(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Foru Komunitateak eta Estatuak 2005-2009 aldirako Hitzarmen Ekonomikoa sinatu dute astelehena, 2007.eko azaroak 5

Miguel Sanz presidenteak eta Carlos Ocaña Ogasun eta Aurrekontu arloko estatu idazkariak akordio berria aurkeztu dute gaur eguerdian


Hitzarmen berria sinatzen

Sanz Presidentea eta estatu idazkari Carlos Ocaña, Hitzarmena berritzeko akordioaren aurkezpenean. ( irudia handitu )

Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Carlos Ocaña y Perez de Tudela Ogasun eta Aurrekontu arloko estatu idazkariak akordio berria aurkeztu dute gaur eguerdian Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan. Akordio horren bidez, Estatuko Gobernuaren eta Nafarroaren arteko Hitzarmen Ekonomikoa berritu da, 2005-2009 aldirako.


Aldez aurretik, hain zuzen ere Nafarroako Jauregian egindako azken bileran, Hitzarmen Ekonomikoa Negoziatzeko Batzordeetako kideek akordioa sinatu dute.


Nafarroari dagokionez, Alvaro Miranda Simavilla Ekonomia eta Ogasun Departamentuko bigarren presidenteorde eta kontseilaria izan da negoziatzeko batzordeko buru, eta honako ordezkari politiko hauek izan dira bertan: Jaime Ignacio del Burgo (UPN), Fermín Ciáurriz (Nabai), Roberto Jiménez (PSN-PSOE), Pablo Archel (IU-EB) eta Juan Cruz Alli (CDN). José Ignacio Pérez de Albéniz Nafarroako Zerga Ogasun Departamentuko zuzendari kudeatzailea ere batzorde horretako kidea da.


Estatuari dagokionez, aipaturiko estatu idazkaria izan da negoziatzeko batzordeko buru; era berean, honako goi funtzionario hauek ere parte hartu dute: Dolores Beato Blanco, Ogasun Departamentuko idazkari nagusia; Luis Pedroche y Rojo, Zerga Administrazioko Estatu Agentziako zuzendari nagusia; Silvia López Ribas, Autonomia Erkidegoekiko Finantza Arloko Lankidetzarako zuzendari nagusia; Rosa Urbanos Garrido, Lankidetza Autonomikorako zuzendari nagusia; eta idazkari gisa, Ana Santiuste Vicario, Autonomia Erkidegoen Finantzaketa Arloko zuzendariorde nagusia.

Hitzarmen Ekonomiko berria, zehatz-mehatz


Ezaugarri nagusi gisa, aipatu beharrekoa da 2005-2009 aldirako Nafarroak Estatuko karga orokorretan duen %1,6ko parte-hartzea mantenduko duela. Parte-hartze hori batik bat Foru Komunitateko errenta erlatiboaren arabera finkatzen da.


Hortaz, Foru Komunitateak 553,5 milioi euroko ekarpena egin zuen 2005ean, eta 606,2 milioikoa, 2006an. Halaber, 2007. eta 2008. urteetarako behin-behineko zenbatekoak ezarri dira: 657,6 milioi euro eta 704 milioi euro, hurrenez hurren.


Akordioaren esparruan, 2003 eta 2004ko ekarpenak likidatu dira; oraindik ere likidatzeko baitzeuden. Hain zuzen ere, 2,4 milioi euro, Nafarroari dagokionez; eta 38,8 milioi euro, Estatuari dagokionez.


Negoziatzeko Batzordearen bileraren une bat

Hitzarmen Ekonomikoa Negoziatzeko Batzordea gaur goizean egindako bileran. ( irudia handitu )

BEZa eta Sozietateen gaineko zerga


Hitzarmen berriaren arabera, eragiketen bolumena sei milioi eurotik zazpi milioi eurora igo da, zergadunek (BEZa eta Sozietateen gaineko zerga) ordaindu beharreko zerga irizpidea zehazte aldera. Era berean, Sozietateen gaineko zergak BEZaren erregimen bereziarekin batean dituen ezaugarriak zein diren finkatu da, entitate taldeei dagokienez. Funtsean, talde bereko enpresei aldi bakoitzean likidatu beharreko kuotak integratzeko aukera ematen die erregimen horrek. Hala, kuota negatiboak eta positiboak orekatu ahal izango dituzte, eta zenbateko garbia ordaintzeko moduan izango dira. Nafarroak erregimen berezi hori ezarri beharko du, eta horretarako, zergak bateratzeko Legegintzako Foru Dekretu bat onartu beharko da. Gainera, neutraltasunari eutsi zaio.


Matrikulazioaren eta hidrokarburoen gaineko zergak


Estatuak zenbait garraiobideren gaineko zergarako ezarritako karga tasak %10etik %15era igotzeko aukera egongo da.


Era berean, hidrokarburoen gaineko zergari dagokionez, erabaki da garraiolariei (gasolio profesionalarengatik) eta nekazariei eta abeltzainei (gasolioaren prezioaren igoerarengatik) itzultzeak egiteko eskumena onuradun bakoitzak bere egoitza fiskala duen tokiko Administrazioak izango duela.


Informazio trukea indartu da


Testuak Nafarroaren eta Estatuaren artean informazio trukea indartzeko klausula berria barne hartzen du. Klausula hori nazioarteko hitzarmenak eta tratatuak betetzeari eta administrazio lankidetzaren eta elkarrekiko laguntzaren arloko Europako araudiari buruzkoa da.


Testuak nazioarteko zergapetze bikoitzeko hitzarmen guztietan agertu ohi diren informazio trukeak barne hartzen ditu, eta baita EBko arautegiari dagozkionak ere, nola zuzeneko hala zeharkako zergei begira. Helburua informazio trukea indartzea da; izan ere, iruzurraren aurkako borroka areagotzeko beharrezkoa da datuak nazioarteko mailan trukatzea.


Azkenik, Nafarroak parte hartuko du Estatuak hainbat alorretarako bideratutako aurrekontu horniduretan. Hain zuzen ere, honako hauetarako aurrekontuak dira: autonomia sistemaren eta ezinduen laguntzaren finantzaketa, Hezkuntzaren Lege Organikoaren garapena, eta 2005eko irailaren 10ean egindako presidenteen biltzarretik ondorioztatutako osasun arloko jardueren finantzaketa. Horretarako, ekarpenaren ordainketak murriztu egingo dira.

Dokumentazioa:
Intervención de Miguel Sanz

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa