eta obrak egikaritzeko aurrekontuaren %69,50 (aurrekontua 785.216 eurokoa zen). Gainerakoa jarri dute Cederna-Garalur erakundeak, Leader + ekimena medio (70.000 euro), eta Udalak.
Multzoa lehen ere birgaitu zuten, Udalak sustatuta eta Kultura eta Turismo Departamentuak lagunduta, 1994an, 1996an eta 2001ean; birgaitzean gastatu ziren, guztira, 127.000 euro.
Horren harian, Cederna-Garalur erakundea, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, berreskuratze-proiektuaren prozesu guztian babesle eta laguntzaile tekniko izan da, hauen bitartez: Pirineoaurreko Arroen Garapen Agentea, Nafarroako Mendietako Turismo Ataleko teknikariak eta Ekintzaileentzako Zerbitzuen Atala; azkenak proiektuaren bideragarritasuna aztertu zuen.
Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak sustatutako Nafarroako Mendiak Dinamizatzeko Planaren Segimendu Batzordeak, martxoaren 19an, Kultura eta Turismo Departamentuak 20.992,29 euroko dirulaguntza (proiektuaren %64,23, Planeko gainerako proiektuei bezalaxe) emateko proposamena egitea onartu zuen. Zertarako? Santa Fe multzo historikoan esku hartzeko: sarbideak urbanizatzeko, Monasterioko eta hoteleko aparkalekuak egokitzeko, eta kanpoko harresiak garbitzeko eta lotzeko, monumentu-multzoa ixte aldera.
Esku-hartze hori ondare historiko, etnografiko eta industriala berreskuratzeko eta turismorako erabiltzeko Nafarroako Gobernuak sustatzen duen jarduera-ildoaren barruan dago, birgaitze-proiektu hauen moduan: Arbizuko, Zugarramurdiko eta Amaiurko errotak; Oliteko La Joyosa Guarda, Pujadas Jauregia, Berako Churrut eta Baztango Ursua Jauregia hotelak; eta, industri ondarean, Lizarrako Tximista eta Marcillako Villamarcilla hotelak.