(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanzberro kontseilariak abeltzaintza sektorean jarduera-plan bat iragarri du, elikadura-kostuen igoera dela-eta asteazkena, 2007.eko urriak 3

Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapenerako eta Ingurumeneko kontseilariak abeltzaintza-sektorerako jarduera-plan bat iragarri du gaur goizean, gaur egungo krisiari aurre egiteko. Azkenaldian krisia areagotu egin da, elikadura-kostuen igoeraren eraginez. Plana urriaren erdialdean ezagutzera emango da. Hala adierazi du kontseilariak gaur Baluarten, Nafarroako Arrazako Ardi Hazle eta Hautatzaileen Elkarteak (ARANA) antolatutako haragitarako ardien jardunaldia inauguratzean.


Sanzberro kontseilaria jardunaldia.

Sanzberro kontseilaria jardunaldian. ( irudia handitu )

Jardunaldiaren hasieran, kontseilariak zehaztu duenez, aipatutako jarduera-planak, urriaren erdialderako amaituta egongo denak, gaur egungo egoerari aurre egiteko neurri zehatzak ditu, baita egitura-neurriak ere, krisiaren oinarrian dauden beste arrazoi batzuei aurre egiteko. Modu horretan, sektorearen egoera zehatza konpontzeaz gain, hobekuntzak egingo dira, epe luzerako neurrien bidez.


Kontseilariak esan duenez, sektorea zahartu egin da eta NBPren %50 modu partzialean banandu da. Hori dela eta, ustiategiak eta aziendak apurka-apurka desagertzen ari dira. Horri lotuta, azken hamar urteetan ustiategien eta azienden erroldak ia-ia egonkorrak izan dira, bere garaian, berregituratzeak, batez ere, esne behiak, txerriak, eta neurri batean, haragitarako behiak ukitu zituelako, baina ez ardi-ustiategiak.


Hain zuzen ere, NBPren laguntzei esker (batez ere horiek 1995ean izandako prima-igoera kontuan hartuta), artzaintza mantendu egin zen, eta apur bat gora ere egin zuen. Nolanahi den ere, NBPren azken eraldaketaren ondorioz eta 2008an edo 2009an ziurrenik gertatuko den erabateko banantzearen ondorioz, ardien sektoreak berregituratze sakona izango du.


Horren guztiaren eraginez, kontseilariaren esanetan, batez ere kostuak murriztera eta merkaturatzea hobetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira. Elikadura kostu nagusia dela kontuan hartuta, nahitaezkoa da zerealen merkatua prezio txikiagoetan egonkortzea. Hori lortzeko, nahitaez kentzea bertan behera utzi eta nahitaezko lugorrietan artzaintza baimendu beharko litzateke. Krisiari aurre egiteko beste neurri bat merkaturatzea hobetzea da. Horretarako, merkataritza-sareak, abeltzainen kooperatibak, jatorri-izendapenak, "Reyno gourmet" marka, produktuaren trazabilitatea eta inportazioen aurrean bertako produktuen publizitatea hobetu behar dira.


Horrez gain, kontseilariak adierazi du ardi-haragiaren prezioen krisia duela zenbait urte hasi zela, baina Europako Erkidegoko primarekin konpentsatu izan dela. Horretaz gain, jakien igoeraren ondoriozko prezio-gorakadak eta gizartea ukitzen duten izaera ekonomikoko beste inguruabar batzuek eragin negatiboa izango dute haragien kontsumoan, kontsumitzailearentzat ardiaren prezioa handia izango delako, eta ez horrenbeste behiaren kasuan.


Beraz, inguruabar horiekin guztiekin batera ekoizpen-kostuak igo egin direla (bereziki zerealak eta bazkak igo direlako) eta prezioak urte-sasoi honetarako oso txikiak direla aintzat hartuta, kontseilariaren ustez, ezinezkoa da ardien sektoreak prezioak merkatzea.


ARANA Elkarteak antolatutako Haragitarako Ardien Jardunaldian zenbait hitzaldi eta mahai-inguru daude, gai hauen inguruan: ustiategien errentagarritasunaren faktoreak; arkumearen prezioa; kontsumoaren joerak eta autohornikuntzaren maila; elikadura kostu nagusi gisa, zerealen prezioari eta nekazaritza-erregaiei erreferentzia eginez; diru-laguntzak eta ekoizpen- eta dibertsifikazio-sistemaren aldaketari buruzko gogoetak.


Nafarroan, ardien sektorean 2.400 ustiategi biltzen dira, 600.000 abelbururekin. Horietatik 400.000 Nafarroako arrazako haragitarako ardiak dira. Ardien sektoreak Nafarroarako diru-sarrera ugari ekarri du, NBPren diru-laguntzak direla bide, hain zuzen ere, urtean 18 milioi eurokoak.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa