(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Urriko langabeziaren datuei buruzko azterketa astelehena, 2007.eko azaroak 5

Nafarroako Gobernuaren arabera, urriko langabeziaren datuak ez dira onak, gora egin baitu langabeen kopuruak


2007ko urriko langabeziari buruzko datuen berri eman du, gaur goizean, Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak. Datu horien arabera, irailean baino 212 langabe gehiago daude urrian (%1,06 gehiago); hau da, Nafarroan, 20.223 lagun daude lanik gabe (12.656 emakume eta 7.567 gizon). Espainia oro har kontuan hartuta ere, gora egin du langabeziak: %1,55 hain zuzen ere, Nafarroan baino gehiago, beraz. Autonomia Erkidegoei dagokienez, erkidego guztietan sumatu da igoera, Valentzian, Katalunian eta Extremaduran izan ezik.


Nafarroako Gobernuaren arabera, urriko langabeziaren datuak ez dira onak, gora egin baitu langabeen kopuruak. Edonola ere, langabezian igoera gertatu arren, 25 urtetik gorako emakumeen taldean onak izan dira emaitzak: talde horretan, 31 langabe gutxiago daude urrian. Eraikuntzaren sektorean ere behera egin du langabeziak; zehazki, 88 lagun gutxiago daude lanik gabe. Ildo horretatik, aipatzekoa da 2007. urtea hasi zenez geroztik, hau da, urtarriletik urrira bitartean, Foru Komunitatean 837 laguneko jaitsiera izan dela langabeen kopuruan.


Enplegurako lurralde unitateen arabera, langabeziak behera egin du Altsasun (%6,13) eta Agoitzen (%2,30); eta gora egin du, aldiz, Lizarran (%3,49), Tuteran (%2,97%), Lodosan (%1,52), Tafallan (%1,11), Iruñean (%0,80) eta Donezteben (%0,56).


Ekonomia jardueren azpisektoreei begiratuta, langabeziak honako hauetan egin du behera: eraikuntza, hezkuntza eta elkarteen inguruko, aisiako eta askotariko jarduerak. Gora egin du, aldiz, beste enpresa jarduera batzuetan (ABEak barne), ostalaritzan, elikadura industrian, administrazio publikoan, Correosen eta garraioan.


Datuak sexuka bereizita, 12.656 emakume langabe daude –aurreko hilean baino %0,31 gehiago–, eta 7.567 gizon langabe –aurreko hilean baino %2,34 gehiago–.


Adin taldeei dagokienez, 25 urtetik beherako langabeen kopurua 2.102 lagunekoa da –aurreko hilean baino %6,05 handiagoa–, eta 25 urtetik gorako langabeen kopurua, 18.121 lagunekoa –aurreko hilean baino %0,51 handiagoa-.


2006ko urriko datuekin alderatuta, 446 lagun gehiago daude langabezian, balio absolututan; balio erlatiboan, berriz, %2,26ko igoera izan da.


Azkenik, nabarmentzekoa da Nafarroa dela okupagarritasun (lana aurkitzeko aukera) handia duten pertsona langabeen kopuru handiena duen erkidegoa. Izan ere, Foru Komunitatean langabezian dauden pertsonen %33,2k dute okupagarritasun handia; batez besteko nazionala, berriz, %17,12koa da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa