(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Esparza kontseilariak CUT Kultur Turismorako Sareen proiektu europarraren azken hitzaldia inauguratu du asteartea, 2007.eko irailak 25

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilari Carlos Esparza Sáezek inauguratu du gaur goizean, Iruñako Baluarten, CUT Kultur Turismorako Sareen proiektu europarraren azken hitzaldia. Proiektu horretan Nafarroako Komunitatea eta Italiako eta Greziako zenbait eskualde lankidetzan aritu dira, mendialdeen kultur eta paisaia erakargarriak sustatzeko metodologia komun bat garatze aldera.


Kultur Turismorako Sareen CUT proiektuaren azken hitzaldia

Esparza kontseilaria, eskuinetik hasi eta bigarrena, gaur Iruñan egin den CUT proiektuaren azken hitzaldiaren inaugurazioan. ( irudia handitu )

Europako lankidetza-ekimen horretan Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza departamentuari atxikia dagoen Nasursa sozietate publikoa izan da Nafarroako Komunitatearen ordezkaria; sozietateak Pirinioen inguruko proiektua egin du. Kultur Turismorako Sareen proiektuan parte hartu dute, baita ere, Italiako Lazio eta Piemonte eskualdeek eta Greziako Erdialdeko Mazedoniak eta Mendebaldeko Mazedoniak. Eskualde horiek guztiek irudizko mendikate bat osatzen dute Mediterraneo itsasoan parean: Nafarroako Pirinioak, Piemonteko Canavese eskualdeko Alpeak, Erromako sumendiak eta Mazedoniako Pindo eta Olimpo mendiak.


CUT proiektua ProgreSDEC Eskualdeko Esparru Operazioaren barruan onartutako hamalau proiektuetako bat da. Operazioan Europako zortzi eskualdek parte hartzen dute, Europar Batasuneko FEDER funtsa finantzaketa-kide dutela.


Natura eta kultur ondarea, lurraldeen garapenaren pizgarri


Esparza kontseilariak gaur goizean Baluarten nabarmendu du Nafarroako Gobernuak lanari, esperientziak trukatzeari eta Europako beste eskualdeekin harremanetan aritzeari garrantzi handia ematen diela; harreman hori izan daiteke Europako proiektu zehatzak lantzeko zein garapen-estrategia komunak diseinatzeko.


Horren harian, kontseilariak hau esan du: "CUT proiektuan egindako lanari esker berretsi dugu, Europako Lurralde Estrategian zehaztu bezala, natura eta kultur ondarea eskualdeen garapenean gero eta garrantzi handiagoa duten faktore ekonomikoak direla".


Hitzaldiaren inaugurazioan parte hartu dute, baita ere, Europar Batasunean Espainiako finantza-kontseilari eta ordezkari iraunkor den Vicente Rodríguezek, batetik (2007-2013 denboraldirako egitura-funts berriez hitz egin du); eta Bartzelonako Unibertsitatean kultur turismoari buruzko graduondoko ikastaroen koordinatzaile den Jordi Tresserrasek, bestetik. Tresserras kultur kudeaketarekin, ondarearekin, garapenarekin eta kultur turismoarekin zerikusia duten gaietan aditua da, munduko aditu ospetsuenetako bat.


CUT proiektua Nafarroan


CUT proiektuan parte hartu duten bost eskualdeak kultur turismoa sustatzeko helburuarekin aritu direla lanean; kultur turismoa funtsezkoa da, izan ere, garatzeko baliabide gisa.


Nafarroan egindako azterlan praktikoaren abiapuntua Pirinioak Garatzeko Plan Estrategikoa izan da. Dokumentu hori sortu zen Nafarroako Gobernuak Pirinioak garatzeko hartutako konpromisoaren ondorioz. Eremu hori Nafarroako Lurralde Estrategian Foru Komunitate osoaren eramangarritasuna eta ongizatea zaintzeko giltzarritzat dago hartua.


Plana Nafarroako Lurralde Behatokiak (Lurralde Politikako Gizarte Kontseiluko unitate teknikoak) egin du eta Navarra de Suelo Residencial SA (NASURSA) sozietate publikoak kudeatu du; Planak 2007-2009 denboraldia hartzen du. Guztira 10 proiektu enblematiko eta 51 neurri daude jasota, eta proiektu eta neurri horietan Nafarroako Gobernuko departamentu guztiak eta hainbat erakunde publiko eta agente sozial daude engaiatuta. Neurri horietako bat da aipatu Plan Estrategikoaren marketin- eta komunikazio-plana egitea.


Marketin- eta komunikazio-planaren helburua izango da Nafarroako Pirinioen marka-irudia sortzea, eremuaren publizitatea egitea, ez bakarrik turismo-eskualde gisa, baita gero eta interes handiagoa duen eta biztanleriaren ekonomia garatzeko eta inbertsioak erakartzeko gero eta aukera gehiago dituen eremu gisa.


Abuztuan ideien lehiaketa ebatzi zen, epaimahai baten bitartez, eta saritu ziren enpresa hauek egindako proposamenak: Cryn Creativos SL-LKS Koop. eta Collazos Comunicación & Encomunicación. Gaur egun, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuan parte hartzen ari dira, Pirinioetako marketin- eta komunikazio-plana abian jarri eta gauzatuko duen taldea aukeratzeko.

Dokumentazioa:
Intervención del consejero Esparza

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa