(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentuak giza papilomaren birusaren aurkako txertatze kanpaina abiatu du osteguna, 2007.eko azaroak 15

Txertoa DBHko lehen mailako (12-13 urte) eta laugarren mailako (15-16 urte) neskei jarriko zaie (lehenagotik txertatu gabe daudenei), hiru dositan


vacuna papiloma

Kanpainaren irudia. ( irudia handitu )

María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilariak giza papilomaren birusaren (GPB) aurkako txertatze kanpaina aurkeztu du gaur goizean. Lehen dosia azaroko bigarren hamabostaldian jarriko zaie Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehen mailako neskei (1995eko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotakoei) eta DBHko laugarren mailakoei (1992ko urtarrilaren 1aren eta 1994ko abenduaren 31ren artean jaiotakoei). Aldez aurretik txertatu gabe daudenei, alegia.


Txertoa hiru dositan jarriko dute 2007-2008 ikasturtean. Bigarren dosia 2008ko urtarrileko bigarren hamabostaldian jarriko dute, eta hirugarrena, maiatzeko bigarren hamabostaldian.


Txertoa ikastetxeetan jarriko dute, kasuan kasuko eremuko osasun etxeko langileek. Txertoa hartzeko gurasoek sinatutako baimena beharko da. Baimen eskaria ikasleei banatuko zaie, informazio eskuorriarekin batera. Txertaketaren berri gazte bakoitzaren historia kliniko informatizatuan jasoko da, eta baita eskola liburuxkan ere, itsasgarri baten bidez.


Txertoa besoan jartzen da, eta beste txerto batzuen moduan, albo ondorio arinak izan ditzake, hala nola sukarra edo erreakzioak txertoa jarritako lekuan (gorriuneak, handituak eta mina, esate baterako).


Giza papilomaren birusa (GPB) sexu bidez kutsatzen da, eta larruazalean eta muki mintzetan izaten du eragina. Hainbat motatako birusak daude. Kutsatuz gero ez da sintomarik nabaritzen, eta kasu gehienetan, bi urte igaro baino lehen sendatzen da. Beste batzuetan, ordea, infekzioa kroniko bilaka daiteke, eta denboraren poderioz sexu organoetako garatxoak, minbizi aurreko kalteak eta minbizia eragin ditzake. Minbizirik ohikoena umetokiko lepokoa da.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa