(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Mendaur bildumako euskarazko bi liburu berri aurkeztu dira asteazkena, 2007.eko urriak 24

Hezkuntza kontseilari Carlos Pérez-Nievas jaunak eta Euskaltzaindiko presidente Andrés Urrutia jaunak Mendaur bildumako bi liburu aurkeztu dituzte gaur goizeko prentsaurrekoan.


Horietako lehenengoa, gaur egun arte kontserbatu den Luzaideko euskalki bati buruzko hiztegia da. Luzaideko Euskararen Hiztegia du izenburutzat, eta Peio Kamino eta Patxi Salaberri dira egileak. Luzaideko euskararen aditu handia da Kamino, eta gai horri buruzko hainbat artikulu idatzi ditu, bai bakarka, bai beste egile batzuekin batera. Salaberri, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskal Filologia irakaslea eta Euskaltzaindiko euskaltzain osoa da 1996. urteaz geroztik; gainera, euskal Onomastikaren batzordeko kide izendatu zuten 1989. urtean. Azken arlo hori da, hain zuzen ere, bere ikerketa ildo nagusia. Hiztegi hau egiteko egungo testuak nahiz testu zaharrak aztertu dira, baita José María Satrústeguik bertako euskarari buruz bildutako dokumentazio guztia ere.


Erroibarko eta Esteribarko Hiztegia da bigarren lanaren izenburua; Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Orreaga Ibarrak egin du berau. Euskal Filologiako irakasle titularra da Orreaga Ibarra, eta hizkuntzalaritza gaiei buruzko azterlan ugari argitaratzeaz gain, Nafarroako Gobernuaren Euskal Fonotekaren proiektuan lagundu du. Lan hori Erro eta Esteribar bailaretako hiztegi adierazgarriena biltzen duen hiztegi bat da, bailara horietako herrietako hiztunei egindako elkarrizketa pertsonalen bidez bildutakoa.


Ikerketa lan horrek Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso zuen 2004. urtean, ikertzaile nafarrentzako ikerketa eta prestakuntzarako laguntzen deialdian.


Bi lan hauek, Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak hizkuntzalaritza izaerako jarduerak sustatzeko asmoz urtero sinatzen duten erabaki baten esparruaren baitan argitaratu dira. Jarduera horietako bat hizkuntzalaritza nahiz literatura lan interesgarriak argitaratzean datza. Aipatu helburu hori lortzeko sortu zen Mendaur bilduma. Bilduma horrek bi liburuki argitaratu ditu dagoeneko: I. liburukia, Jose Mari Satrustegi: ereile eta lekuko; eta II. liburukia, Baztango Mintzoa: Gramatika eta Hiztegia. Horiei, orain, aipatutako lanak erantsi behar zaizkie.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa