(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Larrialdien Agentziak jardunaldi ireki bat egin du, gaur, Altsasun astelehena, 2007.eko azaroak 26

Arratsaldean, Foruzaingoak hitzaldi-elkarrizketa bat egingo du. Elizondon, polizia talde horrek Baztanen gauzatzen duen jarduerari eta daukan hedapenari buruz


Istripu-simulazioa.

Istripu-simulazioa. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak 2007ko Nafarroaren Egunari begira prestatu duen egitaraua gaur goizean hasi da, 9:30ean, Altsasun; Nafarroako Larrialdien Agentziaren (NLA) jardunaldi ireki bat izan da, zehazki, eta Iortia Kultur Etxean eta eraikina dagoen plazan egin dute.


Jardunaldi ireki horretan larrialdietako 40 kidek parte hartu dute: NLAko 12 suhiltzailek, basorako ponpa astun batekin, beso artikulatu batekin, polibeso batekin eta uretako erreskate ontzi batekin; Nafarroako Erreskate-zakurren Taldeko 3 boluntariok eta beste hainbeste zakurrek; Nafarroako Gurutze Gorriko 10 kidek, bi anbulantziarekin eta kanpadenda erietxe batekin; eta DYA-Sakanako beste 15 kide, bi anbulantziarekin, kanpo argiztapeneko ibilgailu batekin eta beste kanpadenda erietxe batekin. Nafarroako Gobernuaren helikoptero medikalizagarria ere eraman dute Altsasura.

Ekimenak Altsasun izan duen harrera ikusita, bi txanda antolatu behar izan dituzte jendeak Iortia Kultur Etxean prestatutako programan parte har zezan: lehenengo txanda 9:30ean izan da, eta bigarrena, 11:45ean. Lehenengo txandan eskola umeek parte hartu dute, batez ere. Izan ere, programan parte hartzeko gonbita jasoa zuten herriko ikastetxeek, Zelandi Ikastetxe Publikoak, Iñigo Arista Ikastolak eta Korazonisten Ikastetxeak. Bigarren hitzorduan, berriz, "La Unión" erretirodunen elkarteko kideei eta interesa zuten gainerako herritarrei eman diete aukera.
Istripu-simulazioa.

Umeak bihotza suspertzeko lantegian. ( irudia handitu )

Bi txandetarako egitarau bera prestatu dute: Josemi Larrea suhiltzaileen ofizialordeak bisitariei harrera egin die Iortiako auditoriumean, eta bisitariek NLA sustatzeko bideo bat ikusi dute; galderak egiteko tarte bat utzi diete, eta, ondoren, parte-hartzaileek ekitaldi honetarako bereziki prestaturiko materialen eta kartelen erakusketa ikusi dute (Gurutze Gorriak eta DYAk bihotza suspertzeko lantegiak antolatu dituzte beren kanpadenda erietxeetan). Kanpoan, larrialdi simulazio bat ikusi dute, eta, kultur etxean bertan, mendiko erreskate bat; istripu simulazio bat ere izan da. Simulazioan Suhiltzaile Zerbitzuak eta DYA eta Gurutze Gorria elkarteek, gaur Altsasun egindako jardunaldiaren babesleek, parte hartu dute.


Gaur arratsaldean, Foruzaingoaren hitzaldia, Elizondon


Altsasukoa ez da izan 2007ko Nafarroaren Eguna dela-eta gaur egin den ekitaldi bakarra, ordea. Izan ere, eta herritarren segurtasunaren esparruan, Nafarroako Gobernuak beste ekitaldi bat antolatu du gaurko, 19:30erako, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean (Baztan), hain zuzen ere; parte-hartzea librea izango da.


Elizondoko polizia etxeko ardura duen inspektoreak hitzaldi-elkarrizketa bat egingo du, polizia talde horretako beste buruzagi batzuekin; zehazki, polizia etxe berri horren hedapena izango dute hizpide, eta baita polizia etxe horrek bideratzen dituen jarduerak ere, honako hiru arlo hauei dagokienez nagusiki: zirkulazioa eta errepide segurtasuna (Iruñea-Behobia, N-121-A errepideko jarduera berezia); herritarren segurtasuna (prebentziozko zaintza, eta etxe eta baserri bakartuetan lapurretak saihesteko herritarrentzako aholku bereziak); eta polizia judizialak delituen jazarpenari begira egiten dituen jarduerak (lapurretei eta drogei dagozkienak, nagusiki)


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa