(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Gazteria Institutua sortu du asteazkena, 2007.eko irailak 26

Institutuaren helburuak dira, batetik, gaztei erraztasunak ematea trebatzeko, garatzeko eta autonomo izateko; eta bestetik, gazteek gizartean modu aktiboan parte hartzea


Nafarroako Gobernuak, asteleheneko bileran, Nafarroako Gazteria Institutua (NGI) sortzea erabaki zuen. Institutua organismo autonomoa izango da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren mendekoa. Institutuaren helburuak dira gazteei trebatzeko, garatzeko eta autonomo izateko erraztasunak ematea, batetik, eta gazte guztiek gizartean modu aktiboan parte hartzea, bestetik.


 Aipatu bileran, Gobernuak onartu zuen, baita ere, Ana Frías Pardo Nafarroako Gazteria Institutuko zuzendari gerente eta Maria Teres Iriso Velasco Gazteria zuzendariorde izendatzea.


Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilari Maria Isabel Garcia Malok prentsaurrekoa eman du gaur, organismo autonomo berri hori zertan den azaltzeko. Institutuari esker, gazteen alorraren ardura duen egitura organikoak bultzada handia jasoko du eta eskumen gehiago izango ditu; gazteen alorra, orain arte, kirolarenarekin batera kudeatzen zen, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutu zaharraren bitartez.


 2007ko urtarrileko biztanleen erroldako behin-behineko datuen arabera, Nafarroan 15 eta 29 urte bitarteko 110.066 gazte bizi dira (56.787 gizonezko eta 53.279 emakumezko). Beraz, 16 urtetik gorako biztanleen %21,27 adin-tarte horretakoa da. Zehazki, Nafarroako gazteen %42,86 25 eta 29 urte bitartekoa da, %31,57 20 eta 24 urte bitartekoa eta %25,56 15 eta 19 urte bitartekoa.


Aipatu organismo berriaren asmoak hauek dira: zeharkako jarduerak koordinatzea, gazteriaren alorrean zerikusia duten alderdi guztiekin adostutako gazteria-politikak garatzea, eta harremanak estutzea tokiko erakundeekin eta gazteen ordezkari diren elkarte, erakunde eta kolektiboekin.


Halaber, Nafarroako Gazteria Institutuak, Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin elkarlanean, biztanleen gaur egungo kezkei erantzun bateratu, oso eta eraginkorrak emateko gazteria-politika egokiak sustatuko ditu.


NGIren egitura organikoaren osaera hau da: gobernu-kontseilua (Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria izango da kideetako bat), zuzendaritza-gerentzia eta zuzendariordetza. Zuzendariordetzak lau atal izango ditu:


- Plangintza eta Berrikuntza atalak Nafarroako gazteen egoera aztertu eta analizatuko du etengabe, eta politika eta programak berritzea sustatuko du.


- Gazteentzako Programen atala arduratuko da gazteei eta gainerako hiritarrei zuzeneko baliabideak eskaintzeaz, pertsona gisa behar bezala garatu daitezen. Atal horretan informazio- eta formazio-jarduerak antolatuko dituzte, etxebizitza eta enplegu alorreko zeharkako ekintzekin emantzipazioa sustatuko dute eta gazteen balioak (artea, harremanak eta elkartasuna) garatzeko programak egingo dituzte.


- Erakundeekiko Harremanetarako atalean gazteak biltzen dituzten edo gazteekin programak garatzen dituzten erakundeekin harremanak sustatuko dituzte, batik bat tokiko erakundeekin eta elkarteekin.


- Idazkaritza Nagusiak administrazio-, kontularitza- eta zuzenbide-gaietan laguntza emango du.


Egiturari dagokionez, NGIk berezko bost zentro izango ditu atxikita: Iruñako Fuerte del Príncipe Gazte Egoitza, Altsasuko Otadiako Santokristo Gazte Aterpea, Lekarozko Valle de Baztan Gazte Aterpea, Doneztebeko Belvierechea Gazte Aterpea eta Getadarreko Gazte Aterpea.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa