(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Datorren astelehenean, urriaren 1ean, tiratzeko postu finkotik usoa eta birigarroa ehizatzeko denboraldia irekiko da ostirala, 2007.eko irailak 28

Oilagorretarako zaletasuna dutenek, hau da, udazkeneko protagonista den beste hegazti migratzailea ehizatu nahi dutenek, urriaren 14ra arte itxaron beharko dute mendira joateko


Usategia

Usoaren ehiza modalitate zinegetiko nagusienetakoa da Nafarroan. ( irudia handitu )

Denboraldi honetarako Ehiza Debekualdiaren Foru Aginduari jarraiki, datorren astelehenean, urriaren 1ean, Foru Komunitate osoan hasiko da usoa eta birigarroa baimendutako postuetatik edo txaboletatik ehizatzeko denboraldia.


Denboraldia abenduaren 8ra (egun hori barne) arte luzatuko da. "Usategi" horietatik egunero honako uso espezie hauek ehizatu ahal izango dira: pagausoa, txoloma, etxeko haitz-uso basatua eta usapal turkiarra. Baita ere, harrapatu ahal izango dira "birigarro" bezala ezagutzen diren hegaztiak; hau da, birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia. Era berean, birigarroak egunero ehizatzeko aukera egongo da azaroaren 1etik urtarrilaren 27ra bitarte, horretarako baimendutako postuetatik.


Debekualdiaren Foru Aginduak araututakoaren arabera, "usategiak" edo tiroketa-postuak, banaka zein lerroan jarrita daudenak, finkoak izango dira eta mendikate tontorretan edo hegaletako gune altuetan kokatuko dira. Ezingo da eskopeta esekirik erabili eta postuetatik kanpora ezingo da eskopeta zorroan sartu gabe ibili, salbu ehiztaria postuaren inguruan eroritako usoaren bila joaten denean; kasu horretan, arma kargatuta eraman daiteke.


Pase garaian usoa ehizatzeko baimendutako postu bakoitzean gehienez hiru ehiztarik batera egon ahal izango dute. Tiroketarako postuek, itxurari eta materialei dagokienez, paisaiaren antzeko tonuak izango dituzte.


Aprobetxamendu zinegetikoaren titularrak arduratu beharko du ingurua garbi mantentzeaz; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko departamentuak, behar izanez gero, baldintza horiek betetzen ez diren postuetan jarduera zinegetikoa eteteko legezko neurriak hartuko ditu.


Postuen baimenak eta debekuak


Denboraldi honetako Debekualdiaren Foru Aginduari jarraiki, lerroan jarritako postu batetik bestera gutxienez 50 metroko tartea egon behar du. Postu bat hiru urtez segidan erabili ez den kasuan, baimenik gabe geratuko da.


Bestalde, uso migratzaileak ehizatzeko aireko tiroketa-postua edo txabola jartzeko edo legeztatuta daudenak lekuz aldatzeko baimena Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza departamentuak eman behar du, dagokion Antolamendu Zinegetikoaren Planean.


Postu batek besteari oztopo eginez gero, lehentasuna zaharrenak izango du. Oztopo egiteak esan nahi du lehentasunezko postuaren eraginkortasuna murriztuta geratzea eta inplikatutako postuen titularrak elkarrekin ehizatzeko adostasunera ez iristea.


Azkenik, gogoratu behar da galarazita dagoela usoen ohiko ibilbidea nahasteko usoak seinale, tiro edo beste edozein prozedura bidez izutzea. Dena den, usoa ehizatu ahal izango da bizirik dagoen usoaren (itsutu eta moztu gabea) abatarekin, legez ezarritako txaboletan; betiere, usoa desbideratzen ez bada eta legez egindako beste postuetan ehiza egitea eragozten ez bada.


Oilagorraren denboraldia urriaren 14an hasiko da


 Nafarroako ehiztari gehien biltzen duen beste espezie migratzailearen, hots, oilagorraren denboraldia datorren urriaren 14an hasiko da, eta egunero ehizatu ahal izango da txintxarria edo lepoko elektronikoa daraman txakurrarekin, Foru Komunitateko gune basotsuetan, 2008ko urtarrilaren 27 bitarte (egun hori barne).


Ehizako 2007/08 denboraldirako ordutegia ezarri da: eguna argitu eta ordu batera hasiko da eta ilundu baino ordu bat lehenago amaituko da. Ehiztari bakoitzak eguneko hiru oilagor harrapatu ahal izango ditu, eta esparru bakoitzak kontrolatu beharko du zigilu edo txartelen sistemaren bitartez.


Landa Garapeneko eta Ingurumeneko departamentuak, beste urte batez, gogoratu nahi du hegazti migratzaile hori ezin dela ehizatu "zelatan egonda" edo putzuetan, eta ezin dela ehizatutako oilagorrik saldu. Gainera, Nafarroako Gobernuak ehizatzeko modu hori tarteka galarazteko eskubidea izango du "zorioneko egunetan" edo espezie horren defentsa-gaitasuna murrizten den hotz handiko egunetan. Horren berri dagokionean emango du, hedabideen bitartez.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa