(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak Gobernuak abian jarri du prostituzioan jarduten diren emakume etorkinei laguntzeko programa ostirala, 2007.eko azaroak 16

Gizarte arloko lantaldeak dagoeneko hasi dira lanean, kalean bertan, emakume horiei gizarte eta osasun arloko laguntza ematen eta prostituzioa utzi nahi dutenei gizarteratzeko eta laneratzeko bitartekoak eskaintzen


Nafarroako Gobernuko Erakundeekiko Harremanak eta Gobernuaren Eleduna Departamentuko Etorkinak Artatzeko Bulegoak duela egun gutxi abiatu zuen Foru Komunitatean prostituzioan jarduten diren emakume etorkinei laguntzeko eta eurengana gerturatzeko programa (prostituzio lokaletan eta etxebizitzetan edo kalean bertan jarduten diren emakumeei zuzendutakoa).


Programaren plangintza urte amaierarainokoa da, eta honako hauek ditu helburu: pertsona horien egoera zehatza eta sexu esplotazioko negozio horiek egiten diren lekuak ezagutzea; emakumeei informazioa eta gizarte eta osasun arloko laguntza ematea, euren bizi kalitatea hobetzeko; eta, azkenik, prostituzioa utzi nahi dutenei gizarteratzeko eta laneratzeko ateak zabaltzea.


Programaren beste helburuetako bat prostituten taldean eredu edo buru diren emakumeak identifikatzea da, eta azken batean, pertsona horiek baliatzea (euren borondatez) beste etorkin batzuekin harremanetan jartzeko. Horrela, Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzeko aukera izango dute; hau da, bizi kalitatea eta osasuna hobetzeko, gizarteratzeko, eta gaur egungo bizimodua alde batera uzteko aukera.


Munduko Medikuak Elkarteko gizarte arloko lantaldeak (hezitzaileek eta gizarte langileek osatutakoak) ari dira lanean Foru Komunitateko bi geografia esparrutan, batik bat: Iruñean (eta Iruñeko Eskualdean) eta Nafarroako Erriberan. Eremu horietako herrietan dagoeneko lanean ari diren gizarte zerbitzuekin (oinarrizkoekin edo elkartuekin) lankidetzan eta zerbitzu horiekin koordinatuta ari dira, eta baita helburu berak dituzten elkarteekin edo GKEekin batera ere.


Nafarroako Gobernuak etorkinak artatzeko hartuko dituen neurriak


Etorkinak Artatzeko Bulegoaren ekimen hau berehala abian jarri beharreko sei neurriko sorta baten barruan antolatu dute; irailean Alberto Catalán kontseilariak iragarri zuenez, immigrazioaren fenomenoarekin loturiko ekimen horiek gauzatzeko 265.000 euroko aurrekontua finkatu dute. Etorkinak Nafarroan artatzeko eta gizarteratzeko Ekintza Planaren baitan dauden neurriak dira, Nafarroako Gobernuak eta Estatuko Administrazio Orokorrak elkarrekin finantzatutako planaren baitan daudenak.


Sei ekimen horietako lauren helburua etorkin talde jakin batzuei arreta espezifikoa ematea da. Lehenengo hiru ekimenak abian dira, dagoeneko: prostituzioan jarduten diren emakumeak artatzeko neurri hau, gazteen bazterketa ekiditeko neurria, eta etorkinen elkarte sareari laguntzeko eta sare hori sustatzeko jardunaldiak (Iruñean egin ziren, urrian, eta Tuteran errepikatuko dituzte, datozen egunotan). Etorkinei zuzendutako laugarren ekimena laster jarriko dute abian. Etorkinekin lotutako arazoak dituzten Nafarroako herrietan egingo duten programa ibiltaria izango da; hots, hizkuntza ez jakiteagatik edo kulturen arteko talkarengatik kultura integrazioan arazoak dituzten pertsonei laguntzeko programa.


Erakundeekiko Harremanak eta Gobernuaren Eleduna Departamentuko kontseilariak udazkenean abian jarriko dituzten beste bi jardueraren berri ere eman zuen irailean; etorkin taldeen eta Nafarroako bertako herritarren artean zubiak eraikitzeko bi jardueraren berri, hain zuzen ere: Nafarroako hedabideen bitartez egingo duten sentsibilizazio kanpaina bat da, lehena; eta bigarrena, berriz, Foru Komunitateko hamar herritan kulturartekotasuna lantzeko egingo dituzten hamar lantegi. Nafar etorkinek eta Foru Komunitatean jaiotakoek elkar aberasteko topaleku izan nahi duten jarduerak dira, biak ere.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa