(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Abenduaren 13an eta 14an UNICEFen Gabonetako Kontzertua eginen dute, Baluarten asteartea, 2007.eko abenduak 11

Bildutako dirua GIB/HIESa duten haurrak babesteko programetarako emanen dute


Abenduaren 13an eta 14an UNICEFen Gabonetako Kontzertua eginen dute, Baluarten, 20:00etan. Emanaldiak Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eskainiko ditu, Phillip Picketten zuzendaritzapean. Honako lan hauek izanen dira entzungai: L.V. Beethovenen "Coriolano-Obertura, Op. 62", "Piano eta orkestrarako 3. kontzertua, do minorrean, Op. 37", eta "8. sinfonia, fa maiorrean, Op. 93". Bakarlari gisa, Jean-Phillipe Collard pianista jardunen da.


Sarrerak UNICEFen Iruñeko bulegoan eros daitezke (Aita Calatayud kaleko 17a. Telefonoa: 948 22 83 48). Aretoko eserlekuen salneurria 35 eurokoa da, eta palkokoena, 25 eurokoa. Kontzertura joan ezin arren zero ilarako dohaintzarik egin nahi dutenek, berriz, UNICEFen bi banku kontu hauek erabil ditzakete: 2054 0000 49 9143206423 (Nafarroako Aurrezki Kutxa), eta 3008 0001 11 1473145314 (Rural Kutxa).


Kontzertua Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Nafarroako UNICEFek antolatu dute, eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak finantzatu du (21.249 €ko diru laguntzarekin eta 7.840 €ko ekarpenarekin, hurrenez hurren).


Aurreko urteetan bezalaxe, UNICEFen Gabonetako Kontzertuaren helburu orokorrak honako hauek dira: nafarrak sentikortzea, garatzen ari diren herrialdeetako haurren egoerari buruz; UNICEFek haur horien alde egiten duen lanaren berri ematea; eta behar handia duten haurrekiko elkartasuna sustatzea nafarrengan.


Aurten bildutako dirua GIB/HIESa duten haurrak babesteko UNICEFek egiten dituen programetarako emanen dute, bereziki Saharaz hegoaldeko Afrika astintzen duen pandemiaren aurka borrokatzeko. Ildo horretan, "Haurren alde eta HIESAren aurka elkartuta" kanpaina egiten ari da UNICEF, mundu osoan.


Egunero 1.000 haur hiltzen dira munduan, GIB/HIESa dela-eta


UNICEFen "Haurren alde eta HIESaren aurka elkartuta" programaren helburuetako bat mundu osoko biztanleei HIESak haurrengan duen eragin zehatzaren gaineko kontzientzia harraraztea da. Izan ere, bestela ezin izanen da bete Milurteko Garapenerako 6. Helburua; hots, gaixotasunaren hedapena geldiaraztea eta atzera egiten hastea, 2015. urteari begira. GIB/HIESaren gaineko helburu hori ez betetzeak Garapenerako gainerako Helburuekin aurrera egiteko aukeretan eragina izanen du, mundu osoan. Muturreko txirotasunari eta goseari aurre egiteko, mundu osoan lehen hezkuntza eskaintzeko, hildako haurren kopurua txikitzeko, eta amen osasuna hobetzeko ahaleginak egiten ari dira, baina GIB/HIESak, oraindik ere, zapuztu egiten ditu ahalegin horiek. Ildo horretan, nabarmentzekoa da GIB/HIESak munduko beste edozein lekutan baino lagun gehiagoren heriotza eragin duela Saharaz hegoaldeko Afrikan. Pandemiak eragindako umezurtz gehienak eta haren kalteak jasaten dituzten haur gehienak ere zonalde horretan daude.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa