Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako osasun-etxeek eta farmaziek biztanleak informatzeko materiala banatuko dute; materiala Minbiziaren kontrako Espainiako Elkarteak egin du. Gainera, gaur arratsaldean Iruñako Foruen Monumentua argi arrosaz jantziko dute, Bularreko Minbiziaren kontrako Munduko Eguna dela oroitzeko.
Kanpainaren irudia.
Osasun Departamentua elkarlanean aritu da Minbiziaren kontrako Espainiako Elkartearekin eta Nafarroako Farmazialarien Elkargoarekin, biztanleak bularreko minbizia goiz antzemateak duen garrantziaz jabetzeko jarduerak antolatze aldera; eta hori, gaur Minbiziaren kontrako Munduko Eguna delako.
María Kutz Peironcely Osasun kontseilariak aurkeztu du gaur kanpaina, hauek lagun zituela: Minbiziaren kontrako Espainiako Elkarteak Nafarroan duen presidentea, Carmen Armendáriz; Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentea, Pilar García; eta Nafarroako Ospitaleko Onkologia Zerbitzuko buru eta Minbiziaren kontrako Elkarteko batzorde teknikoaren kide den Ruth Vera.
Osasunbideko osasun-etxeek eta Nafarroako farmaziek kanpainari dagozkion informazio-liburuxkak emango dizkiete bezeroei. Liburuxkaren mezu nagusia ez dago emakumezkoei zuzendua, gizonezkoei eta senideei baizik, azken horiek animatu ditzaten emakumezkoak mamografiak egitera, minbizia badute goiz antzemateko.
Horrez gain, Foru Komunitateko erakundeek bat egin dute Bularreko Minbiziaren kontrako Munduko Eguna oroitzeko jardueretan: Nafarroako Jauregiaren aurreko Foruen Monumentua argi arrosaz jantziko dute; izan ere, begizta arrosa da kanpainako sinboloa. Oroitzapen-ekintza sinboliko hori iluntzeko 20.00etan gauzatuko da.
Minbizia goiz antzemateko jarduerak Nafarroan
Goiz antzematea da bularreko minbiziari aurre egiteko tresnarik onena. Era horretan, tumoreak diagnostikatzen dira, baina %80 arrakastaz tratatzeko denbora nahikoarekin eta %74 ganglioak kaltetu gabe. Era horretan biziraupena handiagoa da: minbizia goiz antzemateko programetan diagnostikatutako emakumezko nafarren %93 bost urte baino gehiago bizitzen da (estatuko batezbestekoa %78koa da).