(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanzberro kontseilariak jakinarazi du "mingain urdina" agertu dela Leitzako eta Goizuetako zenbait ustiategitan asteazkena, 2007.eko azaroak 14

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, Begoña Sanzberrok, jakinarazi du gaur Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak "mingain urdina" izeneko eritasunaren lau kasu positibo, behi-aziendako lau abelburu, identifikatu dituela Leitzan eta Goizuetan, eritasuna hasi zen fokutik (Oiartzun, Gipuzkoa) gertu dauden bi herritan hain zuzen.


Bestalde, kontseilariak adierazi du hurrengo egunetan beste kasuren bat ager daitekeela, laginetako batzuk aztertzeko daudelako oraindik. Edozein modutan ere, eritasunak kutsatutako abereen kopurua txikia da, aztertutako 1.897 abereetatik lauk baizik ez dutelako emaitza positiboa izan analisietan.


Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak adierazi du halaber eri dauden abereak, behi-aziendakoak denak, egun gutxi barru sendatuta egonen direla, eta kasu hauek agertu izanak ez duela aldaketa nabarmenik ekarriko orain arteko egoeran, abereak mugitzeko murriztapenak eta irizpideak ez baitira aldatuko.


Kontseilariaren hitzetan, txertoa jartzeko lanak aurreikusi bezala betetzen ari dira, eta abenduaren amaierarako babestuta egonen dira Oiartzungo (Gipuzkoa) hasierako fokuaren inguruko 50 km-ko eremuan dauden abere guztiak, hau da, Kantaurialdeko herri eta ibar ia guztiak hartzen dituen eremukoak. Begoña Sanzberrok esan duenez, datorren urteko lehen hiruhilekoan jarriko zaie txertoa Foru Komunitateko gainerako abereei, eta albaitariak arduratuko dira kasuak agertu diren ustiategietako abere guztiak txertatzeaz, gaur arratsaldean eta bihar goizean.


Gogoratu behar da 180.000 txerto iritsi zirela astelehenean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura, "segurtasun eremua" izenekoan jarri beharrekoen lehenbiziko multzoa, alegia. Nafarroako gainerako abelburuei, behi- eta ardi-aziendako 810.000 abereei, 2008ko lehen hiruhilekoan jarriko zaie txertoa.


Ez da kaltegarria gizakientzat


Ez da ahaztu behar ardi-aziendaren katarro-sukarra edo mingain urdina izaneko eritasunak abereei baizik ez diela eragiten, zehazki hausnarkariei. Ez die inoiz eragiten pertsonei, eta eritasunak jotako abereen haragia edo esnea hartzeak ez du osasunerako kalterik ekartzen. Oro har, gainera, eri dagoen abererik ez da iristen kontsumitzailearengana, hiltegian abere guztien ikuskapena egiten delako eta eritasunaren sintomak izanez gero abereak baztertu eginen liratekeelako.


"Mingain urdina" eritasuna culicoides generoko eltxoek kutsatzen dute, horixe da transmisio bide bakarra. Abereak ez dira gaixotzen eri daudenekin lokal berean egoteagatik, edo jana eta ura batera hartzeagatik.


Hauek dira eritasun-fokuen kopuruak Europan: Alemania 15.864, Frantzia 6.632, Herbehereak 5.051, Belgika 4.571, Luxenburgo1.023, Erresuma Batua 37, Suitza 2 eta Danimarka 1


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa