(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak abian jarri du gazte etorkinen bazterketa ekiditeko prebentzio programa astelehena, 2007.eko azaroak 5

Arazoren bat izateko arriskua (adibidez, gazteen bandak sortzeko arriskua) duten sei esparru geografikotako egoeraren azterketa egingo du, datozen bi hilabeteetan


Nafarroako Gobernuko Erakunde Harremanen eta Gobernuko Eledunaren Departamentuko Etorkinak Artatzeko Bulegoak gazte etorkinen bazterketa ekiditeko prebentzio programa abian jarri zuen aurreko astean. Programa horren barruan, urte amaierarainoko plangintza bat finkatu dute, eta Foru Komunitateko sei esparru geografikotan pertsona horiek duten egoera aztertuko dute, plangintza horri jarraituz; hain zuzen ere, arazo larriak sortzeko arriskua (gazteen bandak sortzeko arriskua, adibidez) duten sei esparru hautatu dituzte, arazo horiek aztertu eta horiei aurre egiteko neurriak proposatzeari begira.


Horretarako, Nafarroako Gobernuak gai honetan aditua den gizarte ekimeneko enpresa bat kontratatu du, eta enpresa horrek sei lan talde osatu ditu. Lan talde bakoitzean gizarte hezkuntzako eta gizarte laneko bi aditu arituko dira, antzeko lanetan eskarmentua dutenak, eta gatazka arriskuan dauden gazte etorkinen taldeei buruzko azterketa eta ikerketa egingo dute, halako taldeak dauden tokietan; azterketa horretan aurkitu dituzten taldeei jarraipena ere egingo diete. Azterketa lana osatutakoan, eguneroko jardueran egoera horiekin harremanetan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuentzako (oinarrizko gizarte zerbitzuak, ikastetxeak, osasun etxeak…) jarduera protokolo batzuk proposatuko dituzte.


Gazteen bazterketari buruzko ikerlanerako jarraibideak


Esan dugunez, Nafarroako Gobernuak arriskua duten sei esparru geografiko aukeratu ditu programa hau abian jartzeko; sei esparru horietako hiru Nafarroako hiriburuan daude, beste bi Iruñerrian, eta beste bat Nafarroako Erriberan.


Landa lana egin behar duten taldeak –dagoeneko osatuta daude–, eskualde eta udalerri bakoitzeko gizarte eta hezkuntza eragileekin harremanetan jarriko dira, lehenik; arrisku talde horiei antzemateko eta gizarte bazterketa jasateko arriskua duten gazte etorkinekin landa lana gauzatzeko.


Gero, adituak taldeekin harremanetan jarriko dira, horiei buruzko ikerketa eta azterketa egingo dute, eta urte amaierarainoko jarraipen iraunkorra egingo diete.


Nafarroako Gobernuak sustatutako ikerketaren bidez auzi honi buruzko ezaguera sakonagoa eduki nahi da, txosten zabal bat eta jarduera protokolo bat osatu ahal izateko; txostena eta protokoloa gizarte, hezkuntza eta udal eragileei aurkeztuko zaizkie, eta haiekin hitzartuko dira. Datorren urtetik aurrera, eragileek elkarlanean jarraituko dute, Foru Komunitatean gazteen banden sorrera eta etorkinen gizarte bazterketa dakarten beste adierazpen batzuk ekiditeari begira.


Etorkinak Artatzeko Bulegoaren ekimen hau berehala abian jarri beharreko sei neurriko sorta baten barruan antolatu da; irailean Alberto Catalán kontseilariak iragarri zuenez, immigrazioaren fenomenoarekin loturiko ekimen horiek gauzatzeko 265.000 euroko aurrekontua finkatu da.


Sei ekimen horietako lauren helburua etorkin talde jakin batzuei arreta espezifikoa ematea da. Lehenengo bi ekimenak abian dira, dagoeneko: gazteen bazterketa ekiditerako neurri hau, batetik; eta etorkinen elkarte sareari laguntzeko eta sare hori sustatzeko jardunaldiak, bestetik (jardunaldiak Iruñean egin ziren, urrian, eta Tuteran errepikatuko dituzte, datozen egunotan). Catalán kontseilariak iragarritako beste bi neurriak prostituzioan ari diren emakumeak artatzeko ekimena eta hizkuntza ez jakiteagatik edo kulturen arteko talkagatik kultura integrazioan arazoak dituzten pertsonei laguntzeko programa ibiltaria dira.


Erakunde Harremanen eta Gobernuko Eledunaren Departamentuko kontseilariak udazkenean abian jarriko diren beste bi jardueraren berri ere eman zuen irailean, etorkin taldeen eta Nafarroako bertako herritarren artean zubiak eraikitzeko bi jardueraren berri, hain zuzen ere: Nafarroako hedabideetan gauzatuko den sentsibilizazio kanpaina bat da, lehena; eta bigarrena, berriz, Foru Komunitateko hamar herritan kulturartekotasuna lantzeko hamar lantegi, Nafarroako herritar etorkinek eta Foru Komunitatean jaiotako herritarrek elkar aberasteko topaleku izan nahi dutenak.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa