(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Internet eta kazetariei buruzko Lehen Jardunaldia inauguratu du Catalán kontseilariak ostirala, 2007.eko azaroak 16

Alberto Catalán Higueras Erakundeekiko Harremanak eta Gobernuaren Eleduna Departamentuko kontseilariak Informazio arloko Profesionalei begira antolatutako Lehen Jardunaldia inauguratu du, gaur goizean. "Internet, informazio iturria kazetarientzat" izeneko jardunaldia, hain zuzen.


Ezkerretik eskuinera Fátima Ruiz, Alberto Catalán eta Pello Pellejero. ( irudia handitu )

Iruñeko Prentsa Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak antolatu duten jardunaldia da. Kontseilariak adierazi duenez, Internetek eta komunikazio eta informazio arloko teknologia berriek eragindako iraultzak Foru Komunitatean ere izan du isla, eta ondorioz, teknologia berrien eta Informazioaren Gizartearen sustapenaren aldeko apustu argia egin du Nafarroako Gobernuak.


Kontseilariak zehaztu duenez, Nafarroa da Internet erabiltzen duten herritarren portzentaje altuenetakoa duen komunitatea, eta gainera, Nafarroako ia herri guztiek dute banda zabaleko konexioa (Espainiako gainerako komunitateetan ez bezala). Gainera, liburutegien %90ek Internet dute, eta 2008rako ikastetxeetako ikasgela guztiek ere izanen dute. Neurri osagarri gisa, partikularren eta tamaina txikiko eta ertaineko enpresen artean banda zabala hedatzeko diru laguntza publikoak eman ditu Nafarroako Gobernuak. "Informazioaren Gizartearen hedapena geldiezina da –esan du kontseilariak-, eta aurreikuspenen arabera, datozen bost urteetan 5.000 lanpostu sortuko dira telelanaren eta sarean lan egiteko beste modu batzuen sustapenari esker".


Gobernuaren eledunak gogora ekarri duenez, Internet informazioz hornitzen dutenei zuzendutako lehen urratsa emateko aukera aztertu dute Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Prentsa Elkarteak. Izan ere, azkeneko urteetan garrantzi handiko hedabide bilakatu da Internet. Kontseilariak esan duenez, gainera, erraza da Interneten sartzea eta erabiltzea, eduki malguak ditu, eta informazioa etengabe berritzen da.

Kazetarientzako jardunaldiaren helburuetako bat Internet sakon aztertzea da, edozein gairi buruzko egiazko informazioa aurkitzeko. Alberto Catalánek adierazi duenez, zehaztasuna eta informazioaren presakotasuna bateratu behar izaten dituzte kazetariek, eta sarritan hori egitea zaila da; izan ere, "kazetariak izen ona izango badu, eskaintzen duen informazioak egiazkoa eta egiaztatua izan behar du".


Jardunaldiko mintzaldi bakoitzeko helburu orokorrak aipatu ditu kontseilariak, eta ondoren, txostengileak mintzatu dira. Ramón Salaverríak, Nafarroako Unibertsitateko Multimedia Komunikazioko Laborategiko zuzendariak, Interneten informazio erabilgarria, eraginkorra eta fidagarria aurkitzeko bideei buruz hitz egin du. Itzal handiena duten 500 espainiarren artean kokatu du aurten Ramón Salaverría "El Mundo" egunkariak; hain zuen, Interneteko Top 25 sailkapen zerrendan sartu du.


Noelia Fernández Arroyo, Yahoo! Españaren sortzailea eta zuzendari nagusia, bilatzaileen antolakuntzari buruz mintzatu da, eta web 2.0 edo gizarte Interneta izeneko fenomeno berriari, blog-en hedapenari, eta erabiltzaileek sortutako informazioa erabiltzeko eta balioztatzeko moduari buruz ere hitz egin du. Berriki, negozioen munduan itzal handiena duten 35 urtetik beherako 35 emakumeen zerrendan sartu du Noelia Fernández World Business Magazine aldizkariak.


Gaurko jardunaldiko txostengileetako bat Pello Pellejero Goñi izan da, Komunikazioko Zuzendaritza Nagusian lan egiten duen kazetaria. Nafarroako Gobernuko www.navarra.es webguneko informazioaren ugaritasuna aztertu du Pellok Pellejerok, eta adierazi duenez, informazioa aurkitzeko edo zalantzak argitzeko erabil dezakete webgune hori kazetariek. Alberto Catalánek gogorarazi duenez, berriz, Nafarroako Gobernua etengabe ari da orrialde hori hobetzen, eta orain arte egindako ahaleginaren ondorioz, egunean bisitari gehien izaten dituen web instituzionala da. 2007ko urtarriletik urrira, hain zuzen ere, 1.700.000 bisitaritik gora izan ditu Nafarroako Gobernuko webguneak, eta bertako berrogei milioi orrialdetik gora bistaratu dituzte.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa