Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
2007ko lehen bederatzi hilabeteetan (urtarriletik irailera), Foru Komunitateko herri barruko eta herri arteko errepideetan 34 pertsona hil dira (urtarrilean 4, otsailean 3, martxoan 2, apirilaren 8, maiatzean 2, ekainean 5, uztailean 2, abuztuan 2 eta irailean 6). Iaz, denboraldi berean, 45 pertsona hil ziren eta 2005ean 68.
Beraz, Nafarroako errepideetako hildakoen kopuruak %24,4 egin du behera aurten, 2006ko denboraldi berarekin alderatuta. Nafarroako Bide Segurtasunerako Estrategian (2005-2012) Nafarroako Gobernuak helburu hau jarri zuen 2007rako: foru-errepideetako heriotza-tasa %10 jaistea. Beraz, helburu hori soberan gainditu da. Alde horretatik, Foru Komunitateak 2006an bete zuen Europar Batasunak 2010erako jarritako helburua: 2000. urteko heriotza-kopurua erdira jaistea (Nafarroan 55 pertsona hil ziren iaz errepide-istripuetan, eta 2000. urtean 118). Nafarroa izan da helburu hori lortu duen estatuko lehen erkidegoa.
Hildakoen ezaugarriak
2007. urtean, urtarriletik irailera, 34 pertsona hil dira: 5 edukiera handiko errepideetan (autobide eta autobietan), 14 errepide nagusietan, 8 tokiko errepideetan, 2 herri barruko errepideetan eta 1 baso-pistan.
Bi hildako adin txikikoak ziren, hamahiru 18 eta 30 urte artekoak, bi 31 eta 35 urte artekoak, zazpi 36 eta 45 urte artekoak eta hamar 45 urtetik gorakoak. Hildakoetatik 28 kotxez edo furgonetaz zihoazen, 3 motoz, bi oinez (horietako bat bizikletatik erori eta gero hil zen) eta bat bizikletaz.
Nafarroako zirkulazio-poliziak (polizia foralak eta guardia zibilak) bereziki zaindutako errepideei dagokienez, Erriberako emaitzak oso onak dira, errepide nagusietako (AP-68, A-68 eta N-232, AP-15, NA-134 eta N-121) hiru istriputan bakarrik izan baitira hildakoak: ekainaren 30ean Azagran, Ebroren ardatzean (NA-134); abuztuaren 25ean Tuteran (N-232); eta irailaren 27an Corellan (N-113). Aitzitik, iaz, urtarriletik irailera, hamar istriputan egon ziren hildakoak, zortzi NA-134 errepidean gertatu ziren, Ebroren ardatzean.
Iruña-Behobia errepidean (N-121-A) aurten hiru hildako egon dira (otsailaren 28an Lesakan, maiatzaren 3an Lantzen eta irailaren 28an Beran), 2006an denboraldi berean baino bat gehiago, baina 2005eko denboraldi berean baino sei gutxiago.