(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Adituak defizitarioa ez den tarifa elektrikoaren alde agertu dira, energia ardura gabe ez erabiltzearren ostirala, 2007.eko irailak 28

Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroak mahainguru hau egin zuen: "Kontratazio elektrikoa, merkatu liberalizatua eta elektrizitate sorkuntza berriztagarria"


Parte-hartzaileak

Ezkerretik eskuinera Javier Treviño, Ramón Tejadas, Alicia Erdociáin, José Luis García Ortega eta Javier García Breva. ( irudia handitu )

Tarifa elektrikoek ez lukete egon behar elektrizitatea sortzeak eta banatzeak duen benetako kostuaren azpitik eta ingurumen-arloko kostuak bere gain hartu behar lituzkete. Horixe izan zen Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroak duela gutxi Civican auditorian egindako "Kontratazio elektrikoa, merkatu liberalizatua eta elektrizitate sorkuntza berriztagarria" mahainguruan parte hartu zuten adituek ateratako ondorioetariko bat. Zentroa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko departamentura atxikitako fundazioa da. Adituen arabera, tarifa-defizit horrek gaur egun "energia neurri gabe erabiltzea" eragiten du.

Mahaingurua Energia Aurrezteko eta Eraginkortzeko Espainiako Estrategiaren Ekintza Plana gauzatzeko hitzarmenaren neurri-programen parte zen; hitzarmena Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (gaztelaniaz IDAE) eta Nafarroako Gobernuak dute sinatua. Ekintza plan horretan sartzen dira, izan ere, sektore jakin batzuei eta oro har jende guztiari zuzendutako komunikazio- eta sentsibilizazio-ekintzak.


Eztabaidan, ehun bat pertsona bildu ziren, eta hainbat galdera egin zituzten. Hizlari bezala hauek hartu zuten parte: Javier Treviñok, Espainiako Sare Elektrikoko iparraldeko delegatuak; SOLYNOVAko zuzendari nagusi eta Energia Berriztagarrien Ekoizleen Elkarteko (gaztelaniaz APPA) Zuzendaritza Batzordeko kide den eta 2004ko maiatzetik 2005eko azarora IDAEko zuzendari nagusi izan zen Javier García Brevak; Ramón Tejadasek, Iberdrolako Nafarroako ordezkariak; eta José Luis García Ortegak, Espainiako Greenpace elkartearen Energia Sailekoak. Era berean, moderatze-lanak Alicia Erdociain kazetariak egin zituen.

Javier Treviñok azaldu zuen elektrizitatea hornitzeko sistemaren funtzionamendua konplexua dela, eta, besteak beste, "horniduraren segurtasuna, lehiakortasuna eta ingurumenarekiko errespetua bermatu behar direla merkatu liberalizatuan". Ondorioen artean, azpimarratu zuen, sorkuntza aldetik begiratuta, aukera teknologiko guztiak hartu behar direla kontuan: energiarekiko mendekotasuna gutxitzen dutenak, ingurumenean inpaktu txikia eragiten dutenak, hornidura bermatzen laguntzen dutenak, e.a. Edonola ere, haren ustez, teknologien arteko kostuak alderatzeko, ingurumenaren gaineko kostuak ere aintzat hartu beharko lirateke.


Bestalde, nabarmendu zuen energia-kontsumoaren eraginkortasuna handitu beharra dagoela: "Energia berdeena da kontsumitzen ez dena". Halaber, adierazi zuen eskaria kudeatu behar dela, kontsumoa murrizte eta arrazionalizatze aldera.


Javier García Brevak, berriz, "arduragabetzat" jo zuen tarifa elektrikoen prezioa izoztea, "energiaren neurri gabeko erabilera" dela eta. Ildo horretan, esan zuen aldaketa klimatikoaren ondorio ekonomikoak kuantifikatu direla Stern txostena bezalako azterketetan, eta emaitza ez dela soilik "eskaria behar bezala kudeatzea". Azken horri dagokionez, hau adierazi zuen: "estatuak, sistema elektrikoaren erregulatzaileak, merkatura seinaleak bidali behar ditu, kontsumitzaileek energia aurreztu dezaten eta, horretarako, elektrizitatea ez du merke jarri behar. Bestalde, energia berriztagarrien ekoizleentzako sariak egonkortzea bermatu behar da, enpresak inbertitzera bultzatzen dituelako".


Tarifa elektrikon ingurumen-kostuak sartzeari dagokionez, gogoratu zuen Espainian energiaren %85 beste herrialde batzuetatik inportatzen dela, eta, beraz, "hemen energia garesti ateratzen dela". Gauzak horrela, berriztagarriak bultzatzearen alde agertu zen, "petrolioa eta gas naturala ez inportatzeko eta CO2 isuriak gutxitzeko". Konpainia elektriko batzuek merkaturatzen duten "energia berdeari" dagokionez, esan zuen erabiltzen den sistemak "ez duela bermatzen" energia guztia berdea izatea eta, beraz, "elektrizitate-etiketa berdin bat" onartu beharko litzatekeela.


Ramón Tejadas ados zegoen mahaikideek esandakoarekin: tarifa elektrikoetan ez da energiaren azken prezioa jasotzen. Haren ustez, "horrek egitura-defizita sortzeaz gain, merkaturatzea blokeatu egiten du". Ordea, ez zegoen ados eztabaidan agertutako ideia honekin: "enpresa merkaturatzaileok energia gehiago kontsumitzea nahi dugu". Gainera, esan zuen haren konpainiak energia berderako erabiltzen dituen ziurtagiriak baliozkoak direla; ziurtagiriek balio dute iturri berriztagarrietatik kontsumitzaileengana datorren elektrizitatearen jatorria bermatzeko.


Greenpeace elkarteko ordezkari den José Luis García Ortegak erakundeak abian jarritako kanpaina azaldu zuen: "Jakin nahi dugu, hautatu nahi dugu". Kanpaina horren helburua da "energia berdearen" etiketa nahitaezkoa eta berdina izatea energia elektriko guztiarentzat. Aldi berean, kanpainak hauen alde egiten du: kostuak islatzen dituen eta ingurumena zaintzen duen prezioen tarifa jartzea, merkaturatze askeko eta banaketako jarduerak bereiztea, elektrizitatearen jatorria bermatzea eta kontsumitzaileek parte hartzea.


Horren harian, adierazi zuen Greenpeace elkarteak hitzarmen bat sinatu duela hainbat kontsumitzaile-elkarteekin; hitzarmenaren asmoa da "ingurumena errespetatzen duen kontsumo arduratsua sustatzea eta indarrak batzea elektrizitate garbia hautatzeko eskubidearen alde". Bukatzeko, Greenpeace erakundearen proposamen hau azpimarratu zuen: estatuko elektrizitatearen %100 iturri berriztagarritatik lortze, 2050. urterako.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa