Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak Ablitasko ohiko ureztaketa gaurkotzeko proiektua ontesi du
osteguna, 2007.eko abuztuak 9Nafarroako Gobernuak Ablitasko ohiko ureztaketa gaurkotzeko proiektua onetsi du. Erabaki hau hartu baino lehen, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak obraren proiektuaren erredakzioa esleitu dio "Riegos de Navarra" sozietate publikoari.
Erabaki hau kokatzen da Ureztaketa Foru Planaren barrenean, eta helburu orokorra da 19.000 hektarea gaurkotzea. Horietarik 13.000 hektareatan egin beharreko lanak bukatuak dira jadanik, Villafrancako 1.380 hektarea barne, aurtengo kanpainan ureztatzen hasi direnak, bertan gaurkotze lanak bukatu eta gero.
Oraingo honetan gaurkotu behar diren 1.617 hektareak Ablitasko Ureztatzaileen Komunitatearenak dira eta haien artean badira azpiperimetro bi, ureztatzeko uraren jatorriak desberdinduta. Batek Lodosako Ubidetik hartzen ditu urak eta baditu 1.298 hektarea; besteak, ordea, Del Val urtegiak pilatutako urak jasotzen ditu Queiles ibaiaren eta Mendienique erretenaren bidez, eta baditu 319 hektarea. Bietan instalakuntza bana proiektatu dira, presiozko ureztapena ahalbideratuko dutenak, aspersiozkoa nahiz ureztapen lokalizatua. Proiektua diseinatu da aipatu bi azpizona geroan Nafarroako Ubidetik hornituak izan ahal izateko.
Gaurkotze honek mesede eginen die 700 jaberi. Lurzati berrantolamenduaren bidez, hasierako 5.900 lursail 1.153 finka bilakatuko dira, eta jabeko lurzati kopurua 8,25etik 1,64ra pasako da.