(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Neguko bidezaintza, zirkulazio eta larrialdietako plan berezia, Belaguako mendaterako asteazkena, 2007.eko azaroak 14

Nafarroako Gobernua, Guardia Zibila, Izabako Udala, eta Sprin eta Roncalia sozietate publikoak Izaba-Frantzia (NA-1370) errepideko zirkulazioa hobetzeko koordinatuko dira


Belagua

Belagua. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak (Barne eta Herri Lan Departamentuek), Izabako Udalak, Guardia Zibilak eta Sprin eta Roncalia sozietate publikoek (Erronkaribarreko kirol eta turismo azpiegiturak sustatzen dituzten sozietateek) plan berezia hitzartu dute, datozen hilabeteetan Izaba-Frantzia errepidean (NA-1370, Belaguako mendatea) zirkulazioa zaintzeko eta neguko bidezaintzarako.


Aipaturiko eragile publikoek udazkenean egindako lanetik ondorioztatutako berrikuntza nagusia Izaba-Frantzia errepiderako eta atxikitako instalazioetarako Larrialdi Plana da, Roncalia enpresak dagoeneko abian jarri duena. Larrialdi Plan horren bidez Erronkaribarreko eremu horretan jazo daitezkeen arrisku egoeretarako protokoloa sortuko dute. Era berean, koordinatutako erakundeek hornitutako baliabide materialek eta giza baliabideek kasu bakoitzean abian jarri beharreko neurriak ere zehaztuko dituzte. Larrialdi Plan horretako burua haranean bizi den arduradun koordinatzailea izango da, eta Nafarroako Gobernuko Larrialdietako Agentziarekin harremanetan egongo da, 24 orduz eta mugikor bidez.


Larrialdi Plan horrek kontuan hartuko duen alderdietako bat Izaba-Frantzia errepideko aparkaleku eremuen banaketa eta segurtasuna izango da. Batetik, autoak eta furgonetak bide bazterrean kontrolik gabe aparkatzea saihestu nahi dute. Hori egiteak ibilgailuetako erabiltzaileei eurei ere kalteak eragin dizkie; izan ere, poliziaren edo garabiaren laguntza behar izaten dute sarritan, botatako elurraren eraginez edo elurra kentzeko makinek pilatutakoaren ondorioz autoak atera ezin dituztelako. Gainera, bide bazterrean aparkatutako ibilgailuek elurra kentzeko makinen lana oztopatzen dute, eta larrialdietako ebakuazioak ere arriskuan jar ditzakete.


Hortaz, eta aurreikuspenen arabera, Belaguako mendateko aparkaleku eremuak antolatuko dituzte; hain zuzen ere, zainpeko aparkaleku eremuak (pista bazterretan) eta aparkatzeko eremu handiak (mendateko oinaldean) sortuko dituzte. Mendateko oinaldeko aparkaleku horietatik autobusez eramango dituzte eskiatzaileak, mendizaleak eta turistak, Belaguako hainbat lekutara.


Larrialdi Planak kontuan hartuko duen beste alderdietako bat, Aretteko eski estazioko arduradunekin etengabe lankidetzan jardutea da. Estazio hori NA-1370 errepideko Frantziako aldean dago, eta lankidetzaren helburua eski eremuaren eta Nafarroaren arteko zirkulazioan etenik ez izatea izango da, eguraldi txar-txarra egiten duen egunei arreta berezia eskainiz.


Nafarroako Gobernuaren, Guardia Zibilaren eta Izabako Udalaren sostengua plan bereziari


Testuinguru horretan, Larrialdi Planak behar bezala funtzionatzeko inplikazio handiagoa izango dutela adierazi dute Nafarroako Gobernuak (Errepideen Zainketa Zerbitzua, Foru Polizia eta Nafarroako Larrialdietako Agentzia), Guardia Zibilak eta Izabako Udalak. Era berean, bitarteko gehiago eskainiko dituztela ere adierazi dute.


Hortaz, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak adierazi duenez, elurra kentzeko bi makina eta elurretako bi fresa dinamiko jardungo dira Belaguako mendateko errepidean. 7:00etatik 20:00etara jardungo dira lanean, hain zuzen, eta asteburuetan eta jaiegunetan, 6:30etik 21:00etara. Bitarteko horiek Izaban izango dute gunea, behin-behinean, baina datozen hilabeteetan, El Ferial eraikinean egokituko dute behin betiko kokalekua.


Foru Poliziak eta Guardia Zibilak, bestalde, kideak koordinatuko dituzte, Belaguako mendateko zirkulazioa etengabe zaintzeko eta aparkatzeko egokituko diren guneak behar bezala erabil daitezen zaintzeko. Asteburuetan eta jaiegunetan polizia patruilak indartuko dira, behar bezalako zerbitzua ematearren; izan ere, eski denboraldia hastearekin batera bisitari kopuruak gora egingo duela aurreikusten da.


Gainera, Izabako Udalak administrazioen arteko gestioak egingo ditu, Aretteko eski estazioko lehergailu teknikaria legez gaitzeko, Izaba-Frantzia errepideko Nafarroako aldean eta inguruetan jarduteko. Elur jausiekin edo bisutsekin lotutako arazoak lehergaiak baliatuz konpontzea da helburua.


Datorren negutik aurrera, eragile horiek guztiak (zirkulazio, neguko bidezaintza eta larrialdi arlokoak) errazago koordinatu ahal izango dira elkarren artean; izan ere, Belaguan telefonia mugikorreko hedagailu bat jarriko da, Sprin sozietate publikoak adierazi duenez.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa