(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gas Navarra S.A. enpresari diru laguntza emateko baimena eman du Nafarroako Gobernuak, Lesaka-Sunbilla-Doneztebe-Bertizarana-Baztan gasbidea eraikitzeko astelehena, 2007.eko abenduak 10

Nafarroako Gobernuak baimena eman du, hitzarmen bidez, Gas Navarra S.A. enpresari 5.717.200 €ko diru laguntza emateko, Lesaka-Sunbilla-Doneztebe-Bertizarana-Baztan gasbidea eraikitzeko. Diru laguntza Enpresaren Zuzendaritza Nagusiak emanen du.


Baimen hori beharrezkoa da; izan ere, hainbat urtean egin beharreko gastua izanen da. Hain zuzen ere, 3,1 milioi € 2007ko ekitalditik ordainduko dituzte; 515.200 € 2008ko aurrekontuetatik; eta 2 milioi € 2009koetatik.


Energia Planaren esparruan, elektrizitate eta gas sareen garapena funtsezkoa da hornidura bermatzeko eta erabiltzaileei hainbat energia eskaini ahal izateko. Gas Navarra S.A. enpresa 1985. urteaz geroztik ari da Foru Komunitatean etxeetako eta merkataritza eta industria arloko hornidura egiten, eta Planaren indarraldian, hainbat esku-hartze aurreikusten ditu Nafarroako zenbait lekutan.


Baztan gasez hornitzeko proiektuaren baitan, lehendik dagoen gas sarearekin lotzeko adarra eraikitzea aurreikusten dute, eta baita banaketa sareak eta harguneak egitea ere, honako udalerri hauetarako: Sunbilla, Doneztebe, Legasako herrigunea (Aceralia), Narbarte, Arraioz, Oieregi, Oronoz-Mugairi, Irurita, Elizondo eta Elbete.


Egin beharreko inbertsioak udalerri horiek lehendik dagoen gas sarearekin lotzeko adarra eta banaketa sareak eta harguneak egiteko izanen dira. Era berean, inbertsio osagarriak ere eginen dituzte, kontagailu edo taldeko instalazioetarako, besteak beste.


Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak komenigarritzat jo du proiektuaren finantzaketan parte hartzea, onuragarria izanen baita aipaturiko zonalderako. Esate baterako, petrolioaren eratorriak erabiltzen dituzten enpresei hain kutsatzailea ez den erregaia eskaintzea ahalbidetuko du; era berean, eskaintza anitzagoa izanen da, eta ondorioz, hornidura seguruagoa. Gaur egun, errepidez garraiatutako gas natural likidotua erabiltzen dute enpresa batzuek, eta beraz, hornidurako segurtasuna txikiagoa da; gainera, kostua gasbidez hornitutako gasarena baino handiagoa da (%10 garestiagoa, gutxi gorabehera). Bestalde, herrigune nagusietako etxebizitza eta dendetan gas naturala erabiltzea ere ahalbidetuko du proiektuak, lehen eta bigarren mailako sareak eraikiko baitituzte horretarako.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa