(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Ehun irakasle inguru bilduko dira gaurtik aurrera "Eskola bizikidetzari buruzko jardunaldietan" asteartea, 2007.eko azaroak 13

"Ikasgelako bizikidetza, disrupzioa eta kudeaketa" izenburuko jardunaldiak egingo dira gaurtik aurrera Irakasleei Laguntzeko Iruñeko Zentroan. Nafarroako 50 ikastetxetako 100etik gora irakasle bilduko dira, hain zuzen, bertan.


Irakasleek gero eta kezka handiagoa izaten dute ikasleen motibaziorik eza eta ikasleen arteko gatazkak direla-eta; zailtasunak sortzen dizkiete irakasleei, eta horiei aurre egiteko ezinbestekoa da trebakuntza berezia izatea. Era berean, Hezkuntza Departamentuak gero eta ahalegin handiagoa egiten du kezka horiei guztiei erantzuna bilatzeko, eta hainbat trebakuntza ekintza egiten ditu horretarako. Hortaz, lehen ikastetxeak duela bederatzi urte hasi ziren gatazken konponketaren gainean lan egiten. Gaur egun, 78 ikastetxe dira lan horretan dabiltzanak, eta askoz gehiago dira euren bizikidetza planak abiatu dituztenak, eskola esparruko harremanak hobetzea helburu dutela.


Testuinguru horretan sortu zen Hezkuntza Departamentuak bizikidetza hobetzeko sustatutako lehen kanpaina. Kanpaina hori duela hiru ikasturte egin zuten, berdinen arteko eskola jazarpena aztertzeko. Garai hartan jarri ziren abian, halaber, bizikidetzako aholkularitza eta laguntza telefonoa.


Gaur hasi diren jardunaldiek gatazkak konpontzeko bitarteko eraginkorrak aztertzeko gune izan nahi dute: ikasgela kudeatzeko estrategiak eta gaitasun sozioemozionalak, alegia. Era berean, Departamentuak antolatutako publizitate kanpaina aurkeztuko da, bizikidetzaren aldeko apustua egin duena. Kanpainaren leloa "Hemen giro ona dugu" izango da, eta besteak beste, ikasgelan elkar ulertzeko arauen dekalogoa sortu eta zabalduko da.


Bestalde, azken urteetan hainbat ikaslek baliatutako esperientzia eta erabilera zehatzak kontuan hartuta, lan horren fruituak partekatu nahi dituzte. Horretarako, Nafarroako 4 ikastetxetan (Berako Toki Ona BHI, Beriaingo LHIK, Ilundain Haritz-Berri Fundazioa eta Biurdana BHI) izandako esperientziak azalduko dira, hainbat ikasketa mailari erreparatuta.


Amaitzeko, bihar, asteazkena, disrupzioari eta ikasgelaren kudeaketari buruzko txostena aurkeztuko du Juan Vaello irakasleak. Juan Vaello Orts psikopedagogoa da, Benidormeko Bernat de Sarriá BHIko zuzendaria, eta "Resolución de conflictos en el aula", "Las habilidades sociales en el aula" eta "Cómo dar clase a los que no quieren" testuen egilea.


Jardunaldiak bihar (azaroaren 14a) amaituko dira, 20:00etan, eta Teresa Aranaz Antolamendu eta Berrikuntzako zuzendari nagusiaren esku egongo da amaiera ematea. Ondoren, Juan Vaello Orts txostengileak elkarrizketa egin nahi dioten hedabideekin hitz egingo du.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa