(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasunbideak informatika-sistema bateratu bat jarri du martxan, ospitaleko erizaintzarako asteartea, 2007.eko uztailak 31

Irati programa sare publikoko erizainek eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako irakasleek egin dute


Erizainak Irati programa prestatzen dute.

Yolanda Montes, Paola Villalgordo eta Berta Vicuña Irati programaren prestakuntza-saio batean. ( irudia handitu )

Osasunbideko ospitaleetako erizainek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako irakasleek osatutako talde batek erizaintza-arreta kudeatzeko programa informatiko bat jarri du abian; programa hori sare publikoko ospitale guztietan aplikatuko da.


Irati delako programa abuztuaren bigarren hamabostaldian hasiko dira erabiltzen Nafarroako Ospitaleko Kardiologia Atalean eta Virgen del Camino Ospitaleko 3. solairuan, hau da, kirurgian. Bi atal horietan jarriko dute abian programa, Nafarroako sare publikoko gainerako ospitaleetara hedatu baino lehen.


Programa informatiko hori osagarria da eta bat dator Osasunbideko sare osoan erabiltzen diren historia kliniko informatizatuekin. Izan ere, gaixoen historia kliniko informatizatuetan agertzen diren zehazpenak Irati programan sartzen dira. Era horretan, gaixoen ardura duten erizainek badakite zer premia dituzten eta nola lan egin behar duten; gainera, ospitalean dauden bitartean gaixoek jasotzen duten arreta historialean jasota geratzen da: konstanteen neurketak, jaten dutenaren kontrola, sendaketak eta kateterren, drainatzeen eta arnasa-aparatuen kontrola. Horrez gain, programak gaixoen egoera klinikoari lotutako eskalak dauzka, dauzkaten premiei arreta hobea emate aldera; eskala horretan adieraz daitezke, besteak beste, zenbateko mina daukaten eta ohean egoteagatik edo erori egin direlako ultzerak edukitzeko ze arrisku duten. Programa beste aplikazio informatiko batzuei lotua dago, adibidez: laborategiko eta farmaziako programei.


Labur esateko, Irati programak balio du erizainen lana antolatzeko eta erregistratzeko, gaixoek zer nolako zaintza jaso duten ikusteko eta erizainen lanaren kalitatea eta eraginkortasuna ebaluatzeko.


Irati programa Osasunbideko ospitaleetako erizaintza-buruek sustatu dute (Virgen del Camino Ospitalea, Nafarroako Ospitalea, Reina Sofía Ospitalea, García Orcoyen Ospitalea, Ubarmin Klinika eta Kanpo Kontsulten Zentroa), eta Nafarroako Gobernuaren berezko baliabideekin garatu da, oso-osorik.


Programa aurrera eramate aldera, talde bat osatu da. Taldean daude, batetik, hiru erizain, dauden ospitaleko erizaintza-planen arduradunak: Nafarroako Ospitaleko Paola Villalgordo, Virgen del Camino Ospitaleko Berta Vicuña eta Tuterako Reina Sofía Ospitaleko María Ángeles Zapata. Bestetik, Nafarroako Gobernuko Ignacio Zapata informatika-teknikaria eta proiektua eta historia kliniko informatizatuak koordinatu dituen Osasunbideko zerbitzu nagusietako Asunción Murazabal. Eta azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako hiru irakasle: Blanca Marín, Yolanda Montes eta Ana Carmen Sanz. Irakasleek diagnostikoen eta erizaintza-lanen bilduma egin dute (argot espezializatuan NANDA, NOC eta NIC taxonomia esaten zaie); bilduma horretan jasotzen dira erizaintza-lanerako metodologia eta jardueren agenda. Gauzak horrela, Irati programa irakasgai izango dute Osasun Ikasketen Eskolako erizaintza ikasleek.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa