(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak eta Errege Bardeako Batzordeak hitzarmena sinatu dute, nekazaritza eta abeltzaintza aprobetxamenduen sistema antolatua ezartzeko ostirala, 2007.eko abenduak 7

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak eta Nafarroako Errege Bardeako Batzordeak hitzarmena sinatu dute, nekazaritza eta abeltzaintza aprobetxamenduen sistema antolatua ezartzeko. Horretarako, laborantza eskubideak berrantolatzeko proiektua eta higiene-osasun arloko neurrien Plan Orokorra idatzi beharko dituzte. Era berean, eskorta pilotuaren eredua finkatzeko azterlana egin beharko dute.


Proiektuetarako beharrezkoa den zenbatekoaren %50 Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak emanen du (150.000 euro gehienez ere), eta gainerako gastuak Batzordeak ordainduko ditu.


Hitzarmena Jesús Mª Echeverría Azcona Landa Garapeneko zuzendari nagusiak eta José Antonio Gayarre Bermejo Errege Bardeako Batzordeko presidenteak sinatu dute, eta berorri jarraiki, "banan-banako erabilerako abere barrutiak" ezartzeko eta Errege Bardeako laborantza eskubideak berrantolatzeko sistema sortu nahi dute, nekazari eta abeltzainek modu koordinatuan lan egin ahal izan dezaten.


Zehazki, Mélida – Zarrakazteluko Lautada eta Bardea Zuria (Erdigunea) barne hartuko ditu Errege Bardeako laborantza eskubideak berrantolatzeko proiektuak (lehen batean behintzat). Berrantolaketarako honako hauek hartu beharko dituzte kontuan: habitataren ingurumen kalitatea hobetzea, eta lehendik dauden laborantza lursailen egitura arrazoizko bihurtzea. Kontua ez da, beraz, lursailak berrantolatzea, berriro kokatzea baizik, eta horretarako, lursailak trukatu beharko dituzte lantzen dituztenek, abere barruti bakoitzean ahalik eta laborari gutxien izatea ahalbidetzearren.


Bestalde, hitzarmenari jarraiki, higiene-osasun arloko neurrien Plan Orokorra idatziko dute. Ildo horretan, kontuan izan beharrekoa da abeltzaintza aprobetxamendua dela Errege Bardeako zaharrena. Gainera, abeltzaintza jarduera ia ez da aldatu azkeneko mendeetan, eta "a la revuelta" esan ohi dioten artzaintzak bere horretan dirau. Hartara, artzain bakoitzak nahi duen eremuan larreratu dezake artaldea, eta hutsik dagoen edozein eskorta edo hesi erabil dezake. Horren guztiaren ondorioz, beharrezkoa da eskorta eta hesien, putzu eta asken, eta abere bizi eta hilen higiene eta osasun arloko kontrolerako plan orokorra egitea.


Horri guztiari hitzarmenaren beste atal bat gehitu behar zaio, eskorta pilotuaren eredua finkatzeko azterlana egiteari dagokiona. Hain zuzen, abere barruti bakoitzeko eraikin eredua zehaztuko dute, eta lehen batean, abelburuetarako habeartea eta lehengaietarako biltegia (pentsua eta lastoa) izanen ditu. Azterlanak, gainera, honako hauek zehaztuko ditu: eraikuntza materiala, habeartearen aireztapena, ganbela eta urasken diseinua, argiztapen artifiziala, eta begi inpaktuaren gaineko ingurumen neurriak (begi inpaktua dela-eta, hain zuzen, beharrezkoa da eraikinen kokalekua eta norabidea eta eraikuntza materialak aztertzea).


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa