Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Publizitate kanpainaren lelo nagusia "Berdinak gara. Desberdinak gara. Pertsonak gara" da , eta bihar hasi eta urtea amaitu arte izanen da irratian, prentsan, telebistan eta zinema aretoetan.
Iragarkia.
(
irudia handitu
)
Alberto Catalán Higueras Erakundeekiko Harremanak eta Gobernuaren Eleduna Departamentuko kontseilariak eta Mª Jesús Vicente Goicoechea Departamentu horri atxikitako Etorkinak Artatzeko Bulegoko koordinatzaileak migrazio fenomenoari buruz kontzientziazio eta sentikortze kanpaina aurkeztu dute gaur goizean. Nafarroako Gobernuak bihar jarriko du abian kanpaina hori, Nafarroako hedabideetan eta zinema aretoetan.
Sentikortze kanpaina horrek 200.000 euroko inbertsioa izango du, eta joan den irailean Alberto Catalán kontseilari-eledunak migrazio fenomenoaren gainean iragarritako berehalako sei neurrietako bat da. Neurri horiek etorkinak Nafarroan artatzeko eta gizarteratzeko Ekintza Planaren baitan daude; hots, Nafarroako Gobernuak eta Estatutako Administrazio Orokorrak finantzatu duten Ekintza Planaren baitan. Etorkinak Artatzeko Bulegoa ari da neurri horiek kudeatzen.
Aipaturiko sei neurri horietako lehenengo hiruen helburua etorkin taldeen eta Nafarroako bertako herritarren artean zubiak eraikitzea da: lehenengo neurria gaur goizean aurkeztu duten sentikortze kanpaina da; bigarrena, berriz, Foru Komunitateko hamar herritan kulturartekotasuna lantzeko eginen diren hamar tailer, Nafarroako herritar etorkinek eta Foru Komunitatean jaiotako herritarrek elkar aberasteko topaleku izan nahi dutenak; hirugarrena, bestalde, etorkinen eta bertako herritarren arteko elkarguneak (sukaldaritza, kultura edo kirol arloko jardunaldiak, besteak beste) sortzea helburu duen programa ibiltaria dira.
Gainerako hiru neurrien helburua hainbat talderi berariazko laguntza ematea eta etorkin taldeen beharrizanak ezagutzea izango da. Neurri horiek guztiak abian dira dagoeneko: prostituzioan ari diren emakumeak artatzeko proiektua; gazteen bazterketaren aurka borrokatzeko programa; eta etorkinen elkarte sareari laguntzeko eta sare hori sustatzeko jardunaldiak (Iruñean, urrian egin ziren, eta aste honetan bertan jarri dituzte abian Tuteran).